Rol jokoan Erdi Aroko Euskal Herrian

  • 209 hitz
  • Albistea entzun

Eneko Azedok Adur rol jokoa sortu du, Euskal Herriko Erdi Aroan oinarrituta. Euskaraz istorioak asmatzea da jokoaren helburua, Erdi Aroko historia eta pertsonaia mitologikoak ezagutaraziz.

«Askotan beste hizkuntza batzuetakoak hartzen ibiltzen gara, moldatzen... Garrantzitsua da gure jolasak edukitzea euskaraz, eta euskaraz jokatzea», uste du Eneko Azedok, Adur rol jokoaren egileak. Beste hainbat laguntzaile izan ditu liburua sortzeko prozesuan: Imanol Etxeberria ari da marrazkiak egiten, eta Eneko Sanchez, berriz, editore lanetan.

«Jokoa hitz egitean datza, elkarrizketa bat sortzean, non gidariak egoera bat azaltzen duen, eta jokalariek erabakitzen duten egoera horretan bere pertsonaiak zer egingo duen, denen artean istorio bat asmatuta». Launaka edo bosnaka aritzeko modukoa da jokoa.

Euskal Herriko Erdi Aroan girotuta dago jokoa, eta euskal mitologiako pertsonaiak gozpuzten dituzte jokalariek: laminak, Mari, jentilak... Historiako gertaerak eta gertaera miresgarriak nahasten dira, eta horiei nola aurre egin erabaki behar dute protagonistek.

Rol jokoen goraldia

Liburua berria da, baina jokoa 1990eko hamarkadan sortu zuen. Lagunekin aritu izan da ordutik: «Garai hartan, rol jokoak ez ziren oso ezagunak: oso jende gutxi ibiltzen ginen». Orain, ordea, ezagunagoak direla dio, eta horregatik erabaki duela liburua sortzea.

Gero eta euskaldun gehiago ibiltzen dira rol jokoetan; komunitate bat osatu dute jadanik. Saretuta daude dagoeneko, Azedoren arabera: «Telegramen talde bat daukagu, eta 40 pertsona inguru gaude bertan; astero egiten ditugu partidak, hitz egin, eta egitasmoak prestatzen ditugu».

Uste du pandemiak lagundu egin duela jende gehiago parte hartzera animatu dadin. Izan ere, online aritzeko aukera dago.

Jatorrizko artikuluak