Aplikazio batzuekin kateatuta

  • 940 hitz

Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiak unibertsitate ikasleen kontsumo joeren inguruko txosten batzuk argitaratu ditu. Datuek erakusten dute gazteek sarri erabiltzen dituztela Tiktok, Instagram, Youtube eta Spotify.

«Unibertsitateko ikasle askok aipatu digute azkenaldian mendekotasuna dutela, eta horretaz ohartzen dira ordu asko pasatzen dituztela pantailaren aurrean». Ane Zugaza Ikusikerreko ikerlariaren hitzak dira. Ikus-entzunezkoen behategi bat da Ikusiker. Gazteek ikus-entzunezkoak ikusteko eta IKT Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituen behategia da, funtsean. EHU, EITB, Tabakalera eta Kulturaren Euskal Behatokiaren arteko elkarlanaren fruitu da. Azkeneko hilabeteetan, Zugaza bera, Edorta Arana EHUko irakaslea eta Garazi Sanchez EHUko irakaslea ari dira gazteen kontsumo joerak aztertzen. Inkestak egin eta datuak landu ostean, txosten batzuk argitaratu dituzte.


Begi bistakoa da sakelako telefonoaren pantailari begira pasatzen dituztela gazteek ordu asko. Baina zer aplikaziotan? «Azken urtetik hona, Tiktok sare soziala goraldian da», dio Zugazak. «Inkesta guztietan, gazteei galdetzen diegu zein den erabili duten azkeneko sare soziala. Youtube eta Instagram daude oraindik lehenengo bi tokietan, baina Tiktok aplikazioak gorantz egin du, eta hirugarren tokian da». Datuek diote neskek gehiago erabiltzen dutela Tiktok mutilek baino. Bestalde, Tiktok aplikazioa dutenen ehuneko handi batek egunero erabiltzen du. «Hasiak gara ikasleekin elkarrizketa sakonagoak egiten, eta adikzioa eta horren moduko hitzak agertzen dira Tiktok eta beste aplikazio batzuez mintzatzen direnean». Bideoak sareratzeko, ordea, gutxiago erabiltzen dute Tiktok. «Kontsumitzaile sutsuak dira, baina ez hain sortzaileak».

«Tiktoken eta sare sozial guztietan, euskararen presentzia nahiko apala da»

Ane Zugaza (Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko kidea)

Euskararen presentziari dagokionez, datuak ez dira onak. «Tiktoken eta sare sozial guztietan, euskararen presentzia nahiko apala da». Datuek diote gazteek telebistan euskarazko eduki gehiago kontsumitzen dituztela Interneten baino. «Arreta pizten duen datua da».

Algoritmoen menpe

Youtuberi buruzkoa da Ikusikerrek argitaratu duen beste txosten bat. «Kasu horretan, mutilek gehiago jarraitzen diete youtuberrei eta gamerrei; eta neskek gehiago erabiltzen dute musika entzuteko. Gainera, mutilek kirol gaien inguruan informatzeko ere erabiltzen dute». Hego Euskal Herriko unibertsitate ikasleen erdiek baino zertxobait gehiagok Youtubek berak egiten dizkion gomendioak baliatzen dituzte bideoak aukeratzeko. Hori jakinik, algoritmoen menpe daudela ondorioztatu al daiteke? «Bai, halako zerbait esan daiteke», uste du Zugazak. «Erabiltzaile gazteek ez diete hainbeste kasurik egiten lagunen edo senideen gomendioei, baizik eta aplikazioan sartu eta han agertzen den proposamenari egiten diote kasu. Beraz, esan daiteke algoritmoen menpe daudela».

Beste aplikazio batzuk nagusiki sakelako telefonoan erabiltzen dituzte gazteek. Baina Youtuberen kontsumoan, ordenagailu eramangarria ageri da inkestetan. «Youtube erabiltzeko orduan, pare-parean daude sakelako telefonoa eta ordenagailu eramangarria».

Euskararen presentzia ere txikia da Youtubeko kontsumoan. «Youtuben bideoak gaztelaniaz ikusten dituzte gutxi gorabehera lautik hiruk; ingelesezkoak ikusten dituzte %20k; eta, gero, bestelako hizkuntzak daude; tartean, euskara».

 ETB1 katea bosgarren tokian dago unibertsitateko ikasleen artean: ez da %10era iristen.

Youtuberi eskainitako txostenean, telebistaren kontsumoarekin lotutako datu batzuk jaso dituzte. «Txostenean ikusten denez, neskek asko ikusten dute Tele5 katea; nesken lautik batek horixe aipatzen du telebista tradizionalaren azken kontsumoari buruz galdetutakoan». La1 kateari dagokionez, berriz, orekatuagoa da kontsumoa mutilen eta nesken datuak kontuan hartuta. ETB1 katea bosgarren tokian dago unibertsitateko ikasleen artean: ez da %10era iristen. «Hala ere, telebistan euskararen presentzia handiagoa da Interneten baino. Algoritmoaren kontra, nolabait esateko».

Musika eta podcastak

Ikusikerreko inkestek gazteen kontsumo joeren beste ondorio batzuk ere plazaratu dituzte. Kasurako, gazteek batez ere Spotifyn eta halako plataformetan entzuten dute musika. «Irratia askoz gutxiago erabiltzen dute musika entzuteko», dio Zugazak. Azkeneko urteetan, Spotify audio plataformak goranzko joera izan du, eta nagusi da gazteen artean. «Ez du lehiakide argirik. Plataformen artean, %80ren bueltan dago Spotify. Eta oso urrun gelditzen da Youtube musika entzuteko: %10 gutxi gorabehera».

Podcastei dagokienez ere, unibertsitateko ikasle askok Spotify eta horren moduko plataformak erabiltzen dituzte horiek entzuteko. «Egia da podcastak inoiz entzuten ez dituztenak %30 inguru direla. Aldiz, maiztasunari dagokionez, gainontzekoen artean aldeak daude; noizean behin podcastak entzuten dituztenak gehiago dira egunero entzuten dituztenak baino».

«Unibertsitateko ikasleek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak. Batzuk hasiak dira kontsumoa mugatzeko tresnak erabiltzen»

Ane Zugaza (Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko kidea)

Aplikazio eta zerbitzu digital guztien kontsumoa aintzat hartuz gero, Ikusikerreko ikertzaileek ondorioztatu dute Interneteko sare sozialek presentzia «oso handia» dutela gazteen bizitzan. «Egunero erabiltzen dituzte, eta gazteetako batzuk hasiak dira kontsumoa mugatzeko tresnak erabiltzen».

Euskararen presentzia, berriz, txikia da eremu digital horretan. Oso txikia, datuek diotenaren arabera. «Kasu askotan, euskararen presentzia ez da %1era iristen. Galdetzen diegu ea zer hizkuntzatan egin duten azken kontsumoa, eta inkesta batzuetan %1 baino txikiagoa da euskararen hautua». Horrek baditu hainbat arrazoi. «Batetik, harreman oso zuzena du euskaraz sortzen diren edukien kopuruarekin, eta, bestetik, gazte askok aipatzen dute ez dutela ezagutzen euskaraz ari diren sortzailerik. Eta ezagutzen badituzte, oso noizbehinka ateratzen zaizkiela». Horri aurre egitea ez da erraza. «Eta ez dakit algoritmoen kontrako borroka batean sartu behar den, edo zein den errezeta magikoa», ohartarazi du Zugazak.

X eta plataforma digitalak

Ikusiker behategiko txosten guztiak haien webgunean irakurri eta deskarga daitezke. Hain justu, egunotan X sare sozialaren eta streaming plataformen inguruko azken inkesta plazaratu dute.

X sare sozialari buruzko ondorioetan, ageri da mutil gehiagok dutela kontu publikoa neskek baino: %23,9 eta %10,5, hurrenez hurren. Era berean, mutilek maizago erabiltzen dute X: kontua duten mutilen %29,2k erabiltzen dute egunero, eta nesken %13,3k baino ez. Lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusten dituzte X-ko edukiak. Maiztasunari dagokionez, dena den, inoiz erabiltzen ez dutenen kopurua hazten ari da. Txioak idazteko hizkuntza hautuari dagokionez, ikasleen %40k «ia beti» gaztelaniaz idazten dituzte, eta %11,6k euskara ere darabilte, «baina gaztelania baino gutxiago».

Streaming plataformetan, Netflix da kasu bakarra non ikasleen Askotan erabiltzen dut aukera Ez daukat kategoriari gailentzen zaion. Lau ikasletik batek egunero erabiltzen ditu streaming plataformak; apur bat gehiago, ikasleen %30 inguruk. Netflixen ostean, Amazon Prime Video da gazteek gehien ikusten duten plataforma.

Hiru ikasletik bik gaztelaniaz jartzen dute edukien audioa plataformetan. Ondotik datoz edukiak ingelesez ikusteko hautua egiten dutenak: %22. Ikasleen %46,4k ez dituzte azpidatziak erabiltzen ikus-entzunezkoen kontsumoan. Azpidatziak jartzen dituztenen artean, %24,4k gaztelaniazko azpidatziak jartzen dituzte, eta %20,1ek, ingelesez. Euskararen aukera %0,3ra mugatzen da.

Dena den, eremu digitaleko kontsumo guztietan zera errepikatzen da: euskarazko edukien kontsumoa oso-oso txikia da.

Jatorrizko artikuluak