Aplikazio batzuekin kateatuta

Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiak unibertsitate ikasleen kontsumo joeren txosten berriak argitaratu ditu. Gazteek Tiktok, Instagram, Youtube eta Spotify sarri erabiltzen dutela erakusten dute datuek.

Gazte batzuk aplikazio digitalak erabiltzen. BERRIA
Gazte batzuk aplikazio digitalak erabiltzen. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Unibertsitateko ikasle askok aipatu digute azkenaldian mendekotasuna dutela, eta horretaz ohartzen dira. Ordu asko pasatzen dituztela pantailaren aurrean». Ane Zugaza Ikusikerreko ikerlariaren hitzak dira. Ikus-entzunezkoen behategia da Ikusiker. Gazteek ikus-entzunezkoak ikusteko eta IKT Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituen behategia da, funtsean. EHU, EITB, Tabakalera eta Kulturaren Euskal Behatokiaren arteko elkarlanaren fruitu da. Azkeneko hilabeteetan, Zugaza bera, Edorta Arana EHUko irakaslea eta Garazi Sanchez EHUko irakaslea ari dira gazteen kontsumo joerak aztertzen. Inkestak egin, eta datuak landu ostean, txostenak argitaratu dituzte.

Begi bistakoa da sakelako telefonoaren pantailari begira pasatzen dituztela gazteek ordu asko. Baina zer aplikaziotan? «Azken urtetik hona, Tiktok sare soziala goraldian da», dio Zugazak. «Inkesta guztietan gazteei galdetzen diegu zein den erabili duten azkeneko sare soziala. Youtube eta Instagram daude oraindik lehenengo bi tokietan, baina Tiktok aplikazioak gorantz egin du, eta hirugarren tokian da». Datuek diote neskek gehiago erabiltzen dutela Tiktok mutilek baino. Bestetik, Tiktok aplikazioa dutenen ehuneko handi batek egunero erabiltzen du. «Hasiak gara ikasleekin elkarrizketa sakonagoak egiten, eta adikzioa eta horren moduko hitzak agertzen dira Tiktok eta beste aplikazio batzuez mintzatzen direnean». Bideoak igotzeko, ordea, gutxiago erabiltzen dute Tiktok. «Kontsumitzaile sutsuak dira, baina ez hain sortzaileak».

«Tiktoken eta sare sozial guztietan euskararen presentzia nahiko apala da»

ANE ZUGAZAIkusiker ikus-entzunezkoen behategiko kidea

Euskararen presentziari dagokionez, datuak ez dira baikorrak. «Tiktoken eta sare sozial guztietan euskararen presentzia nahiko apala da». Datuek diote gazteek telebista konbentzionalean euskarazko eduki gehiago kontsumitzen dituztela Interneten baino. «Arreta pizten duen datua da».

Algoritmoen menpe

Youtuberi buruzkoa da Ikusikerrek argitaratu duen beste txosten bat. «Kasu horretan, mutilek gehiago jarraitzen dituzte youtuberrak eta gamerrak; eta neskek gehiago erabiltzen dute musika entzuteko. Gainera, mutilek kirol gaien inguruan informatzeko ere erabiltzen dute». Hego Euskal Herriko unibertsitateko ikasleen erdiek baino zertxobait gehiagok Youtubek berak egiten dizkion gomendioak baliatzen dituzte bideoak aukeratzeko. Hori jakinik, algoritmoen menpe daudela ondorioztatu al daiteke? «Bai, halako zerbait esan daiteke», uste du Zugazak. «Erabiltzaile gazteek ez diete hainbeste kasurik egiten lagunen edo senideen gomendioei, baizik eta aplikazioan sartu eta han agertzen den proposamenari egiten diote kasu. Beraz, esan daiteke algoritmoen menpe daudela».

Beste aplikazio batzuen kontsumoa nagusiki sakelako telefonoetan egiten dute gazteek. Baina Youtuberen kontsumoan, ordenagailu eramangarria ageri da inkestetan. «Youtube erabiltzeko orduan, pare-parean daude sakelako telefonoa eta ordenagailu eramangarria».

Euskararen presentzia ere txikia da Youtubeko kontsumoan. «Youtuben bideoak gaztelaniaz ikusten dituzte gutxi gorabehera lautik hiruk; ingelesezkoak ikusten dituzte %20k; eta, gero, bestelako hizkuntzak daude; tartean, euskara».

Youtuberi eskainitako txostenean jaso dituzte telebista konbentzionalaren kontsumoarekin lotutako datu batzuk. «Txostenean ikusten denez, neskek asko ikusten dute Tele5 katea; nesken lautik batek horixe aipatzen du telebista tradizionalaren azken kontsumoari buruz galdetutakoan». La1 kateari dagokionez, berriz, orekatuagoa da kontsumoa mutilen eta nesken datuak kontuan hartuta. ETB1 katea bosgarren tokian dago unibertsitateko ikasleen artean: ez da %10era iristen. «Hala ere, telebistan euskararen presentzia handiagoa da Interneten baino. Algoritmoaren kontra, nolabait esateko».

Musika eta podcastak

Ikusikerreko inkestek gazteen kontsumo joeren beste ondorio batzuk ere plazaratu dituzte. Kasurako, gazteek batez ere Spotifyn eta halako plataformetan entzuten dute musika. «Irratia askoz gutxiago erabiltzen dute musika entzuteko», dio Zugazak. Azkeneko urteetan, Spotify audio plataformak goranzko joera izan du, eta nagusi da gazteen artean. «Ez du lehiakide argirik. Plataformen artean, %80ren bueltan dago Spotify. Eta oso urrun gelditzen da Youtube musika entzuteko: %10 gutxi gorabehera».

Podcastei dagokienez ere, unibertsitateko ikasle askok Spotify eta horren moduko plataformak erabiltzen dituzte horiek entzuteko. «Egia da podcastak inoiz entzuten ez dituztenak %30 inguru direla. Aldiz, maiztasunari dagokionez, gainontzekoen artean aldeak daude; noizean behin podcastak entzuten dituztenak gehiago dira egunero entzuten dituztenak baino».

«Unibertsitateko ikasleek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak. Batzuk hasiak dira kontsumoa mugatzeko tresnak erabiltzen»

ANE ZUGAZAIkusiker behategiko ikerlaria

Aplikazio eta zerbitzu digital guztien kontsumoa aintzat hartuz gero, Ikusikerreko ikertzaileek ondorioztatu dute Interneteko sare sozialek  presentzia «oso handia» dutela gazteen bizitzan. «Egunero erabiltzen dituzte, eta gazteetako batzuk hasiak dira kontsumoa mugatzeko tresnak erabiltzen».

Euskararen presentzia eremu digital horretan, berriz, txikia da. Oso txikia, datuek diotenaren arabera. «Kasu askotan euskararen presentzia ez da %1era iristen. Galdetzen diegu ea zein hizkuntzatan egin duten azken kontsumoa, eta inkesta batzuetan %1 baino txikiagoa da euskararen hautua». Horrek baditu hainbat arrazoi. «Batetik, harreman oso zuzena du euskaraz sortzen diren eduki kopuruarekin, eta, bestetik, gazte askok aipatzen dute ez dutela euskaraz ari diren sortzailerik ezagutzen. Eta ezagutzen badituzte, oso noizbehinka ateratzen zaizkiela haien jarioetan». Horri aurre egitea ez da erraza. «Eta ez dakit algoritmoen kontrako borroka batean sartu behar den, edo zein den errezeta magikoa», ohartarazi du Zugazak. Erakunde publikoen aldetik estrategiaren bat beharko litzatekeen galdetuta, Ikusikerreko ikerlariak argi utzi du haiek ez dutela proposamenik egiten, eta datuak baino ez dituztela eskaintzen. «Gero, erakunde publikoek ikusiko balute hor badagoela nolabait esku hartzeko modurik, ba ez litzateke gaizki etorriko. Baina pertsonalki uste dut auzia oso zaila dela».

X eta plataforma digitalak

Ikusiker behategiko txosten guztiak haien webgunean irakurri eta deskarga daitezke. Hain justu, egunotan X sare sozialaren eta streaming plataformen inguruko azken inkesta plazaratu dute.

X sare sozialari buruzko ondorioetan, ageri da mutil gehiagok dutela kontu publikoa neskek baino: %23,9 eta %10,5, hurrenez hurren. Era berean, mutilek maiztasun handiagoz erabiltzen dute X: kontua duten mutilen %29,2k erabiltzen dute egunero, eta nesken %13,3k besterik ez. Lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusten ditu X-ko edukiak. Maiztasunari dagokionez, dena den, inoiz erabiltzen ez dutenen kopurua hazten ari da. Txioak idazteko hizkuntza hautuari dagokienez, ikasleen %40k «ia beti» gaztelaniaz idazten dituzte, eta %11,6k euskara ere darabilte, «baina gaztelania baino gutxiago».

Streaming plataformetan, Netflix da kasu bakarra non ikasleen Askotan erabiltzen dut aukera Ez daukat kategoriari gailentzen zaion. Lau ikasletik batek egunero erabiltzen ditu streaming plataformak; apur bat gehiago, ikasleen %30 inguruk. Netflixen ostean, Amazon Prime Video da gazteek gehien ikusten duten plataforma.

Hiru ikasletik bik plataformetan edukien audioa gaztelaniaz jartzen dute. Ondotik datoz edukiak ingelesez ikusteko hautua egiten dutenak: %22. Ikasleen %46,4k ez dituzte azpidatziak erabiltzen ikus-entzunezkoen kontsumoan. Azpidatziak jartzen dituztenen artean, %24,4k gaztelaniazko azpidatziak jartzen dituzte, eta %20,1ek, ingelesez. Euskararen aukera %0,3ra mugatzen da.

Kontsumoari buruzko datuak aztertzean, beste osagai bat sartu da jokoan: eskaintza zabalegia izateak nekea eragiteko arriskua dakar, erabakitzeko prozesua asko luzatzen duelako. Hori diote, bederen, Ikusikerreko ikerlariek. «Eta mutilek neskek baino neke gutxiago sentitzen dute erabakitzeko prozesuetan: askotan nekea sentitu dutenak emakumeen %39,8 izan dira, gizonen %26,1en aldean».

Dena den, eremu digitaleko kontsumo guztietan honako hau errepikatzen da: euskarazko edukien kontsumoa oso-oso txikia da.

‘Gazteak, sare sozialak eta informazioa’ udako ikastaroa egingo dute bi aste barru

EHUren udako ikastaro bat egingo dute ‘Gazteak, sare sozialak eta informazioa: kontsumo portaerak aztertuz’ izenburupean. Hilaren 16an eta 17an izango da Donostian, eta Garazi Sanchez eta Edorta Arana EHUko irakasleek zuzenduko dute. Parte hartzaileen artean, Ikusikerreko ikerlariak, Libe Mimenza Behategiko arduraduna, Nagore Arin BERRIAko ikus-entzunezkoen arduraduna, Oihane Agirre Goienako ikus-entzunezkoen zuzendaria, Medir Plandolit TV3eko informazio arloko zuzendari digitala eta Oihane Mateos EITBko arlo digitaleko albistegietako burua izango dira.

DATU ESANGURATSU BATZUK

  • Tiktok. Ikasleen %79,2 egunero sartzen dira Tiktokera, eta horietatik %57,4, behin baino gehiagotan. Erabiltzaile gehienak, egunean 16-60 minutuz. Gaztelania (%72,4) eta proportzio apalagoan ingelesa (%19,9) dira Tiktoken nagusitzen diren hizkuntzak.
  • Youtube. Ikasleen erdiek baino gehiagok 15-60 minutuko tartean erabiltzen dute

    . Lau ikasletik hiruk bideoak gaztelaniaz ikusi ohi dituzte. Atzerago dator ingelesa aukeratzen dutenen kopurua: %20,5. Unibertsitateko ikasleekin egindako azken kontsumoetan, gehienbat Instagramen eta Youtuben egindakoak aipatu dituzte (%26,5 eta %23,2, hurrenez hurren).

  • Instagram. Adinean gora jo ahala, azken edukia Instagramen ikusi dutenen ehunekoak gora egiten du (%21etik %30era).
  • Spotify. Musika entzuteko plataformaren erabileran, Spotify dago lehen tokian alde handiz (%82).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.