Albistea entzun

Zientzia

Behi korrokada gutxiago

Esne behiek sortzen eta isurtzen duten metanoa gutxitzeko ikerketa batean parte hartu du Neikerrek. Ondorioztatu dute behien metano isuriak %20 gutxitu daitezkeela, bai hautaketa genetikoaren bidez, bai elikaduran liho irina erabilita. Sektoreak etorkizuneko erabakietan metanoa aintzat hartzea eragin dezake.
Behi batzuk Karrantzako ustiategi batean.
Behi batzuk Karrantzako ustiategi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko martxoak 26

Berotegi gasei buruz hitz egiten denean, aipatzen dira. Klima larrialdiari buruzko neurrietan ere bai. Deabrutu ere egin dira. Haiek, bitartean, hausnartzen jarraitzen dute.

Behiek metanoa sortzen dute digestio prozesuan, eta gorputzean sortutako metano hori kanporatu egiten dute. Ez askok uste duten moduan puzkerren bidez, korrokaden bidez baizik.

Nekazaritzak eta abeltzaintzak berotegi gasen %10 isurtzen dituzte, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera; %14, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen iritziz. Metanoak karbono dioxidoak baino gaitasun handiagoa du berotegi efektua eragiteko, baina karbono dioxidoak baino denbora gutxiago irauten du atmosferan —hamar bat urte—.

Behiak animalia hausnarkariak dira, ardien moduan. Hausnar egiten dute, janaria bi aldiz murtxikatzen dute, nolabait esateko: aurrena irentsi egiten dute, gutxi murtxikatuta, eta zaku handian pilatzen dute, digestio aparatuko konpartimentuetako batean; zaku handiko mikroorganismoak janaria hartzitzen eta desegiten hasten dira; gero, zaku handiko janaria berrahoratu egiten dute, murtxikatzeko; eta, azkenik, murtxikatu ondoren, berriro irensten dute, digestio prozesuan jarraitzeko.

Prozesu naturala, biologikoa da behiek metanoa sortzea. Hartzidura prozesuan sortzen dute. Metano kantitatea, ordea, baldintzatu eta gutxitu daiteke. Horretan ari dira lanean munduko hainbat ikerketa talde. Euskal Herrian ere bai: Neiker-Tecnalia. Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea da Neiker.

Metalgen ikerketa proiektuan parte hartu du, INIA Espainiako Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Teknologia Institutuarekin eta Conafe Espainiako Frisiar Elkarteen Konfederazioarekin batera. Behi arraza bat da frisiarra —Holstein ere deitzen dute—. Espainiako Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak diruz lagundu du proiektua.

Esne behiek sortutako metanoa gutxitzeko bi estrategia ikertu eta landu dituzte: alde batetik, hautaketa genetikoa, hau da, metano gutxiago sortuko luketen behiak identifikatzea; bestetik, elikadura, metano gutxiago sorraraziko luketen gehigarriak aurkitzea.

«Hautaketa genetikoaren bidez lortzea litzateke estrategia onena, estrategia iraunkorra eta etengabea baita», Aser Garcia Neikerreko agronomia ingeniari eta proiektuan Neikerrek izan duen arduradunaren iritziz. «Baina arazoa da bide motela dela: gure kalkuluen arabera, hamar urte beharko genituzke metano isuriak %20 murrizteko». Metano gutxiago sortzen duten behiak identifikatu beharko lirateke, eta haietatik abiatuta, txahalak sortu.

Janariaren osagarrien bila

Hautaketa genetikoa sendotu eta zabaldu bitartean, beste estrategia batzuk behar dira, «azkarragoak». Elikadura, esaterako. «Janariaren osagarri eraginkor bat aurkituz gero, eragina hamabost egunen buruan ikus daiteke», nabarmendu du Garciak. Eragozpen bat badu: «Litekeena dela behien zaku handiko mikroorganismoak osagarrira ohitzea eta eragina apaltzea».

Metalgen ikerketa proiektuan Euskal Herriko eta Kantabriako (Espainia) etxaldeetako 1.500 esne behi aztertu dituzte. Haien genotipoa —eduki genetikoa— zehaztu dute, eta genotipo bakoitza metano ekoizpen bati lotu diote: «1.500 behien eta metanoaren datuekin, zehaztu ahal izan dugu zein den metanoaren aldagaiaren heredagarritasuna».

Horrez gain, metanoaren aldagaiak beste batzuekin duen lotura aztertu dute. Gerta baitaiteke hautaketa genetikoa egiteko orduan metano gutxiago sortuko duten behiak aukeratzea, baina gero behi horiek esne gutxiago ekoiztea. «Hori da lortu nahi genituen erantzunetako bat, eta ikusi dugu ez dela gertatzen».

Alderantziz gerta daiteke. Metano gutxiago sortuta, esne ekoizpena handitzea. Metanoarekin behiak energia galtzen baitu. Elikagaien bidez lortutako energiaren %5-7 inguru. «Energia gutxiagok ihes eginez gero», azaldu du Garciak, «energia hori behian geratuko da, eta behiak gauza bat egiten du energia gehigarri horrekin: esnetara edo haragitara bideratu». Esne gehiago edo kilo gehiago. Frisiar arrazakoek esnetara bideratzen dute normalean.

Baina, behien genetika aztertuta ere, aintzat hartu behar da metanoa sortzen dutenak behiaren zaku handian bizi diren mikroorganismoak direla: bakterioak, protozooak eta onddoak. Ikerketan ikusi dute protozooak direla metanoaren sortzaile nagusiak, protozoo gutxiago dituzten behiek metano gutxiago isurtzen dutela.

1.500 behietatik 450i likidoa atera diete zaku handitik, mikroorganismoen DNA aztertzeko eta ikusteko ea haien geneak heredagarriak diren. «Korrelazio genetikoak ezarri ditugu behien genotipoen eta mikroorganismoen populazioen artean, eta baita mikroorganismoen populazioen eta metano isurien artean ere». Horrela, aukeratu ahal izango dira mikroorganismo eraginkorragoak dituzten behiak, hau da, metano gutxiago sorrarazten dutenak.

Metalgen ikerketa proiektuaren barruan, Neikerrek bi ardura edo lan izan ditu: bata, ustiategi komertzialetan behi askori metanoa neurtzea; bestea, metano isuriak gutxitzeko elikadura estrategiak gutxitzea.

Aurkitu dute behien metanoa gutxitzen duen elikadurarako osagarri bat: liho irina, omega 3 gantzarekin aberastua. Metanoa sortzeko, hartzidura gertatu behar du; hartzidurarik ez badago, ez da metanorik sortzen. Garciaren arabera, gantzek eta olioek hartzidura eragozten dute, «eta behiek gantz hori digeritu eta baliatu dezakete».

Liho irinaren erabileraren beste abantaila bat nabarmendu du: «Gantz asegabeek —mota horretakoak dauzka lihoak— bakterio jakin batzuen hazkundea bultzatzen dute, hain justu metano gutxien sortzen dutenena. Behien janariari liho irina gehituz gero metano isuriak %20 murrizten direla baieztatu dugu».

Korrokadak neurtzen

Neiker arduratu da behien metano isuriak, korrokadak neurtzeaz. Bi eratako gailuak probatu ditu horretarako. Alde batetik, eskuzkoa, laser bidezkoa, laserra behiaren muturrera zuzenduta neurtzen duena. Bestetik, izpi infragorrien bidezkoa: neurgailuaren kutxa behiak jezteko makinari lotzen zaio, eta hodi batetik neurtzen du behien metanoa, jezten dituzten bitartean. Makinak, behiak jeztera joateko, janaria ematen die, eta behiek burua jateko lekuan sartua zuten bitartean egin dituzte neurketak.

Bigarrena erabili dute batez ere, ez baita bideragarria 1.500 behiri eskuzko neurketak egitea: ikertzaileak bertan egon behar du, behiak geldirik egon behar du... Izpi infragorrien bidezkoan, neurketak automatikoak izan dira. Hamabost egunez eduki dute etxalde bakoitzean. «Epe horretan behi bakoitzeko korrokada asko neurtu ditugu, eta, ondorioz, zehaztasun handiz esan dezakegu zein den behi baten metano isuria baldintza komertzialetan, ustiategi batean», azaldu du Garciak.

Berez, Metalgen proiektua bukatu da, baina datuak biltzen jarraitzen dute, «Conafek interes handia baitu aurrera egiteko». Behien azterketa genetikoak eta metano isurien neurketak egiten ari dira. Askoz ere datu gehiago nahi dituzte, hautaketa genetikoa egin ahal izateko. «Zenbat eta datu gehiago, hobeto».

Garciak uste du ganaduzaleak kontzientziatuta daudela, konturatu direla metano isuriak gero eta garrantzitsuagoak direla erabaki politikoetan, eta zerbait egin behar zutela: «Beti irabaziko dute, ez dute galtzen: behi batek metano gutxiago isurtzea lortzen baduzu, ingurumenarentzat ona da, bai, baina baita ganaduzalearentzat ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat, Bilboko Konpartsek, atzo, Bilboko Plaza Barrian antolatutako Kapela Egunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bilbok buruan darabilena

Iñigo Astiz

Aste Nagusia hasteko ehun egun baino gutxiago falta direla gogoratzeko Kapela Eguna antolatu dute Bilboko Konpartsek, eta atzerako kontagailu bat ere jarri dute Plaza Barrian.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Herriaren ondarea da auzolana, gizartea osasuntsuagoa izan dadin aberasgarria»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Mozambiketik bueltan erabaki zuen Gabilondok gertuko zuen Garaioneko proiektua berriz hartzea. Sorkuntza, ondare soziala eta natura ditu ardatz, baina baita euskara eta feminismoa ere, zuzenki aipatu ez arren «halabeharrez» egon behar dutelako hor.
Svenja Jung aktoreak bi rol jokatzen ditu telesailean: bi ahizpa biki protagonistena egiten du. ©COSMO

Cosmo kateak 'Der Palast' telesaila emango du bihartik aurrera

Urtzi Urkizu

Alemanian 6,23 milioi ikus-entzule izan ditu (%20,1). Crossover jaialdian lehen atala eman zuten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...