Eneko Lanbea: «Zoriontsu nintzateke nire borrokak balio badu ondorengoek bide samurragoa izan dezaten»

  • Albistea entzun

Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailari gorenean ari diren lau gizonetako bat da Eneko Lanbea; maila nagusiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen 2020ko azaroan. Estereotipoei aurre eginez egin du bere bidea, eta berak utzitako arrastoa gazteagoentzat baliagarria izango dela uste du.

 «Horrenbeste gustatzen zait gimnastika erritmikoa eta horrenbeste gozatzen dut tapizaren gainean nagoenean, beti berdin izan zait zer esaten duten nitaz». Eneko Lanbearena da aitorpena (Leioa, Bizkaia, 2004). Lau gizonezko bakarrik ari dira Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailarik gorenean, eta Lanbea da horietako bat. Unai Arrieta (Donostia, 1996), Felipe Suso (Iruñea, 2004) eta Ander Olkoz (Tafalla, Nafarroa, 2003) dira beste hirurak. 

Lanbeak umore ukitu batez kontatu du gimnastika erritmikoa egiteagatik entzun behar izan dituenak. «Nesken kirola dela, ez mutilena; hau egiten dutenak homosexualak direla... Ez uste jendea oso originala denik». Aitortu duenez, gurasoek «zentzugabekeriaren muga» gainditu duten egoerak bizi izan dituzte. «Guraso batzuek leporatu diete ni ikusita haien semeek ere gimnastika egin nahi zutela». «Argi» du etxekoen babesik gabe «ia ezinezkoa» dela halako egoera bati amore ez ematea. 

«Guraso batzuek leporatu diete nireei ni ikusita haien semeek ere gimnastika egin nahi zutela».

Eneko Lanbea (Gimnasta)

Babestua eta maitatua etxean, eta babestua eta maitatua klubean, Sakoneta klubean. Mutil bakarra da. «Ohituta nago. Oso gustura aritzen naiz bertan, entrenamenduko kideekin eta teknikariekin: Judith Torralba eta Igone Arribas. Oso giro polita dugu. Nire bigarren etxea da». Hala da, makina bat ordu egiten baititu bertan: «Astean sei egunez entrenatzen naiz, eta lau ordu egunean». Eta horretaz aparte, ikasi. «Ondo antolatzea da gakoa». 

Joku Olinpikoetatik at

Maila nagusiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen 2020ko azaroan. Aurretik, txapeldun izana zen gazte mailatan. Beti, gizonezkoekin soilik lehian, Espainiako Federazioak taldekako mistoak bakarrik onartzen baititu. Euskal Herrian, ordea, badute aukera emakumezkoekin lehiatzeko. Askoz okerragoa da egoera nazioartean: ez dago txapelketa ofizialik. «Pena da. Hemen eta inguruan maila ona dago, eta, pixkanaka bada ere, mutilak ari dira animatzen. Espainiako Txapelketan, 50 gimnasta baino gehiago aritu ginen zenbait mailatan».

Ez Europako Txapelketarik, ez Munduko Txapelketarik, eta are gutxiago Olinpiar Jokorik. Gimnastika erritmikoa da olinpiar kirol bakarra non gizonezkoak zein emakumezkoak ez diren lehiatzen nazioartean. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen asmoa da Jokoak gero eta parekideagoak izatea, eta, hori lortzeko, Nazioarteko Gimnastika Federazioari eskatu dio gizonezkoen lehiaketak antola ditzan. «Iritsiko da [Joko Olinpikoetan lehiatzeko aukera], baina nik ez dut uste aukera izango dudanik. Halere, berdin zait. Zoriontsu nintzateke nire borrokak balio badu ondorengoek bide samurragoa izan dezaten».

Jatorrizko artikuluak