Emakumeak Zientzian: tantaka, olatu bat, itsaso bat
Emakumeak Zientzian egitasmoak hamargarren aldia izango du aurten. Otsailaren 3tik 11ra orain arteko ibilbidea aztertu eta etorkizuneko erronkak zehaztuko dituzte.
Emakumeak Zientzian egitasmoa duela hamar urte sortu zen; tantaka-tantaka, olatu bat osatu zuten, eta orain itsasoa dira. Marea bizia gara da aurtengo leloa. Otsailaren 3tik 11ra 70 jarduera baino gehiago egingo dituzte, Otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna baita.
Jada zabaldu dute programazio osoa, eta izena eman daiteke Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean. Besteak beste, esperimentu tailerrak, jokoak, antzezlanak, mahai inguruak, erakusketak eta film proiekzioak egingo dituzte. Historiako emakume zientzialariak ezagutzeko hitzaldiak izango dira, baita ikerketa zentroak bisitatzeko aukera ere, eta zientzialariak ikastetxeetara joango dira beren esperientzia kontatzera, gazteen jakin-mina pizteko asmoz.
Emakume zientzialarien lana ikusaraztea zen asmoa, estereotipoakclosePertsona taldeei buruz gizartean ezarrita egon ohi diren pentsamendu edo aurreiritziak. haustea eta belaunaldi berrien artean bokazioa sustatzea. Aurrerapenak aurrerapen, oraindik ere bada desberdintasunik zientzian. «Emakume zientzialariek oso ahots gutxi zuten. Hamar urteotan ikusi dut hori asko aldatu dela». Amaia Arregi DIPCko komunikazio taldeko kidearen hitzak dira.
«EHUko ikerlariak kontuan hartuta, lidergo postuetara iristen direnen artean %30 dira emakumeak»
Olatu bakoitza aurrekoa baino pixka bat urrutiago iristea da asmoa, konkistatu gabeko esparru horiek hartzea. Lidergo postuak dira konkistatzeko dauden eremu horietako bat, Oihane Sanz EHUko Kimika irakaslearen ustez: «Gaur egun, lidergo postuetan emakume oso gutxi daude oraindik. EHUko ikerlariak kontuan hartuta, adibidez, lidergo postuetara iristen direnen artean %30 dira emakumeak. Lana dago egiteko oraindik». Hain zuzen ere, aurten zalantzan jarri nahi dute jakintza nola sortzen den, nork duen ahotsa, eta zientzia nork gidatzen duen; halaber, emakume zientzialariak baztertzeko dagoen joerari ere erreparatuko diote.
Erreferenteena da beste hutsunea. Horregatik hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak elkartuko dira, beren ibilbidearen inguruan hitz egiteko. «ErreferenteakcloseEredu gisa balio ohi dutenak. normalizatzea eta jendearengana gerturatzea da ekintza horien helburua, tradizionalki zientzialariak gizonak direlako uste horrekin apurtzeko», adierazi dute. Olatz Arbelaitz EHUko Informatika irakasleak horren beharra azpimarratu du; izan ere, informatikako ikasleekin hitz eginda, jakin du jendeak arraro begiratzen diela informatika ikasten dutela esatean: «Kezkatu samar atera nintzen. Horrek adierazten du gizartean nik uste baino txertatuagocloseerrotuago dagoela estereotipoen kontua. Gertuko erreferenteen beharra dago, gizarteak gu identifikatzeko».
Etorkizunari begira
Dena oso mantso mugitzen dela nabarmendu dute antolatzaileek. Hamar urteotan egindako kontzientziazio lana azpimarratu dute ikerlariek, baina, diotenez, oraindik asko dago egiteko ikuspegi kolektibotik. Sanzen ustez, gauza gutxi aldatu dira hamar urte hauetan: «Egia da orain gizarteak ezagutzen gaituela, leku askotan badakite nor garen, baina argi dago oraindik ez dagoela inplikazio instituzionalik, ez baitugu berdintasuna lortu». Sanzek erreaktoreekincloseBarruan erreakzio kimikoak egitea ahalbidetzen duten ekipoak. egiten du lan, eta adierazi du arlo hori oso maskulinizatuta dagoela; ez bakarrik zientzialariei dagokienez, egiteko moduei dagokienez ere bai.
Emakume zientzialarien marea sendotzeko lanean jarraituko dute: «Zientziak ekarpen handiak egiten dizkio gizarteari, eta zientzia egitea munduan egoteko modu bat da, erantzunak bilatzeko modu bat. Polita da horren xarmacloselilura, edertasuna jendeari erakustea».
Jatorrizko artikuluak
-
Emakumeak Zientzian: hamar urtez sareak josten
Itsaso Jauregi |
|