Emakumeak Zientzian: hamar urtez sareak josten

Emakumeak Zientzian egitasmoak hamargarren aldia izango du aurten. Orain arteko ibilbidea aztertuko dute otsailaren 3tik 11ra, baita etorkizuneko erronkak zehaztu ere.

Emakumeak Zientzian egitasmoaren aurkezpena, urtarrilaren 14an, Gasteizen. ELHUYAR
Emakumeak Zientzian egitasmoaren aurkezpena, urtarrilaren 14an, Gasteizen. ELHUYAR
itsaso jauregi 2
2026ko urtarrilaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar urte sortu zen Emakumeak Zientzian egitasmoaren lehen olatua. Hainbat emakume zientzialari elkartu ziren Gipuzkoan, beren egoera aztertzeko asmoz, eta hiru helburu zabal zehaztu zituzten: emakume zientzialarien lana ikusaraztea, estereotipoak haustea eta belaunaldi berrien artean bokazioa sustatzea. Tantaka-tantaka, olatua handituz joan da, baina, aurrerapenak aurrerapen, oraindik ere bada desberdintasunik zientzian. Marea bizia gara da aurtengo leloa, otsailaren 3tik 11rako astean garatuko dute, eta 70 jarduera baino gehiago egingo dituzte. Duela hamar urte, Amaia Arregi DIPCko komunikazio taldeko kideak egitasmoaren sorreran parte hartu zuen, eta aipatu du gaur egun egoera aldatu egin dela: «Emakume zientzialariek oso ahots gutxi zuten. Hamar urteotan ikusi dut hori asko aldatu dela».

Otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna izaten da; egun horretan, eskatzen dute emakumeek bidezko sarbidea eta parte hartzea izan dezatela zientzia arloan, baita berdintasuna aldarrikatu ere. Duela hamar urte, egitasmoa sortu zutenean, ikerlariek egun esanguratsu hori hartu zuten oinarri gisa, baina, Edurne Gaston Elhuyarreko zientzia alorreko koordinatzaileak adierazi duenez, hori baino zerbait gehiago ere bada: «Ez da otsailaren 11n egin beharreko gauza bat bakarrik, urte osoan landu beharreko zerbait da».

«Hamar urte hauetan 3.000 pertsonak jarri dute euren ilusioa, denbora eta energia egitasmoan. Txiki askoren batura gisa ikusten dugu geure burua»

 EDURNE GASTON Elhuyarreko zientzia koordinatzailea

Oraindik ere, egitasmoaren helburu nagusia da zientzian aritzen diren emakumeen lana ikusaraztea eta hurrengo belaunaldiek zientzia ikasketak hautatu ditzaten sustatzea. Horretarako, 70 jarduera inguru antolatu dituzte: historiako emakume zientzialariak ezagutzeko hitzaldiak izango dira, baita ikerketa zentroak bisitatzeko aukera ere. Ikerlariak ez dira Bilboko, Gasteizko eta Donostiako aretoetan geratuko, ordea; izan ere, ikastetxeetara joango dira beren esperientzia kontatzera, gazteen jakin-mina pizteko asmoz. 

Jada zabaldu dute programazio osoa, eta izena eman daiteke Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean. Besteak beste, esperimentu tailerrak, jokoak, antzezlanak, mahai inguruak, erakusketak eta film proiekzioak egingo dituzte.

Atzera begira

Gaur egungo marea sortzeko tanta asko behar izan direla azpimarratu du Gastonek: «Hamar urte hauetan, 3.000 pertsonak jarri dute euren ilusioa, denbora eta energia egitasmoan. Txiki askoren batura gisa ikusten dugu geure burua». Olatu bakoitza aurrekoa baino pixka bat urrutiago iristea da asmoa, konkistatu gabeko esparru horiek hartzea. Lidergo postuak dira konkistatzeko dauden eremu horietako bat, Oihane Sanz EHUko Kimika irakaslearen ustez: «Gaur egun, lidergo postuetan emakume oso gutxi daude oraindik. EHUko ikerlariak kontuan hartuta, adibidez, lidergo postuetara iristen direnen artean %30 dira emakumeak. Lana dago egiteko oraindik». 

Gastonen hitzetan, hori ez da gertatzen zientzia arloan bakarrik, «sistematikoa» da: «Gaur egun, guretzat oso zaila da postu horietara iristea eta bertan eustea. Gauza asko birplanteatu behar dira. Proportzionalki, oso emakume gutxi daude ardura postuetan, eta horrek sistema zalantzan jarrarazten dizu». Hain zuzen ere, aurten zalantzan jarri nahi dute jakintza nola sortzen den, nork duen ahotsa, eta zientzia nork gidatzen duen; halaber, emakume zientzialariak baztertzeko dagoen joerari ere erreparatuko diote.

«Gaur egun, lidergo postuetan oso emakume gutxi daude oraindik. EHUko ikerlariak kontuan hartuta, adibidez, lidergo postuetara iristen direnen artean %30 dira emakumeak»

 OIHANE SANZ EHUko Kimika irakaslea

Emakumeak Zientzian egitasmoaren hamargarren aldia otsailaren 3an hasiko da, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldiaren bidez. Hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak elkartuko dira, beren ibilbidearen inguruan hitz egiteko. «Erreferenteak normalizatzea eta jendearengana gerturatzea da ekintza horien helburua, tradizionalki zientzialariak gizonak direlako uste horrekin apurtzeko», adierazi du Gastonek. 

Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak egingo dituzte. Komunitate zientifikoak, esate baterako, Ekintzen garaia zientzian eta berdintasunean mahai inguruan parte hartu ahal izango du: goi mailako hizlariak gonbidatuko dituzte, hala nola Petra Rudolf, Silvia Rueda Pascual eta Sara Clavero. Hitzaldien eta ekitaldien atzean, salaketa bat egiteko premia ikusten du Sanzek: «Duela hamar urte, emakume zientzialariek ekinaldi hau sortu zuten salatzeko gauzak ez direla ondo egiten ari, eta nazioarteko eguna ere horretarako sortu zen. Berdintasunik ez dugu lortu oraindik, eta gu ere lanean ari gara egoera horri aurre egiteko».

Ikasleek bisitak egin ahalko dituzte ohiko ikerketa zentroetara, eta, gainera, aukera izango dute Nanoguneren laborategiak bertatik bertara ezagutzeko, Nanomundura bisita izeneko jardueran. Bestalde, itsas laginak hartzeko aukera ere izango dute, Navegavelaren belaontzi batean, AZTIko ikertzaileekin batera.  «Gazteek ikusi behar dute zientzian aritzen direnak pertsona normalak direla. Modua ematen du askotariko erreferenteak zabaltzeko eta gerturatzeko», aipatu du Gastonek.

Erreferenteen beharra ere azpimarratu du Olatz Arbelaitz EHUko Informatika irakasleak. Izan ere, Informatikako ikasleekin hitz eginda, jakin du jendeak arraro begiratzen diela Informatika ikasten dutela esatean: «Kezkatu samar atera nintzen. Horrek adierazten du gizartean nik uste baino txertatuago dagoela estereotipoen kontua. Gertuko erreferenteen beharra dago, gizarteak gu identifikatzeko».

Besteak beste, familiek dibulgaziozko ibilaldi bat egin ahalko dute Donostiako historia geologikoan murgiltzeko, bertako arroka eta paisaietan barrena. Eta, aurreko urteetan bezala, jarduera ugari egingo dituzte bereziki 55 urtetik gorakoentzat; ekintza horien bidez, kultura transmititzeko eginkizuna azpimarratuko dute.

Etorkizunari begira

«Dena oso mantso mugitzen da», aipatu du Gastonek. Hamar urteotan egindako kontzientziazio lana azpimarratu du ikerlariak, baina esan du oraindik asko dagoela egiteko ikuspegi kolektibotik. Sanzen ustez, gauza gutxi aldatu dira hamarkada batean: «Egia da orain gizarteak ezagutzen gaituela, leku askotan badakite nor garen, baina argi dago oraindik inplikazio instituzionalik ez dagoela, berdintasuna ez baitugu lortu». Sanzek erreaktoreekin egiten du lan, eta adierazi du arlo hori oso maskulinizatuta dagoela; ez bakarrik zientzialariei dagokienez, baizik eta egiteko moduei dagokienez ere bai.

«Kezkatu samar atera nintzen Informatikako ikasleekin hitz egin ondoren. Gertuko erreferenteen beharra dago, gizarteak gu identifikatzeko»

 OLATZ ARBELAITZ EHUko Informatika irakaslea

Azken hamar urteotako mareak «gauza asko» ekartzen dizkio gogora Arbelaitzi: «Alde batetik, taldea eta kolektibotasuna ekartzen dizkit gogora, marea olatu txiki askoren artean sortzen da eta. Eta, beste alde batetik, marea mugitu egiten da, eta, gu ere, osatzen eta garatzen ari gara talde gisa, behar berriak identifikatzeko». Helburu berriagoei begiratuta, hain zuzen, lan ingurunearen moldaketa sustatu nahi du kimikariak: «Etortzen diren neska horiek gustura eta goxo senti daitezen nahi dut, haientzat leku segurua izan dadin. Horretarako, denok egin behar dugu lanketa, gizarte osoak, zientzia toki segurua izan dadin emakumeontzat».

Emakume zientzialarien marea sendotzeko lanean jarraituko du Gastonek: «Zientziak ekarpen handiak egiten dizkio gizarteari, eta zientzia egitea munduan egoteko modu bat da, erantzunak bilatzeko modu bat. Polita da horren xarma jendeari erakustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.