«Emakume kirolarien eskubideen alde egiten saiatu naiz, eta horrek askotan molestatu egiten du»
Borrokatzeaz nekatu eta txirrindularitza uztea erabaki du Eukene Larrartek. Lan giro osasuntsu baten falta sumatu du pistako Espainiako selekzioan, eta errepideko txirrindularitzan ere ez du espero zuen orekarik lortu.
Bizikletatik jaitsi da Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998). Abokatutzako masterra ikasten ari da orain, eta, aldi berean, lanean dihardu Tolosako taberna batean. Orain gutxi arte, bere burua «urte luzez» zekusan txirrindularitzan, baina nekatu egin da, beti borrokan ibili behar izatearen ondorioz. Kanpo zein barne gatazkak izan ditu ibilbidean, baina harro dago lortutako emaitzez eta, batik bat, pertsona gisa izandako jokabideaz.
Abenduan eman zenuen ziklismoa uzteko erabakiaren berri, sare sozialen bidez. Aste batzuk pasatuta, lasaitua hartu al duzu?
Pixka bat, bai. Arraroa ere bada; azkenean, urte asko izan dira beti dinamika berarekin. Baina, era berean, harrituta nago zeinen azkar deskonektatu dudan ziklismotik. Konturatu naiz txirrindularia zarenean burbuila batean bezala zaudela. Barruan bazaude, oso barruan zaude. Orain, bat-batean, hortik kanpo nago. Bizitza guztiz ezberdin bat hasi dut. Aldaketa handia da.
Aspalditik zenekien ez zenuela jarraituko txirrindularitzan. Erabakia noiztik zenuen hartua?
Udaberri partean hartu nuen behin betiko erabakia. Oso garbi nuen baldintza jakin batzuk nahi nituela aurrera jarraitzeko, eta gauzak modu profesionalean egin nahi dituen talde batek ematen dizu errepidean nolabaiteko oreka. Pistan, berriz, beti gorabeherak zeuden Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin. Alde horretatik, uste nuen errepideak oreka ekar ziezadakeela. Baina ez nuen hori lortu. Gauzak lortzeko beti borrokan ibili behar duzunean, azkenean nekatu egiten zara.
Neke horrek bakarrik eragin du hain goiz erretiratzea, edo izan da beste arrazoirik?
Pena ematen dit onartzeak, baina hori izan da arrazoi bakarra. Ziklismoak benetako pasioa pizten dit, eta neure burua urte luzez ikusten nuen profesional izaten. Oso gustuko nuen nire lanbidea, eta zorte handia nuela sentitzen nuen. Harrituta nago nola ilusioa bat-batean itzali zaidan. Hori dena derrepenteancloseBat-batean. aldatu zen. Lagunek ondo pentsatzeko esan zidaten, baina nik, zerbait garbi dudanean, oso garbi daukat.
Zera esan zenuen agur mezuan: «Ez dut maila nahikorik eduki pistan onenekin lehiatzeko, ezta errepidean talde profesional batean aritzeko ere». Benetan hala pentsatzen duzu?
Denboraldi honetara begira, txundituta nago zer txirrindulari geratu diren talderik gabe. Nire artean esaten dut: «Hauek kontraturik ez badute lortu, nik non izan behar nuen tokia?». Era berean, baliteke neure buruarekin gogorregia izatea. Baina errealista ere banaiz. Eta benetan ona izan banintz, jasoko nuen aukeraren bat. Eta ez zen horrela izan. Beraz, ez dut nire autopertzepzioacloseNork bere burua ikusteko era. samurtu. Nik garbi nuen ez nuela jarraitze hutsagatik jarraitu nahi. Adibidez, pistan Espainiako Txapelketa irabazteak ez ninduen jada asetzen. Nazioartean norbait izatea lortu nuen, baina nire anbizioa munduko onenen artean egotea zen. Beste salto hori ez zegoen nire esku. Baliabide gehiago behar nituen, eta beste babes mota bat.
Parisko Olinpiar Jokoetan izateko prozesua mugarri izan zen zuretzat. Presioak kalte egin zizun, eta ez zenuen sailkatzerik lortu.
Espainiako selekzioa ezin da alderatu, adibidez, Italiakoarekin. Italiakoak ez du arazorik txapelketetarako sailkatzeko. Lehia handietara doazen ziklistek ez dute urtean zehar sei herrialdetara bidaiatu behar herrialdea sailkatu ahal izateko. Nik, ordea, batetik bestera ibili beharra neukan, lehenik eta behin Espainiako selekzioak Munduko Txapelketan egoteko aukera izan zezan; eta gero, Olinpiar Jokoetan aritzeko aukeraren bila. Oso neketsua da hori guztia. Nik banekien Olinpiar Jokoak proba bat gehiago zirela; egun bat da, eta irabazleak ez du zertan munduko onena izan. Gehiago da kirolari olinpiko izateak ematen dizun izena; sailkatzeko bidean egonda, automatikoki, babesleak eta laguntza instituzionala erakartzen duzu. Onartzen dut marea horrek irentsi egin ninduela.
Eta bizikleta gainean gozatzeari utzi zenion.
Dena jokoan dagoela sentitzean, oso zaila da gozatzea. Olinpiar Jokoen aurreko lasterketa batzuez ez naiz gogoratu ere egiten, oso gaizki pasatu bainuen. Beti labana nuen belarri atzean. Alde onari begiratuz, Olinpiar Jokoetan izateko prozesuak ikuskeracloseGauzak ikusteko modua. berri bat ekarri zidan. Adibidez, mugak jartzen eta nire ongizatea lehenesten ikasi nuen. Alde horretatik, iruditzen zait beste Eukene bat jaio zela Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ostean.
Atzera begiratuta, zer izan da ziklista izateak ekarri dizun gauzarik onena?
Ikusten dut ziklismoari esker neure burua sakonago ezagutu dudala. Bizikleta gainean nengoenean, lasai egoteko tarte bat zen niretzat. Gero, behin etxera itzulita, estresak jota ibiliko nintzen agian, baina bizikletako momentu hori nirea zen. Eta, horrez gain, Eukene lehiakorra beste Eukene bat zen: boteretsua, konfiantza eta segurtasun handia zuena… Neure burua ez nuke horrela definituko ziklismotik kanpo.
Eukene txirrindulariak estali egin zuen zure sakoneko esentzia. Dena ziklismoa zen. Hala azaldu zenuen agur mezuan.
Jende gehienak soilik txirrindulari moduan ezagutzen ninduen. Eta une batera ezkero, min egiten zidan horrek. «Eukene beste zerbait ere bada, baina zer da?». Galdera hori atzetik jarraika izaten nuen. Nor nintzen, eguneko 24 orduak bizikletaren inguruan igarotzen banituen, edo publikoki agertzen zen Eukene bakarrik hori baldin bazen? Ziklismoan sartuta zaudenean, bakarrik horretaz hitz egiten da, eta ematen du ez dagoela beste mintzagairik. BuklecloseIrteerarik gabeko gurpil zoro moduko bat. bat da, eta galduta itzultzen nintzen etxera. «Banaiz norbait ziklismotik kanpo?». Terapia psikologikoarencloseArazo edo disfuntzio psikologikoei aurre egiteko erabiltzen den tratamendu mota bat.laguntzaz, benetako Eukene nor den argitzen saiatu naiz.
Merezi izan du txirrindulari gisa hainbesteko ahalegina egitea?
Atzera begiratuta, harro sentitzen naiz orain. Emaitza aldetik, pistan podiumacloseTxapelketa batean lehen hiru sailkatuak domina jasotzera igo ohi diren oholtza. lortu dut Europako Txapelketa batean [2023an txapeldunorde izan zen scratchcloseDistantzia luzeko taldeko proba. modalitatean]. Asko izan dira pistan nazioartean lortutako garaipen baliotsuak, baita errepidean izandako postu onak ere. Eta emaitzez harago, harro nago izan naizen pertsonaz. Emakume kirolarien eskubideen alde egiten saiatu naiz, eta horrek askotan molestatu egiten du taldeen dinamiketan. Bide erraza da isiltzea eta esandakoa egitea, baina nik beste bide bat aukeratu nuen; aldapatsuagoa agian, baina merezi izan du. Emaitzek baino harrotasun handiagoa sentiarazten dit horrek.
Jatorrizko artikuluak
-
Eukene Larrarte: «Harrituta nago nola ilusioa bat-batean itzali zaidan»
Eñaut Agirrebengoa |
|