Txirrindularia

Eukene Larrarte: «Harrituta nago nola ilusioa bat-batean itzali zaidan»

Nekearen nekeaz, ziklismoa uztea erabaki du Larrartek. Lan giro osasuntsu baten falta sumatu du pistako Espainiako selekzioan, eta ez du nahikoa baliabide eduki bere anbizioa garatzeko. Halaber, bere burua ezagutu eta zaintzearen balioaz jabetu da.

Eukene Larrarte txirrindularia. GORKA RUBIO / FOKU
Eukene Larrarte txirrindularia. GORKA RUBIO / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko urtarrilaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizikletatik jaitsi da Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998), baina horrek ez du esan nahi atseden hartzen ari denik. Abokatutzako masterra ikasten ari da, eta, aldi berean, lanean dihardu Tolosako taberna batean. Orain gutxira arte, bere burua «urte luzez» zekusan txirrindularitzan, baina nekatu egin da, beti borrokan ibili behar izatearen ondorioz. Kanpo zein barne gatazkak izan ditu oztopo ugariko ibilbidean, baina harro dago bizikleta gainean lortutako emaitzez eta, batik bat, pertsona gisa izandako jokabideaz.

Abenduan eman zenuen ziklismoa uzteko erabakiaren berri, sare sozialen bidez. Aste batzuk pasatuta, lasaitua hartu al duzu?

Pixka bat, bai. Arraroa ere bada; azkenean, urte asko izan dira beti dinamika berarekin. Baina, era berean, harrituta nago zeinen azkar deskonektatu dudan ziklismoaz. Konturatu naiz txirrindularia zarenean burbuila batean bezala zaudela. Barruan bazaude, oso barruan zaude. Orain, bat-batean, hortik kanpo nago. Bizitza guztiz ezberdin bat hasi dut. Bizimodu, esan dezagun, normalago bat izan nuen azken aldia nerabezaroan izan zen, 15 edo 16 urterekin. Hortaz, aldaketa handia da.

Denbora zen bazenekiela ez zenuela jarraituko txirrindularitzan. Erabakia noiztik zenuen hartua?

Udaberri partean hartu nuen behin betiko erabakia. Egia esan, ez nengoen gustura azken urteetan izandako baldintzekin. Oso garbi nuen baldintza jakin batzuk nahi nituela aurrera jarraitzeko, eta gauzak modu profesionalean egin nahi dituen talde batek ematen dizu errepidean nolabaiteko oreka. Pistan, berriz, beti gorabeherak zeuden Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin. Alde horretatik, uste nuen errepideak oreka ekar ziezadakeela. Baina ez nuen hori lortu. Gauzak lortzeko beti borrokan ibili behar duzunean, azkenean nekatu egiten zara. Urtea ilusio handiz hasi nuen errepideko talde berrian [Massi-Baix Ter], baina gerora, ikusi nuen baldintza minimoak ez zirela betetzen. Buruak klik egin zidan, eta garbi ikusi nuen: «Honela, ez».

Neke horrek bakarrik eragin du hain goiz erretiratzea, edo izan da beste arrazoirik?

Pena ematen dit onartzeak, baina hori izan da arrazoi bakarra. Ziklismoak benetako pasioa eragiten dit, eta neure burua urte luzez ikusten nuen profesional izaten. Ez nintzen aspertzen entrenatzeaz eta lehiatzeaz. Oso gustuko nuen nire lanbidea, eta zorte handia nuela sentitzen nuen. Harrituta nago nola ilusioa bat-batean itzali zaidan. Apur bat lehenago, nire amets eta helburuak proiektatzen ari nintzen oraindik. Neure burua txirrindularitzan ikusten nuen bakarrik. Hori dena derrepentean aldatu zen. Lagunek ondo pentsatzeko esan zidaten, baina nik zerbait garbi dudanean, oso garbi daukat.

Honako hau esan zenuen agur mezuan: «Ez dut maila nahikorik eduki pistan onenekin lehiatzeko, ezta errepidean talde profesional batean aritzeko ere». Benetan hala pentsatzen duzu, edo gehiegizko autoexijentziaren isla izan zen adierazpen hori?

Denboraldi honetara begira, txundituta nago zer txirrindulari geratu diren talderik gabe. Nire artean esaten dut: «Hauek kontraturik ez badute lortu, nik non izan behar nuen tokia?». Era berean, baliteke neure buruarekin gogorregia izatea. Baina errealista ere banaiz. Eta benetan ona banintzen, jasoko nuen aukeraren bat. Eta ez zen horrela izan. Beraz, ez dut nire autopertzepzioa samurtu. Nik garbi nuen ez nuela jarraitze hutsagatik jarraitu nahi. Adibidez, pistan Espainiako Txapelketa irabazteak ez ninduen jada asetzen. Balioa kentzen hasi nintzen halako lorpenei. Nazioartean norbait izatea lortu nuen, baina nire anbizioa munduko onenen artean egotea zen. Beste salto bat eman nahi nuen; hori, ordea, ez zegoen nire esku. Baliabide gehiago behar nituen, eta beste babes mota bat.

Parisko Olinpiar Jokoetan izateko prozesua mugarri izan zen zuretzat. Presioak kalte egin zizun, eta ez zenuen sailkatzerik lortu.

Espainiako selekzioa ezin da alderatu, adibidez, Italiakoarekin. Italiakoak ez du arazorik txapelketetarako sailkatzeko. Lehia handietara doazen ziklistek ez dute urtean zehar sei herrialdetara bidaiatu behar herrialdea sailkatu ahal izateko. Nik, ordea, batetik bestera ibili beharra neukan, lehenik eta behin Espainiako selekzioak Munduko Txapelketan egoteko aukera izan zezan; eta gero, Olinpiar Jokoetan aritzeko aukeraren bila. Oso neketsua da hori guztia. Nik banekien Olinpiar Jokoak proba bat gehiago zirela; egun bat da, eta irabazleak ez du zertan munduko onena izan. Gehiago da kirolari olinpiko izateak ematen dizun izena; sailkatzeko bidean egonda, automatikoki, babesleak eta laguntza instituzionala erakartzen duzu. Onartzen dut marea horrek irentsi egin ninduela.

Eta bizikleta gainean gozatzeari utzi zenion.

Dena jokoan dagoela sentitzean, oso zaila da gozatzea. Olinpiar Jokoen aurreko lasterketa batzuez ez naiz gogoratu ere egiten, oso gaizki pasatu bainuen. Beti labana nuen belarri atzean. Alde onari begiratuz, Olinpiar Jokoetan izateko prozesuak ikuskera berri bat ekarri zidan. Adibidez, mugak jartzen eta nire ongizatea lehenesten ikasi nuen. Alde horretatik, iruditzen zait beste Eukene bat jaio zela Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ostean. Pistan berriz ere gozatzen hasi nintzen. Baina beste behin, presioa sartzen hasi zitzaizkidan. Bada, nahiago nuen utzi, gaizki pasatzen jarraitu baino. Pertsona bezala tratatu nintzaten nahi nuen.

«Beste Eukene bat jaio zen Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ostean; mugak jartzen eta nire ongizatea lehenesten ikasi nuen»

Atzera begiratuta, zer izan da ziklista izateak ekarri dizun gauzarik onena?

Ikusten dut ziklismoari esker neure burua sakonago ezagutu dudala. Bizikleta gainean nengoenean, lasai egoteko tarte bat zen niretzat. Gero, behin etxera itzulita, estresak jota ibiliko nintzen agian, baina bizikletako momentu hori nirea zen. Eta, horrez gain, Eukene lehiakorra beste Eukene bat zen: boteretsua, konfiantza eta segurtasun handia zuena… Neure burua ez nuke horrela definituko ziklismotik kanpo. Superbotere moduko bat ateratzen nuen bizikleta gainean. Egia esan, horren falta sumatzen dut.

Identitate krisi moduko bat ere izan zenuen: Eukene txirrindulariak estali egin zuen zure sakoneko esentzia. Dena ziklismoa zen. Hala azaldu zenuen agur mezuan.

Jende gehienak soilik txirrindulari moduan ezagutzen ninduen. Eta iritsi zen momentu bat non min egiten zidan horrek. «Eukene beste zerbait ere bada, baina zer da?». Galdera hori atzetik jarraika izaten nuen. Nor nintzen, eguneko 24 orduak bizikletaren inguruan igarotzen banituen, edo publikoki agertzen zen Eukene bakarrik hori baldin bazen? Ziklismoan sartuta zaudenean, bakarrik horretaz hitz egiten da, eta ematen du ez daudela mintzagai gehiago. Bukle bat da, eta galduta itzultzen nintzen etxera. «Banaiz norbait ziklismotik kanpo?». Terapia psikologikoaren laguntzaz, benetako Eukene nor den argitzen saiatu naiz.

«Emakume kirolarien eskubideen alde egiten saiatu naiz, eta horrek askotan molestatu egiten du taldeen dinamiketan»

Merezi izan du txirrindulari gisa hainbesteko ahalegina egitea?

Oztopo asko izan da bidean, baina atzera begiratuta, harro sentitzen naiz orain. Emaitza aldetik, pistan podiuma lortu dut Europako Txapelketa batean [2023an txapeldunorde izan zen scratch modalitatean]. Asko izan dira pistan nazioarte mailan lortutako garaipen baliotsuak, baita errepidean izandako postu onak ere. Eta emaitzez harago, harro nago izan naizen pertsonaz. Emakume kirolarien eskubideen alde egiten saiatu naiz, eta horrek askotan molestatu egiten du taldeen dinamiketan. Bide erraza isiltzea eta esandakoa egitea da, baina nik beste bide bat aukeratu nuen; aldapatsuagoa agian, baina merezi izan du. Emaitzek baino harrotasun handiagoa sentiarazten dit horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA