Orotara 202 euskal etxe ari dira munduan zehar euskara eta euskal kultura zabaltzen

  • 497 hitz

Euskal Diasporaren Eguna da irailaren 8an. Euskal etxeek euskal kulturaz gozatzen jarraitzeko aukera ematen diete Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldun eta euskaltzaleei.

Euskal kultura munduan zehar zabaltzea eta aberritikclosejaioterriko herrialdea kanpo bizi diren euskaldunentzako topaleku izatea. Horixe da euskal etxeen xedea. Montevideoko Laurak Bat euskal etxea izan zen sortu zen lehena, 1876an, eta harrezkeroztik kontinente ia guztietan aurki daiteke euskal etxeren bat; iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera; New Yorketik Melbournera eta Habanatik Tokiora. Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean 202 euskal etxe daude. Irailaren 8a egun berezia da etxe horietan; izan ere, Euskal Diasporaren Eguna da.

Argentinan bakarrik 87 euskal etxe daude. Buenos Airesko euskal etxeak 150 urte beteko ditu aurten. Azken Karlistaldiaren ostean Euskal Herritik heldutako hamahiru gaztek sortu zuten. «Hasieran migranteentzako laguntza edo harrera zentroa izateko sortu zen», kontatu du Diego Orellana Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko idazkariak. Hortik aurrera asko izan ziren Argentinan zabaldu ziren euskal etxeak; gaur egun bertan daude gehienak.

Aterpea eta laguntza

Hainbat izan ziren XIX. mendearen erdialdetik 1930 eta 1940ko hamarkadetara arte Argentinara joan ziren euskaldunak. «Askok ez zuten familiarik hemen, ez zuten ezer ezagutzen eta lan egitera etortzen ziren», esplikatu du Orellanak. Zentroak lo egiteko leku bat ematen zien, eta bertako kideek lagundu egiten zieten bizitza berri bat hasteko lehen urratsak egiten. Egun, egoera aldatu da. «Oraindik badago migranteentzako laguntza, baina ez da beste garai batzuen modukoa», zehaztu du Orellanak. Izan ere, oraindik badaude Argentinara lekualdatzen diren euskaldunak, baina gehienak denboraldi bat pasatzera joaten dira, ikastera, esaterako.

Laurak Bat euskal etxearen helburu nagusietako bat da Euskal Herriarekiko loturari, zilbor hesteari, eustea. Izan ere, «kultura zerbitzu garrantzitsua» da argentinarrentzat. Horretarako hainbat bide erabiltzen dituzte. «Kontzertuak egiten dira zapatucloselarunbata arratsaldeetan», nabarmendu du Orellanak. Gainera, euskal etxea Lagun Onak koruarencloseabesbatzaren lan eta entsegu egoitza da. Ehun kide dira, eta astean bitan entseguak egiten dituzte euskal etxean.

Musika, literatura, kirola...

Askotariko jarduerak egiten dituzte euskal etxean; kontzertuak, hitzaldiak, txapelketak... Euskara eskolak ere ematen dituzte 1904tik. «Hasieran ez zen modu hain sistematikoan irakasten, baina orain Euskara Munduan programaren bidez erakusten dugu», azaldu du Orellanak. Programa Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du, eta euskara ikasketak eta irakaskuntza bultzatzen ditu Euskal Herritik kanpo dauden euskal komunitateetan.

Tokion egindako Korrikaren ekitaldia. GARI ORTIGOSA

Tokion ere badago euskal etxea; japoniar euskaltzaleek eratu zuten 2009an. Gari Ortigosa da Tokioko euskal etxeko lehendakaria. Haren arabera, jardueretara joaten diren gehienak, «ez badira guztiak», euskaraz hitz egin ahal izateko joaten dira. Gehitu du euskaldunak biltzea eta euskaraz hitz egitea aukera ezin hobea dela han jaiotako umeak euskalduntzeko ere. «Gutariko batzuek baditugu hemen jaiotako seme-alabak, eta euskal etxekook biltzeak aukera ematen du gure umeei erakusteko euskara ez dela aitak edo amak etxean hitz egiten duen hizkuntza arraro bat bakarrik», azaldu du Ortigosak. Euskara eta japoniera dira euskal etxean erabiltzen dituzten hizkuntza bakarrak.

Euskaraz hitz egin ahal izateko antolatzen dituzte, esaterako, bazkariak, afariak eta jarduera gehienak. «Japoniar euskaltzaleen artean badaude gastronomiagatik, kirolagatik eta bestelako arrazoiengatik kide egin direnak», adierazi du Ortigosak. Ohiko jarduerez gain, badituzte egun bereziak ere: Euskararen Eguna, Euskaraldia eta Korrika, besteak beste. «2022an egin genuen lehen aldiz Korrika Tokion; uste dut historian lehen aldia zela Asian halakorik egiten zela», Ortigosaren esanetan. «Ordutik, 2024an eta aurten ere ospatu dugu, arrakasta handiz, gainera», nabarmendu du.


Jatorrizko artikuluak