Badaude Euskal Herritik kanpo euskal kultura sustatzen duten etxeak eta, bide batez, euskal nortasunari eusten laguntzen dutenak. Ez dira etxe arruntak bezalakoak, atea beti zabalik baitaukate euskal kultura ezagutu nahi dutenentzat. Baina ez dira soilik sartzeko ate bat, irteteko ate ere badira: euskal identitatea mundura zabaltzekoa. Euskal etxeek euskal identitateari eusten laguntzen dute Euskal Herritik kanpo. Komunitate horiek laguntza ematen diete lekualdatzen diren euskaldunei, eta euskal kultura zabaltzen dute munduko herri desberdinetan. 202 euskal etxe daude Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean. Haien eguna izango da asteartean, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna.
Montevideoko Laurak Bat euskal etxea izan zen sortu zen lehena, 1876an. Urtebete geroago, 1877an, izen bera zuen euskal etxea zabaldu zuten Buenos Airesen. Gaur egun Argentinakoa da euskal etxerik zaharrena. Azken Karlistaldiaren ostean Euskal Herritik heldutako hamahiru gaztek sortu zuten. «Hasieran migranteentzako laguntza edo harrera zentroa izateko sortu zen», kontatu du Diego Orellana Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko idazkariak. Hortik aurrera asko izan ziren Argentinan zabaldu ziren euskal etxeak; gaur egun bertan daude gehienak.
Aterpea eta laguntza
Hainbat izan ziren XIX. mendearen erdialdetik 1930 eta 1940ko hamarkadetara arte Argentinara joan ziren euskaldunak. «Askok ez zuten familiarik hemen, ez zuten ezer ezagutzen eta lan egitera etorri ziren», esplikatu du Orellanak. Zentroak lo egiteko leku bat ematen zien, eta bertako kideek lagundu egiten zieten bizitza berri bat hasteko lehen urratsak egiten. Nahiz eta gaur egun sorrerako helburu gehienekin aurrera jarraitu nahi duten, egoera aldatu da migranteen laguntzari dagokionez. «Oraindik laguntzen zaie migranteei, baina ez da beste garai batzuetan bezala», zehaztu du Orellanak. Izan ere, oraindik badaude Argentinara lekualdatzen diren euskaldunak, baina gehienak denboraldi bat pasatzera joaten dira; ikastera, esaterako.

Laurak Bat euskal etxearen helburu nagusietako bat Euskal Herriarekiko loturari, hau da, zilbor hesteari eustea da. Izan ere, «kultura zerbitzu garrantzitsua» da argentinarrentzat. Horretarako hainbat bide erabiltzen dituzte: musika, esaterako. «Kontzertuak egiten dira zapatu arratsaldeetan», nabarmendu du Orellanak. Gainera, euskal etxea Lagun Onak koruaren lan eta entsegu egoitza da. Ehun kide dira, eta, astean bitan, entseguak egiten dituzte euskal etxean.
Musika eta musa
Musikaz aparte, euskal kulturarekin zerikusia duten hitzaldiak ere egiten dituzte. Adibidez, orain dela gutxi, Buenos Airesen zegoela aprobetxatuz, Beñat Sarasola idazleak hitzaldi bat eman zuen Laurak Baten. Euskal kirolak eta ohiturak ere babesten dituzte: trinketa daukate, mus taldeak... «Musa jarduera oso indartsua da, eta Argentinako eta nazioarteko txapelketetan parte hartzen dugu», azpimarratu du Orellanak.
Euskara eskolak ere ematen dituzte 1904tik. «Hasieran ez zen modu hain sistematikoan irakasten, baina, orain, Euskara Munduan programaren bidez erakusten dugu», azaldu du Orellanak. Programa Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du, eta euskara ikasketak eta irakaskuntza bultzatzen ditu Euskal Herritik kanpo dauden euskal komunitateetan.
«Gutariko batzuek baditugu hemen jaiotako seme-alabak, eta euskal etxekook biltzeak aukera ematen du gure umeei erakusteko euskara ez dela aitak edo amak etxean hitz egiten duen hizkuntza arraro bat bakarrik»
GARI ORTIGOSAÂ Tokioko euskal etxeko lehendakaria
Tokioko euskal etxea japoniar euskaltzaleek eratu zuten 2009an, Euskal Herriarekiko loturari eusteko eta Japonian euskaltzaleen komunitate bat sustatzeko. Gari Ortigosa da Tokioko euskal etxeko lehendakaria. Haren arabera, jardueretara biltzen diren gehienak, «ez badira guztiak», euskaraz hitz egin ahal izateko joaten dira. Gehitu du euskaldunak biltzea eta euskaraz hitz egitea aukera ezin hobea dela Japonian jaiotako umeak euskalduntzeko ere. «Gutariko batzuek baditugu hemen jaiotako seme-alabak, eta euskal etxekook biltzeak aukera ematen du gure umeei erakusteko euskara ez dela aitak edo amak etxean hitz egiten duen hizkuntza arraro bat bakarrik», azaldu du Ortigosak. Euskara eta japoniera dira euskal etxean erabiltzen dituzten hizkuntza bakarrak.
Korrika Tokion
Euskaraz hitz egin ahal izateko antolatzen dituzte, esaterako, bazkariak, afariak eta jarduera gehienak. «Japoniar euskaltzaleen artean badaude gastronomiagatik, kirolagatik eta bestelako arrazoiengatik kide egin direnak», adierazi du Ortigosak. Ohiko jarduerez gain, badituzte egun bereziak ere: Euskararen Eguna, Euskaraldia eta Korrika. «2022an egin genuen lehen aldiz Korrika Tokion; uste dut historian lehen aldia zela Asian halakorik egiten zela», Ortigosaren esanetan. «Ordutik, 2024an eta aurten ere ospatu dugu; arrakasta handiz, gainera», nabarmendu du.
Japonian bizi diren euskaldun gehiago erakartzea da Tokioko euskal etxearen helburuetako bat. Ez da erraza. Euskal etxea ezagutarazteko eta jendea erakartzeko ekitaldiak antolatu behar dira, eta sarritan euskal etxeko kideentzat zaila da halakoak egiteko denbora izatea. Baita lan arruntagoak egiteko ere: jasotzen dituzten mezuei erantzutea eta webgunea berritzea.
«Lehen, 1.500-2.000 kide inguru ginen, baina, orain, 300 inguru baino ez gara, eta ez dago 30-50 urte bitarteko inor»
DAVID ORELLANAÂ Argentinako Laurak Bat euskal etxeko idazkaria
Belaunaldien arteko etena
Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeak ere bazkide gehiago lortu nahi ditu: «Lehen, 1.500-2.000 kide inguru ginen, baina, orain, 300 inguru baino ez gara», azaldu du Orellanak. Belaunaldien arteko etena gertatu da bazkideen artean: batzuek 60 urte baino gehiago dituzte, eta besteek, 20-30 urte artean. «Ez dago 30-50 urte bitarteko inor». Gazteetako asko bazkide egiten dira, baina gero utzi egiten dute. «Normalean, gazteak beste euskal etxe batzuetatik datoz Buenos Airesera, ikastera datozelako», azaldu du Orellanak. «Hemen dauden bitartean, dantzarien taldera batzen dira, baina, gero, joan egiten dira». Hala ere, badaude Laurak Batera joaten diren haurrak: «Hamar inguru dira, eta zapatuetan batzen dira jolasteko edo dantza eta euskal kulturaren inguruan ikasteko».
Bazkideen gainbeheraren beste arrazoietako bat da Buenos Airesko hiri antolaketa: «Denborarekin zentroa lekualdatuz joan da, eta kide askorentzako euskal etxea urrun dago». Argentinako hiri txikiagoetan errazagoa da euskal etxeetara joatea eta, hala, parte hartzea bultzatzea: «Hiri eta herri txikietan jende gehiena euskal etxetik hurbil dago; ekitaldiren bat dagoenean, ia denek izaten dute horren berri, eta jende gehiagok parte hartzen du. Buenos Airesen oso zaila da hori lortzea».
Laurak Bat euskal etxeak 150 urte
Buenos Airesko euskal etxeak 150 urte beteko ditu aurten. Ospatzeaz gain, gogoeta ere egin dute. «Saiatuko gara ez dadin izan iraganari begirako jai bat, baizik eta gaur egungo egoerari eta etorkizunera begirako hausnarketa bat», azpimarratu du Orellanak. Izan ere, sorrerako helburu batzuek «ez dute zentzurik» orain. Gaur egungo helburuetako bat da egoera ekonomikoa hobetzea. Garestia da euskal etxeari eustea. «Eraikin erraldoi bat daukagu, 2.500 metro koadrokoa, baina mantentzeko oso garestia da, eta pertsona gutxi daude lan egiteko», aitortu du Orellanak.
Lan egiten jarraitu nahi dute euskal identitateari eusteko, «baina errealitate berrian integratu behar da, testuinguru historiko eta sozial berrian». Izan ere, Orellanaren arabera, euskal etxeko belaunaldi berriek gutxi ezagutzen dute Euskal Herriko errealitate politikoa, soziala eta kulturala. Ortigosarentzat ere, Euskal Herritik urrun egonagatik, garrantzitsua da Euskal Herriaren egunerokoari erreparatzea: «Musika, modak, albisteak, memeak… horren berri izatea garrantzitsua da niretzat, folklorizazioan ez erortzeko».
Urrun, baina gertu
Horren berri izatea errazagoa da orain. «Gaur egungo urruntasunak ez dauka distantziarekin zerikusirik», Orellanaren esanetan. Izan ere, mundu globalizatu honetan, eta sare sozialen bitartez, errazagoa da munduko beste puntan dagoen norbaitekin harremanetan jartzea eta hango errealitatearen berri izatea. Hala ere, Orellanak aitortu du ez duela Euskal Herriko egoera hain gertutik bizitzen: «Euskal Herriko eguneroko egoera politikoa, sozioekonomikoa eta kulturala ezagutzen ditugu, baina ez ditugu berdin bizitzen, jakina».
Ortigosaren ustez, Euskal Herritik hain urrun egonda ere, Japonian euskal kulturari atxikita daudenekin batzeak sendotu egiten du euskal identitatea, «gehiago jabetzen zara zarenaz». Hala ere, aitortu du identitatea «hautu kontu bat» bihurtzen dela haientzat: «Ez da jada inguruan naturalki dagoen eta azaldu behar ez den zerbait; jarrera aktiboa izan behar duzu nortasunari eusteko». Eta kontatu du zaila dela euskal identitateari eustea: «Nekagarria izan daiteke hamaika aldiz azaldu behar izatea Euskal Herria zer den, edo, urteetan saiatuta ere, zure haurrak euskaraz ez erantzutea».
Zailtasunak zailtasun eta garai berriek aldaketak eraginda ere, euskal etxeek euskal nortasunari eta komunitateari eusten jarraitzeko asmoa dute. «Burugogorkeria horri esker dirau euskarak…», eta euskal etxeek ere hala egingo dutela ziurtatu du Ortigosak.