Euskal Herriko lehen ponpatze zentrala, Nafarroan

800 megawatteko zentral hidroelektriko bat egin nahi du Accionak Nafarroan, Alaitz mendian. Otao herriko lurretan, bi urtegi eraikiko lituzkete, eta goikotik behekora 640 metroko jauzia egongo litzateke. Zentrala eraikiko balitz, Nafarroan kontsumitzen den argindarraren %43 sortuko luke azpiegiturak, ahalmen betean arituko balitz.

Mendia, malda pikoak eta ura. Hiru elementu horiek behar dituzte ponpatze zentral hidroelektrikoek energia sortzeko. Halakorik ez dago oraindik Euskal Herrian —berez, Lizarraga Ergoienan (Nafarroa) antzeko sistema erabiltzen duen proiektu energetiko bat dute, oso eskala txikian— baina Acciona Energia aurrera doa Alaizko mendilerroan horietako bat egiteko asmoarekin. Irene deitu dio proiektuari, eta zentralaz gain bi urtegi eraikitzeko asmoa du: bata, Txanburu mendiaren inguruan, Cenerren parke eolikotik gertu; bestea, berriz, mendi magalean, Otao herriaren inguruetan, Elortz ibaiaren eta NA-234 errepidearen artean. Acciona Energiaren arabera, 800 megawattekoclosePotentzia unitatea, eskala handiko energia-ekoizpen potentzia neurtzeko erabiltzen dena. potentzia izango du, eta, ahalmen betean, egungo Nafarroaren argindar kontsumoaren %43 bete dezake. Enpresak 800 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du proiektu honetarako. Espainiako Gobernuari eskatu dizkiote baimen energetikoa, teknikoa eta industriala, baita ingurumen alorrekoak ere. Horiek lortuz gero, Muru Artederretako azpiestazioarekin lotzeko baimena ere lortu beharko luke.

Nola funtzionatzen dute? Zer ezaugarri dituzte? Hona hemen galdera-erantzun batzuk ponpatze zentralen inguruan:

Zer da ponpatze zentral bat?

Zentral hidroelektrikocloseUraren indarrarekin energia sortzeko erabiltzen diren zentralak. klasiko bat izateaz gain, bateriacloseEnergia biltegiratzeko erabiltzen den gailua. erraldoi moduko bat ere bada. Hau da, argindarra ekoizteko gai da, baina aldi berean energia bil dezake, goian eta behean dauden urtegien sistemaren bidez. 

Nola biltzen du energia?

Argindar sisteman, ekoizpena kontsumoa baino handiagoa denean, sobera den energia merke hori baliatzen dute ura beheko urtegitik gora igotzeko. Mendian lur azpian dauden hodi eta tunel sistemaren bidez gorantz ponpatzen da ura, eta argindarra energia mekanikocloseMugimenduaren bidez sortutako energia zinetikoaren eta energia potentzialaren batuketaz lortutakoa. bihurtzen da. Energia berriztagarria kontsumoa asetzeko gai ez denean, ohiko zentral hidroelektriko baten modura funtzionatzen du: goitik behera bidaltzen dute; ura eta turbinacloseBueltak ematen dituen motor bat, energia sortzen duena mugimenduaren bidez. bat mugiarazita argindarra ekoizten du.

Ba al da halakorik Euskal Herrian?

Zentral hidroelektriko ugari dira, baina ponpatze zentralik ez. Berez, Lizarraga Ergoienan (Nafarroa) antzeko sistema erabiltzen duen proiektu energetiko bat garatu du Eseki enpresak. Goian ur biltegi zaharra eta behean berria eraikita, zirkuitu itxi baten bidez, herriko frontoia, eliza, kontzeju etxea eta kaleak argiztatzeko argindarra sortzen du.

Zentral handirik egin al da?

Ez. Araban, Aragoiko Atalaya Generaciones enpresa bi zentral egin nahi zituen: bata Gasteiz inguruan eta bestea Badaiako mendilerroan. Arabako Diputazioa aurka azaldu zen, bioaniztasuna errespetatzen ez zuela argudiatuta. Duela lau urte, enpresa berak Uxue eta Santakara inguruan (Nafarroa) beste zentral bat egiteko asmoa azaldu zuen, baina atzera egin zuen gero.

Zer ezaugarri ditu Irene egitasmoak?

Urtegi batetik besterako jauzia 640 metrokoa litzateke. Goiko urtegian biltegiratutako urak zazpi ordu eta erdiz ekoitz dezake argindarra, eta orotara ura berriz ponpatu arteko ziklo batek hamasei ordu inguru iraun dezake. Acciona Energiaren arabera, orduko 5,8 gigawatt ekoitz ditzake ziklo oso batek. 

Zer esan nahi du horrek?

Ziklo oso bat osatuta —ur guztia hustu eta ponpatuta—, Nafarroaren eguneko argindar kontsumoaren %43 inguru sortu daiteke. Dena den, balio handikoa da batez ere argindar hori biltegiratzeko eta ondoren hura kudeatzeko duen ahalmenagatik, eta hori unean uneko beharraren araberakoa da. Izan ere, berez, ura ponpatzeko behar den energia zentralak berak ekoizten duena baino handiagoa da, baina energia sobera den uneak aukeratzen dira horretarako, sistemak behar duenean erabiltzeko moduan izateko.




Jatorrizko artikuluak