Euskal Herriko lehen ponpatze zentrala Alaitzen eraiki nahi dute

Accionaren egitasmoak 800 megawatteko potentzia du, eta bi urtegi egingo lituzke Txanburu inguruan eta Otaotik gertu. Baimenak eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei. Mugarritzat jo du Muru Artederretako azpiestazioarekin konexioa baimentzea.

Otao herritik eskuinera eraikiko da zentrala eta beheko urtegia. Goiko urtegitik beherako jauzia 640 metrokoa izango da, baina haren hoditeria sistema mendi azpitik joango da. BERRIA.
Otao herritik eskuinera eraikiko da zentrala eta beheko urtegia. Goiko urtegitik beherako jauzia 640 metrokoa izango da, baina haren hoditeria sistema mendi azpitik joango da. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea - Otao
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendia, malda pikoak eta ura. Hiru elementu horiek behar dituzte ponpatze zentral hidroelektrikoek energia sortzeko. Halakorik ez dago oraindik Euskal Herrian, baina Acciona Energia aurrera doa Alaizko mendilerroan horietako bat egiteko asmoarekin. Irene deitu dio proiektuari, eta zentralaz gain bi urtegi eraikitzeko asmoa du: bata, Txanburu mendiaren inguruan, Cenerrek duen parke eolikotik gertu; bestea, berriz, mendi magalean, Otao herriaren inguruetan, Elortz ibaiaren eta NA-234 errepidearen artean. Acciona Energiaren arabera, 800 megawatteko potentzia izango du, eta, ahalmen betean, egungo Nafarroaren argindar kontsumoaren %43 estal dezake.

Dena den, argindarra ekoizteko ahalmena baino gehiago, parke eolikoek eta fotovoltaikoek sortutako energia biltegiratzeko duen balio estrategikoa azpimarratu du Acciona Energiak BERRIAri eginiko adierazpenetan. Izan ere, mendiaren goiko aldean eta magalean eraiki asmo dituzten bi urtegien bidez, energiaren biltegi gisa baliatu daiteke. Horrenbestez, enpresaren arabera, mota horretako zentralek «sistema elektrikoari onura handiak» dakarzkiote: «Potentzia finkoa eskaintzen du, sistemaren malgutasuna handitzen du eta sarearen balantzea indartzen du, eta energia berriztagarria biltzeko aukera ematen du».

Apirileko itzalaldiak agerian jarri zuen argindar sistema eta sarea kudeatu behar duten erakundeentzat eta enpresentzat funtsezkoa dela hari egonkortasuna ematea. Hala, enpresak zehaztu duenez, sistemaren sinkronismoa, inertzia eta tentsioaren kontrola hobetzen dute ponpatze zentralek, eta «soilik bere baliabide propioetan» oinarrituko da, hala uretan nola Alaitz mendilerroaren beraren orografian.  

Inbertsio «garrantzitsua»

2023an, proiektuaren lehen zertzeladak azaldu zirenean, Acciona Energiak aipatu zuen 800 milioi euro inbertitzeko asmoa zuela. Ordu hartan esan zuen zentralak 495 MW eta 733 MW arteko potentzia izango zuela, baina orain zehaztu du 800 megawattekoa izango duela. «Konfidentzialtasun arrazoiengatik» ez du argitu nahi izan zenbat inbertitu duten: «Mota honetako azpiegiturek inbertsio garrantzitsua eskatzen dute, eta marko egonkor bat behar da haren garapena eta energia berriztagarrien rol estrategikoa indartzeko».

Nafarroako Ubidea bertatik igarotzen bada ere, handik ura hartzeko aukera baztertu egin zuten konplexua zelako, eta, hortaz, ura Elortz ibaitik hartuko lukete. Hori egitea baimentzeko tramitazioa hasia dute CHE Ebroko Ur Konfederazioan, eta prozesu horretan hainbat pauso jada osatu ditu Acciona Energiak: hala nola proiektuaren lehia tramitea—CHEk eskaera argitaratu eta hari alegazioak aurkezteko epea burutu da— eta plan hidrologikoarekin bateragarria dela onestea. Zentral horien bereizgarrietako bat da uraren zirkuitua itxia dela: hartutako ura etengabe erabil daiteke. 

Zentralaren proiektua 50 megawattekoa baino handiagoa denez, Espainiako Gobernuari eskatu behar dizkiote baimen energetiko, tekniko eta industrialak, baita ingurumen arlokoak ere. Trantsizio Energetikoaren Ministerioa arduratzen ari da horretaz. Halaber, hirigintza, lurralde antolamendu eta meatze arloetako baimenak Nafarroako Gobernuari eskatu dizkiote.

Konexioaren zain 

Tramitazio horiek guztiak aurrera badoaz ere, beste pauso garrantzitsu baten zain dago proiektua. Handik hamaika kilometro mendebaldera den Muru Artederretako azpiestazioarekin konexioa egiteko baimenik ez du lortu oraindik. Acciona Energiaren arabera, «pauso hori ematea funtsezkoa da proiektuak aurrera egin dezan». 

Proiektuak oraingoz ez du inguruko herrietan aurkakotasun handirik eragin. Egitasmoak Elortzibarko, Eloko eta Untzueko udalei eragingo lieke. Urtegiak lehen bien lurretan egingo liratekeenez, 2023ko urrian bi udalek protokolo hitzarmen bat sinatu zuten Acciona Energiaren Desarrollos Renovables del Norte enpresarekin. Elortzibarren kasuan, enpresak konpromisoa hartu zuen ibilgailu elektrikoentzako bi hiru kargaleku, eta udal barrutiko bideen eta erreken mantentze lanetarako 20.000 euro jarriko ditu. 

Elortzibarko Udalaren batzarrean azpimarratu zuten proiektua «begi onez» hartu zutela trantsizio energetikoari begira. Nahiz eta urtegiek eta lanek ingurumenean eragina izango duten, ontzat jo zuten egitasmoa, enpresak urmaelak baliatzeko proiektu bat aurkeztu baitzien, eta, hala, inguruko bioaniztasuna aberasteko modua izango baitute.

Hastapen fase horretan, hainbat zalantza plazaratu ziren etorkizuneko obrek inguruko herrietan eta batik bat nekazarien eta abeltzainen lanean izan dezaketen eraginagatik. Cenerrek duen parke eolikoko errepidea erabiliko dute kamioiek Txanburu inguruko urtegia egiteko, eta hura Etxaguetik gora doa, mendilerroaren hegoaldeko magaletik.

(ID_17640823189125) Otano - Acciona Energia
Otao herriaren goialdetik hartutako irudian, ikus daiteke nolakoa izango den beheko urtegiaren ingurua. BERRIA.

PONPATZE ZENTRALAK

  1. Zer da ponpatze zentral bat?
    Zentral hidroelektriko klasiko bat izateaz gain, bateria erraldoi moduko bat ere bada. Hau da, argindarra ekoizteko gai da, baina aldi berean energia bil dezake, goian eta behean dauden urtegi sistemaren bidez. 
  2. Nola biltzen du energia?
    Argindar sisteman, ekoizpena kontsumoa baino handiagoa den uneetan, sobera den energia merke hori baliatzen dute ura beheko urtegitik gora igotzeko. Mendian lur azpian dauden hodi eta tunel sistemaren bidez gorantz ponpatzen da ura, eta argindarra energia mekaniko bihurtzen da. Energia berriztagarria kontsumoa asetzeko gai ez den uneetan, ohiko zentral hidroelektriko baten modura funtzionatzen du: goitik behera bidaltzen dute, ura eta turbina bat mugiarazita argindarra ekoizten du.
  3. Ba al da halakorik Euskal Herrian?
    Zentral hidroelektriko ugari dira, baina ponpatze zentralik ez. Araban, Aragoiko Atalaya Generaciones enpresa bi zentral egin nahi zituen: bata Gasteiz inguruan eta bestea Badaiako mendilerroan. Arabako Diputazioa aurka azaldu zen, bioaniztasuna errespetatzen ez zuela argudiatuta. Duela lau urte, enpresa berak Uxue eta Santakara inguruan (Nafarroa) beste zentral bat egiteko asmoa azaldu zuen, baina atzera egin zuen gero.
  4. Zer ezaugarri ditu Irene egitasmoak?
    Urtegi batetik besterako jauzia 640 metrokoa litzateke. Goiko urtegian biltegiratutako urak zazpi ordu eta erdiz ekoitz dezake argindarra, eta orotara ura berriz ponpatu arteko ziklo batek hamasei ordu inguru iraun dezake. Acciona Energiaren arabera, orduko 5,8 GW ekoitz ditzake ziklo oso batek. 
  5. Zer esan nahi du horrek?
    Ziklo oso bat osatuta —ur guztia hustu eta ponpatuta—, Nafarroaren eguneko argindar kontsumoaren %43 inguru estal daiteke. Dena den, balio handikoa da batez ere argindar hori biltegiratzeko eta ondoren hura kudeatzeko ahalmenagatik, eta hori unean uneko beharraren araberakoa da. Izan ere, berez, ura ponpatzeko behar den energia zentralak berak ekoizten duena baino handiagoa da, baina energia sobera den uneak aukeratzen dira horretarako, sistemak behar duenean erabiltzeko moduan izateko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.