Ezkutuko ehizari aurre egiteko

Pertsonen, armen eta drogen trafikoaren ondoren, urtero diru gehien mugitzen duen legez kanpoko jarduera da ezkutuko ehiza. Roberto Fraile eta David Beriain kazetariak horri buruzko dokumental bat egiten ari zirela hil zituzten.

Txinpantzea. Conserv Congoko kideek erreskatatutako txinpantzea. ADAMS CASSINGA.
ane insausti barandiaran
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Duela ia bi aste hil zituzten Roberto Fraile eta David Beriain kazetariak, Burkina Fason (Afrika), ezkutuko ehizari buruzko dokumental bat grabatzen ari zirela, Wildlife Angel gobernuz kanpoko erakundearekin. Horrelako erasoak «oso ohikoak» dira, Adams Cassinga Conserv CongoKongoko Errepublika Demokratikoko irabazi asmorik gabeko erakundeko kidearen arabera: «Duela bi hilabete, Italiako enbaxadorea hil zuten eguerdiko 12:00etan, egun argitan... pentsa».

Munduan ezkutuko ehizaren ondorioz saltzen diren espezieen %90ek Afrikan dute jatorria, hango ingurune naturalengatik, eta 20 bilioi dolar sortzen ditu urtero industria horrek, Cassingaren arabera; pertsonen, armen eta drogen trafikoaren atzetik, irabazi gehien sortzen duten krimenetan laugarrena da. Ondorioz, geroz eta gehiago dira galzorian dauden animaliak: errinozeroak, elefanteak, primateak, felinoak, krokodiloak, okapiak...

Afrikako herrialdeen artean, Kongo «leku segurua» bihurtu da trafikatzaileentzat, Cassingaren arabera. Horregatik, GKEa sortu zuten 2013an: «Kongoko biodibertsitatea babestu eta mantentzea da gure helburua». Batetik, ezkutuko ehizaren aurka egiten dute; bestetik, nekazaritza sustatzen dute elikadura bermatzeko modu gisa: eta, azkenik, kontserbazioa bultzatzen dute hezkuntzaren bidez, arreta jarriz 12tik 18 urtera arteko gazteengan. Guztira, 1.300 kasu ingurutan lan egin dute, eta datu base handi batean gordetzen dute ehiztarieninformazioa.

Ingurumenaren aurkako krimena da animalia basatiak ehizatzea Kongon. 2014an sortu zuten legea, eta isun handiak eta kartzela zigorra aurreikusten ditu. Aplikatzea, ordea, ez da hain erraza izaten, hango gobernuarentzat ez baita «lehentasuna», Cassingaren arabera: «Giza eskubideekin arazoak ditugu, gerrak, ekonomia arazoak... Saiatzen dira laguntzen, baina haiek ere baliabide gehiago behar dituzte».

Conserv Congoko boluntarioek ezkutuko ehizan nahasita egon daitezkeen pertsonak ikertzen dituzte, ezkutuan. Sareari, stockari, eta jarduteko moduari buruzko informazioa lortzen dute, talde barruan sarean sartuz; adibidez, erosleak direla esanez: «Konfiantza dutenean eta informazioa eman digutenean, tranpa bat antolatzen dugu, pertsona hori harrapatzeko».

Horren ondoren, stocka bahitzen dute, merkatura iritsi ez dadin, eta ustelkeriaren aurka, jarraipena egiten diote kasu bakoitzari. «Ez dakigu norekin fidatu eta norekin ez, poliziak, politikariak eta abar ere nahastuta baitaude askotan trafikoan», dio. Trafikatzaileak kartzelan daudela ziurtatzeko jarraipena ere egiten diete.

Kontinente osoan animalien trafikoari lotutako kasuak lotuta daudela dio, modu batean edo bestean kolaboratzen dutelako sareek. Harrapatzea, ordea, zaila da, etengabe aldatzen dutelako jardunbidea: «Etengabe aldatuz doan industria bat da, eta baliteke gaur jaso dugun informazioakbiharko ez balio izatea».

Arazoaren erroa eskaria dela uste du: «Eskaria dagoen bitartean, beti egongo da ezkutuko ehiza». Dena den, hortik harago doa kontua, kongoarrek ere ehizatzen baitituzte animaliok, ez dutelako elikadura segurtasunik,eta jan ahal izateko aukera bakarra delako: «Norbaitek gosea daukanean, alferrik da halakorik ez egiteko esatea». Eta berdin ehizan lan egiten dutenekin: «Batzuek ilegalki ehizatzen dute ez daukatelako lanik eta daukaten baliabide bakarra delako». Dena den, ustelkeria da arazoaren erroa, zalantzarik gabe, Cassingaren aburuz: «Ustelkeriarik gabe, ez dago animalia hauen trafikorik».

Primateak zainduz

Duela zazpi urte iritsi zen Kongora lehen aldiz Itsaso Velez del Burgo, primatologo gasteiztarra. Egun, Lwiroko Primateen Errehabilitazio Zentroko (CPRL) zuzendaria da, herrialdearen ekialdean. Boluntario gisa joan zen hara, eta, handik denbora batera, zuzendari izateko aukera eman zioten. Ehizaren ondorioz herrialdeko biodibertsitatean «aldaketa handia» nabaritu duela dio : «Oihanean sartzen zara, eta hutsik dagoela dirudi».

Primateekin egiten dute lan, baina baita loroekin, dortokekin eta arantzurdeekin ere. «Primateak espezie babestuak dira hemen: ezin dira ez ehizatu, eta ezta etxean eduki ere», dio primatologoak. Kongoko Gobernuarekin lan egiten dute, Kongoko Naturaren Kontserbaziorako Institutuarekin (ICCN). Animaliak erreskatatzeaz haiek arduratzen dira, eta ondoren zentrora eramaten dizkiete. «Asmoa da gero ahalik eta primate gehien askatzea».

Afrikako ezkutuko ehiza «oso arazo konplexua» dela dio gasteiztarrak, eta ezin dela orokortu; Hegoafrikan eta Kongon zeharo ezberdina baita egoera. Txinpantzeei buruz, zera dio: «Gure eremuan, jendeak jateko ehizatzen ditu gehienbat». Horren arrazoiak biztanleriaren hazkundea eta baliabide naturalen murriztea direla azaldu du, geroz eta pertsona gehiago direnez baliabide gehiago behar dituztelako: «Azken batean, nahi gabe bada ere, oihan osoa eta bertako animaliak suntsitzen ari gara Kongon».

Horregatik lan egiten dute primateen errehabilitazioan, «oso egoera txarrean» iristen baitzaizkie: «Ehiztariak ama erail diela ikustea indarkeria fisiko eta psikologiko izugarria da haientzat». Bestela sei urte bete arte amari itsatsita bizi direla azaldu du.

Lehen pausoa, hortaz, «seguru sentiaraztea» da, jakin dezaten ez dietela minik egingo. Azkena erreskatatu duten txinpantzeak sei aste behar izan ditu gerturatzen uzteko. «Normalean, ikusten zaituzten lehen egunean bilatzen dute amarekin duten kontaktu hori». Horregatik, primate bakoitzaren beharretara egokitzen dira, izan ditzaketen trauma eta zauriak sendatzeko.

Pandemiaren ondorioz animalia gehiago hil dituztela dio, parkeetako zaindariek kontrol gutxiago egin dituztelako, besteak beste: «Batetik, ehiztariei aukerak areagotu dizkie, eta, bestetik, ekonomia geratu zenez, jendeak beste behin ehizara jo behar izan zuen, zer jan edukitzeko».

Aurrera begira, alternatibak bilatu nahi dituzte, egurrik erabili gabe kozinatzeko zentral hidroelektriko bat sortuz, kasurako: «Baliabide naturalen mende egon gabe, beste aukera batzuk sortu nahi ditugu». Hortaz, «komunitatearekin lanean jarraitzea» dute xede, herritarrak sentsibilizatzeko, eta «natura euren herrialdeko aberastasuna dela uler dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.