Koronabirusa munduan. Fernando Valladares Ros. Ekologoa

«Espezie aberastasun handiko ekosistemak dira gure txertorik onena»

Aspalditik NBEk iragarritakoa bete da COVID-19aren pandemiarekin. Etorkizunean halako gehiago izan daitezkeela eta, natura babestearen garrantzia azpimarratu du.

BERRIA.
inaki petxarroman
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Fernando Valladares (Rio de la Plata-Argentina, 1965) CSICeko ikertzailea da, eta Espainiako Natur Zientzietako Museoko Ekologia eta Aldaketa Globaleko taldeko ikertzaile burua. Zoonosien eragina gutxitzeko orduan natur ekosistemek duten garrantzia azpimarratu du, «txertorik onena» izango direlakoan beste pandemiarik badator.

Esan duzu natura hondatu izana dagoela epidemia askoren jatorrian. Zergatik?

Eskualdez eskualde agertu diren birus guztien puzzle osoa ez daukagu oraindik. Baina orain ikusi dugu aurreko koronabirusaren lehengusu bat agertu zaigula, eta harritu gaituela ezagutzen ez genituen gauza askorengatik. Baina nahikoa dakigu ondorioztatzeko espezie ugaritasuna duten ekosistemek, ondo babestuta daudenek, leuntzen dutela zoonosien eragina, birus karga gutxitu egiten dutela, eta hura zabaltzeko arriskua leuntzen dutela.

Nola babesten gaituzte?

Bioaniztasunak eta ekosistemen osotasunak duten rola funtsezkoa da. Aipatu izan dut Ipar Amerikako ekialdeko kostaldeko lyme gaitzaren adibidea. Akainei erasaten dien gaitz bat da, eta hortik zabaltzen da pertsonengana. Frogatuta dago basoa zenbat eta osoagoa eta zabalagoa izan orduan eta akaina gutxiago infektatzen direla, eta ondorio gutxiago daudela pertsonengan. Munduko eremu horretan ikerketa asko daude, ikertzaile asko daudelako. Tropikoetan ere badaude ikerketak, baina gutxiago eta ez hain osoak.

Zer gertatzen ari da Ipar Amerikan gaitz horrekin?

Kasu horretan, akainek bi espezieri egiten diete kosk, arratoiei eta zarigueiei, eta haien bidez jasotzen dute bakterioa. Zarigueiak urritzen ari dira, eta, beraz, arratoiak bihurtzen ari dira akainen gaitzaren transmisore nagusiak. Kontua da arratoien birus karga handia izaten dela, eta zarigueiena txikia. Beraz, gaitza bera bada ere, ez da berdin pasatzen espezie batzuetatik besteetara. Zarigueiak desagertu ahala, guretzat arriskutsuagoa bihurtzen ari da gaitza.

Zoonosiak ere ekosistemen parte dira. Kontua da nola babestu haietatik.

Patogeno, birus, mikroorganismo, bakterio eta onddo kaltegarri asko daude: baratzeetan, abereak dauden etxaldeetan, gure etxeko leihoetan, ohian tropikaletan eta mendi gailurretan —han batzuetan izoztuta daude—... Orain ikusten ari gara, adibidez, permafrostaren kasuan, urtzen ari diren izotzetatik ere askatzen ari direla birus eta patogenoak. Beraz, haiekin bizitzea tokatzen zaigu.

Eta nola?

Kontua da ekosistemetan espezie asko egotea, borrokak elkarren artean bana daitezen. Hau da, eboluzio borroka. Immunitate sistemaren eta immunitate sistemaren aurkako borroka; mikroorganismoaren eta organismoaren aurkakoa. Borroka horiek espezie askoren artean jokatzen badira, neutralizatu egiten dira ondorioak. Birus karga handi batek jo diezazun arriskua ere txikitu egiten da.

Zergatik da horren garrantzitsua birus kargaren kontua?

Birusa edukitzea baino garrantzitsuagoa da birus karga handia edo txikia daukazun. Koronabirusa eduki dezake pertsona batek, baina, haren birus karga apala bada, inor kutsatzeko arriskua oso txikia izango da, barre egiterakoan eta hitz egiterakoan ahotik irtengo zaion listuan oso birus gutxi joango direlako. Birus karga lotuta dago bioaniztasunarekin, eta erakusten du ongi gordetako natur sistemek nola babesten gaituzten. Natur sistemak ez du birusa desagerrarazten. Ezin ditugu hil saguzarrak, pangolinak… Txakurrak hilda ez da amorrua desagertzen. Beraz, espezie ostalariekin bizitzea interesatzen zaigu: txakurrekin, pangolinekin, saguzarrekin... Espezie aberastasuna duten ekosistemek inguratuta bizitzea da gure txertorik onena.

Lehen baino zoonosi gehiago daude? Azkenaldian, asko entzun izan da animalia jatorriko pandemien kontua: hiesa, ebola, koronabirusa...

Lehen baino zoonosi gehiago daude, bai, baina ez daude patogeno gehiago. Beste faktore batzuk aldatu dira, eta, ondorioz, patogeno horien kontzentrazioa handiagoa da. Gainera, gu harremanetan sartu gara haiekin, ez bakarrik espezieen legez kanpoko salerosketarengatik, baizik eta bioaniztasunaren galeraren ondorioz, animalia horien birus-karga ere handiagoa baita orain.

Zergatik?

Birus karga aukerazko kontzeptu bat da. Zuk eduki dezakezu saguzar bat kutsatuta, baina gerta daiteke birusez goraino egotea edo ez. Zuk harekin kontaktua daukazunean, beraz, arrisku handiagoa edo txikiagoa eduki dezakezu birusa hartzeko. Gainera, badira arrazoi gehiago, eta Wuhanen bat egin zuten ia denek. Duela lauzpabost urtetik genekien Asia ekialdetik etor zitekeela pandemia bat, aukera eta denbora kontua zela.

Zer beste faktore aipatu behar zenituen?

Zuk animalia bat gaizki tratatzen duzunean, kutxa batean garraiatzen duzunean, gutxi jaten badu, estresatuta badago, haren defentsa sistema deprimitu egiten da, eta, guri gertatzen zaigun moduan, barruan daukan birusak erasaten dio. Animalia bera askoz ere kutsakorragoa da orduan. Beraz, aukera eta arrisku faktorea oso garrantzitsua da.

Baina koronabirusak gizakiengana iristea lortu du.Zergatik?

Badira ezagutzen ez ditugun patogenoak, baina ez dira denak iristen guregana modu berean. Artikoan antrax kasu bat gertatu zen duela urte batzuk, permafrostaren izotza urtu zenean. Teorian ume bati bakarrik eragin zion. Ez da gauza bera kasu bakan bat edukitzea edo ehunka hektareatan agertzea, esparru zabal batean, non hiriguneak ere badiren. Litekeena da gizakia lehenago harremanetan egon izana koronabirusarekin. Hortik pandemia bat izatera, baina, bide luze bat dago.

Zer gertatu da orain, orduan?

Ez dakigu. Agian, koronabirusaren lurraldean sartu gara , pangolinen bidez-edo, eta baldintza guztiak gertatu dira zabaltzeko: merkatu batera eraman dute birusa, non garbiketa baldintzak txarrak diren, non milaka pertsona elkartzen diren. Modu horretan, ehunka lagun kutsatu dira, non eta Wuhanen gisako hiri batean, mundu osoarekin konektatuta dagoen toki batean. Hala, negozio gizonen bat itzuliko zen Europara COVID-19arekin, eta aste gutxian sekulakoa gertatu da.

Dena ezustea izan da? Zergatik harrapatu gaitu pandemiak horren lekuz kanpo?

NBEk iragarria zuen gero eta ohikoagoak izango direla pandemiak, badagoela X birus bat, iristear dagoena, eta zeinaren robot erretratu bat dugun. Arrisku handia dago birus arriskutsu bat iristeko, osagai ezberdinak izango dituena: ebola bezain hilgarria eta koronabirusa bezain kutsakorra. Eta ez gaude prest halako kontu baterako.

Zenbateko arriskua dago halako pandemia baterako?

Koronabirusen barruan ez dirudi horren zaila azkenean bi ezaugarri horiek batzen dituen birus bat zabaltzea. Eta lan egin behar dugu, osasun baliabideen ikuspegitik, baina baita ikuspegi zabalago batetik ere. Hor diziplinen arteko lankidetza sakonago baten beharra dago: osasun sistemako eragileak kutsadurari balazta jartzen, baina baita albaitariak eta zoologoak ere bektore espezieak nola kudeatu aholkatzen, ekologoak ekosistemen funtzionamendua aztertzen, eta soziologoak eta ekonomistak gure jarduera ekonomikoari, garraio sistemari, hiri antolaketari eta beste kontu batzuei buruzko proposamenak egiten. Hori dena, zoonosien arriskua apaltzeko, duela 30 urte geneukan mailara itzultzeko.

Orduan zer egoeratan geunden?

Orduan oraingo biztanleen erdiak ginen, eta egungo ekosistemak halako bi genituen. Ekosistemek patogenoei erantzuteko eta haiek leuntzeko gaitasun handia daukate, baina, muga batetik pasatzen zarenean, ahalmen hori galtzen dute. Ia denari zenbakiak eta balioa jarri diogu dirutan, baina inork ez daki zenbateko balioa duen naturak gizakiak pandemietatik babesteko daukan babes funtzio horrek. Erne, zeren naturak babes funtzio hori egiteari uzten dionean, ez dago modurik hura munduko inongo txertorekin hura ordezkatzeko.

Txertoa eduki bitartean, zer egin daiteke?

Txertorik onena natura da, babes iraunkor bat eskaintzen digulako. Ez da perfektua. Ez du arriskua erabat deuseztatzen, baina asko apaltzen du. Naturak espezieen artean banatzen eta orekatzen ditu birusak, eta haien arriskua txikitu. Zer egin dezakegu, beraz? Ekosistemen osasuna hobetu eta espezieen aniztasun genetikoa zaindu. Birusen ostalari diren espezieen aniztasun genetikoak suebakiek bezala funtzionatzen du gaitzen aurrean.

Klima nola eragiten ari da?

Berotze globalak pandemien eragina handituko du, beste faktore batzuekin batera. Jatorri tropikaleko gaitzak dira adibiderik argienak. Berotzearen ondorioz, bektore espezieak oso gustura bizi dira jadanik gure latitude epeletan. Horregatik, lehen oso leku beroetan bakarrik zeuden gaitz batzuk hasi dira azaltzen Europan, Ipar Amerikan eta Asiako iparraldean .

Malaria, adibidez?

Malaria klima aldaketaren jatorrian ikertzen hasi zen, duela 30 urte. Adibide moduan jartzen zen, eta mapetan erakusten zen inguru tropikaletan zer leku geratzen ziren malariatik salbu, altueragatik. Eta nola inguru horiek joan diren murrizten hamarkadaz hamarkada. Malariagatik milioi erdi bat lagun hiltzen dira urtean munduan. Izugarria da. Koronabirusarekin horren erdiak hil dira oraingoz. Gero eta gune zabalagoetara ari da hedatzen, kutsatzen duen eltxoa hegoaldera eta iparraldera iristen ari delako. Eta badira askoz ere adibide gehiago, eltxoek, akainek, armiarmek eta bestek zabaltzen dituztenak.

Zer irakaspen atera beharko genuke pandemia honetatik?

Irakaspen nagusia da natura babestea ez dela gastu bat, inbertsio bat dela, inbertsiorik errentagarriena, gainera. Nahiz eta arnasgailu asko erosi ospitaleetarako, hurrengo patogenoak ez badio erasaten arnas sistemari, alferrik izango da. Osasun tresneria garrantzitsua da, eta horretan inbertitu egin behar da, baina sekula ez dugu nahiko tresneria izango datozen pandemiei aurre egiteko. Baina egin dezakegun aurrerapen nagusia da etorkizuneko pandemien arriskua jaistea. Badakigu horretan gako bat dela natur ekosistemen osasuna zaintzea, funtzio, elkarreragin eta espezie aniztasuna duten ekosistemei eutsiz. Beraz, naturarekin dugun harremana aldatu egin behar dugu, egin dezakegun inbertsiorik onena izango baita: diru eta sufrimendu asko aurreztuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.