Hispanitatearen Eguna

Hemeretzi dira Ertzaintzak Gasteizen atxilotutakoak, Falangearen ekitaldiaren kontra egiteagatik

Istiluak izan dira Hispanitatearen Eguna dela eta. Polizia oldartu egin da talde ultraeskuindarraren ekitaldia eragozteko elkartutakoen aurka, eta foam balak erabili ditu. Hainbat lagun zauritu dira.

Ertzaintza Falangearen aurka mobilizatu direnen parean, gaur, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ertzaintza Falangearen aurka mobilizatu direnen parean, gaur, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 12a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hispanitatearen Egunean, Falange Espainola talde ultraeskuindarrak Euskal Herria aukeratu du eguneko ekitaldi nagusia egiteko; zehazki, Gasteizko Probintzia plaza, eta Ernai, GKS, Jarki eta beste hainbat talde haren aurka egitera bertaratu dira. Istiluak izan dira.

Ertzaintzak ekitaldia babestu du, haren kontra elkartutakoen aurka oldartu da, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hemeretzi lagun atxilotu ditu —zazpi zirela esan du hasieran, hamazazpi gero, eta, azkenik, hemeretzi—. Desordena publikoak eragitea egotzi diete guztiei. Zenbait lagun zauritu dira istiluetan: manifestariek harriak eta objektuak jaurti dituzte, eta Poliziak foam balak erabili ditu, besteak beste.

Falangeak Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean deitu du ekitaldia, eta elkartutakoek Espainiako banderak erakutsi dituzte, Gora Espainiaren batasuna leloa zutela; Cara al sol abestu dute, eta agur faxistak egin dituzte. Poliziek osatutako hesiaren beste aldean elkartutakoek Eusko Gudariak abestuz erantzun diete, eta «gora Euskal Herria askatuta!» eta «alde hemendik, utzi bakean» oihukatuz.

Ertzaintzak operazio handia zabaldu du: zortzi furgoneta zeuden plazan, eta helikoptero bat eta zenbait drone airean. Hala ere, ezin izan dute eragotzi antifaxistak plazan sartzea eta ultraeskuindarrekin zuzenean topo egitea; elkar joka aritu dira zenbait minutuz.

Poliziaren lehen oldarraldiaren ostean, inguruko kaleetara zabaldu dira istiluak. Manifestariek harriak jaurti dituzte, suzko barrikadak muntatu dituzte, eta kontainer bat edo beste ere irauli dute. Faxistek Ertzaintzak babestuta egin dute alde plazatik 13:00ak baino lehen, eta plazan 13:15 aldera lasaitu da egoera.

Azken istiluak Juan Ayala plazako aparkalekuaren inguruan izan dira; Falangeko kideek han zituzten autoak, eta batzuk aparkalekutik makilekin eta bateekin irten dira. Orduan ere esku hartu du Ertzaintzak: faxistei aurre egin dietenen aurka oldartu da berriro, eta atxiloketak ere egin ditu. Azkenean, Falangekoak Poliziak lagunduta joan dira hiritik 

Istiluetan hainbat lagun zauritu dira —bi aldeetako manifestariak, ertzainak eta kazetari bat ere bai, gutxienez—, eta haietako batzuk ospitalera eraman behar izan dituzte.

G3E QSDWIAA558d
Atxilotuen alde gaur arratsaldean egindako elkarretaratzea, Gasteizen. GEDAR

Atxilotuak askatzea exijitzeko, elkarretaratzea egin dute 19:00etan Probintzia plazan, istiluak izan diren toki berean. Han jakinarazi dutenez, ordu horretan oraindik Lakuako polizia etxean zeuden atxilotu guztiak. Aske antolakundeak ere manifestazio batera zuen deitua arratsaldean, Indar errepresiboak suntsitu lelopean; 17:00etan abiatu da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik, eta hor ere atxilotuak libre uzteko eskatu dute. Lakuako polizia etxearen parean amaitu dute protesta. Askek salatu du Poliziak argi erakutsi duela zein den bere funtzioa: «Euskal Herriaren ukazioa eta zapalkutza bermatzea, faxismoaren borreroak babestea eta horiei aurre egiten dion mugimendu iraultzailea jazartzea». 

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, berriz, gertatutakoa gaitzetsi du. «Muturreko diskurtsoek sortzen dutenaren beste erakusgarri bat da: gorrotoa eta indarkeria. Jarrera horiek ez dute tokirik gure hirian», adierazi du, eta babesa helarazi die lanean jardun diren poliziei, zaurituei eta euren negozioetan kalteren bat izan dutenei. PPko Ainhoa Domaikak ere babesa adierazi die agenteei, eta aukera baliatu du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatzeko ere. Segurtasun Sailari egotzi dio poliziak «bakarrik eta babesgabe» utzi izana. 

Erantzun antolatua

Falangearen deialdiari erantzuteko, eta, oro har, urriaren 12ko ospakizunen aurka mobilizatzeko, zenbait taldek zuten deialdia egina Arabako hiriburuan. Gasteiz Antirrazistak, Mugimendu Feministak eta Ernaik, adibidez, «olatu erreakzionario eta arrazistari aurre egin» eta bestelako ahotsak entzunarazteko deia egin zuten. «Faxismoaren aurka antolatzeko» eta Gasteizera bertaratzeko eskatu zuten GKSk, Jarkik, Ezkerraldea Antifaxistak eta beste hainbat taldek ere.

Ohar anonimo bat ere zabaldu zen sare sozialetan, Faxismoaren aurrean klase batasuna. Falangea suntsitu goiburupean. Oharrean, faxismoaren gorakadaz ohartarazi zuten, eta kalean erantzuteko beharra aldarrikatu.

Mobilizazio gehiago

Gasteizkoak ez dira Hispanitatearen Egunaren aurkako mobilizazio bakarrak. Sortuk, adibidez, mobilizazio bat egin du Irunen (Gipuzkoa), 10:00etan, eta Ernaik, 13:00etan, Iruñean, Udaletxe plazan.

106542
Guardia Zibilaren desfilea, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iazko Hispanitatearen Egunean Guardia Zibilak desfile militarra egin zuen Gasteizko Plaza Berrian, udalaren baimenarekin. Aurten, berriz, Sansomendiko kuartelean egin ditu ospakizunak. Iruñeko kaleetan bai; han egin dute desfilea aurten ere.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.