Gailu elektronikoen aurrean denbora gehiegi egoteak osasunean dituen ondorio larriez ohartarazi dute pediatrek

  • 437 hitz

Pediatrek manifestu bat aurkeztu dute gailu elektronikoen gehiegizko erabilerak haurren eta nerabeen osasunean dituen ondorio larriez ohartarazteko: lo falta, obesitatea, miopia, antsietatea...

Azkenaldian eremu askotatik ari da iristen ohartarazpena: gailu elektronikoen gehiegizko erabilera goiztiarrak kalte larriak sortzen ditu haurrengan eta nerabeengan. Pediatrak gero eta argiago ikusten ari dira ondorio horiek kontsultetan, eta kezkatuta daude. Kalte horietako batzuk aipatu dituzte: lo falta, obesitatea, ikusmen arazoak, buruko arazoak, antsietatea, hizkuntzaren garapeneko atzerapena eta elikadura nahasmenduak...

«Ebidentzia zientifikoakcloseikerketen bidez zientifikoki egiaztatutako teoriak daude umeen eta nerabeen osasun fisikoan, emozionalean, sozializazioan eta garapenean kalte handiak ekartzen dituela», berretsi du Nerea Trebolazabalak, Lehen Mailako Arretako Euskal Pediatren Elkarteko presidenteak. Hego Euskal Herriko pediatrak biltzen dituzten euskal elkarteek, ildo horretan, manifestu bat aurkeztu dute. Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan izenburua jarri diote agiri horri, eta bertan jaso dituzte pantailei begira denbora luzean eta inork begiratu gabe egoteak ekar ditzakeen ondorio larriak. Komunitate zientifikoak ondutako informazio hori gizarte osoaren eskura jarri nahi dute, eta, horregatik, osasun eta hezkuntza zentroetan eta familien artean zabaltzeko asmoa dute.

Pediatrek ohartarazi dutenez, «haurren artean epidemia bat daukagu hizkuntza atzerapenean, miopian, eta buru eta elikadura nahasmenduetan». Zera ohartarazi dute: «Familiak osasun azterketetara datozenean, pediatrok arreta jarri behar dugu erabilera arrakalan eta genero arrakalan, neskatilek eta emakumeek gizonek baino gogorrago pairatzen dituztelako ondorio horiek», batez ere osasun mentalean eta autoestimuan. Halaber, familia ekonomikoki kalteberetan closeekonomikoki zaurgarriak diren familiakarreta berezia jartzea gomendatu du Trebolazabalak, «etxe horietan maizago erabiltzen dituztelako gailu digitalak inor begira egon gabe».

Helduen rola oso garrantzitsua dela gogorarazi du, haurrek ikusten duten hori egiten ikasten baitute maiz: «Kontsultan egoera tristeak ikusten ditut: itxarongelan dauden jaioberriak hutsera begira; bularra ematen ari diren amak, umearekiko harremana sendotu ordez, sakelakoari begira... Bizitzako momentu galduak dira horiek».

Gehienez bi ordu

Ainhoa Izeta Euskal Herriko Pediatren Elkarteko presidenteak gogora ekarri ditu 2024an Espainiako Pediatren Elkarteak adin bakoitzerako ezarritako erabilera mugak. 0 eta 6 urte bitartean, ordu bat ere ez pantailaren aurrean. «Adin tarte horretan jolas librea, loa eta giza harremanak lehenetsi behar dira», azaldu du Izetak.

«7 eta 12 urte bitartean, gailuek logelatik kanpo egon behar dute», esan du. Zehaztu duenez, adin horietako umeek jarduera fisikoa, naturarekiko harremana, loa eta aurrez aurreko harremanak izan behar dituzte. «13 eta 16 urte bitarteko nerabeak gehienez bi orduz egon daitezke pantailen aurrean, ikastetxean egoten diren denbora barne», azaldu du. Lehen sakelakoa emateko garaia ahalik eta gehien atzeratzea eta, emanez gero, mugak adostea aholkatzen dute pediatrek.

Izetak onartu duenez, pediatrek gaitasun mugatua dute arazoari aurre egiteko: «Gure prebentzio lanaz harago, beharrezkoa da gizartea kontzientziatzeko neurriak martxan jartzea, eta legeek mugak jarri behar dituzte». Hezkuntza arloan eragitea lehentasunezkoa iruditzen zaie. «Hezkuntza lege berriak zentroak behartzen ditu horri buruzko plan bat egitera, baina zentro bakoitzaren esku dago nola egin», kexatu da. Hezkuntza komunitateari ez ezik, erakunde publikoei ere eskatu diete erabilera mugatzeko arauak egiteko.