Pediatrek ohartarazi dutenez, «haurren artean epidemia bat dago hizkuntza atzerapenean, miopian eta buruko nahasmenduetan»

'Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan' izeneko agiria plazaratu dute gaur Hego Euskal Herriko pediatren elkarteek. Gailu elektronikoen aurrean denbora gehiegi egoteak osasunean dituen ondorio larriak nabarmendu dituzte.

Haur bat pantaila bati begira. BERRIA
Haur bat pantaila bati begira. BERRIA
kristina martin
2026ko ekainaren 3a
18:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian eremu askotatik ari da iristen ohartarazpena: gailu elektronikoen gehiegizko erabilera goiztiarrak kalte larriak sortzen ditu haurrengan eta nerabeengan. Pediatrak gero eta argiago ikusten ari dira ondorio horiek kontsultetan, eta, ebidentzia zientifikoak ematen duen autoritatearekin, kezka hori berretsi dute. Kalte horietako batzuk aipatu dituzte: lo falta, obesitatea, ikusmen arazoak, buruko arazoak, antsietatea, hizkuntzaren garapeneko atzerapena eta elikadura nahasmenduak, besteak beste.

«Ebidentzia zientifikoak daude umeen eta nerabeen osasun fisikoan, emozionalean, sozializazioan eta garapenean kalte handiak ekartzen dituela», berretsi du Nerea Trebolazabalak, Lehen Mailako Arretako Euskal Pediatren Elkarteko presidenteak. Bilbon esan ditu hitz horiek, gaur, Pantailak eta Osasuna Haurtzaroan eta Nerabezaroan izenburupean antolatutako jardunaldiaren barruan. Bizkaiko Sendagileen Elkarteak Altxa Burua elkartearekin elkarlanean antolatutako jardunaldi horretan aurkeztu baitute Hego Euskal Herriko pediatrak biltzen dituzten euskal elkarte guztien babesa duen manifestu bat.

Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan izenburua jarri diote agiri horri, eta bertan jaso dituzte pantailei begira denbora luzean eta inork begiratu gabe egoteak ekar ditzakeen ondorio larriak eta horri aurre egiteko gomendioak. Komunitate zientifikoak ondutako informazio hori gizarte osoaren eskura jarri nahi dute, eta, horregatik, osasun eta hezkuntza zentroetan eta familien artean zabaltzeko asmoa dute.

Pediatrek ohartarazi dutenez, «haurren artean epidemia bat daukagu hizkuntza atzerapenean, miopian, eta buru eta elikadura nahasmenduetan». Hori ikusita, beren buruari galdera bat egin diote: «Zertan lagundu dezakegu pediatrek gure kontsultatik?». Eta erantzuna eman du Trebolazabalak: «Ondorio larri horien inguruko informazioa gizartearen eskura jartzen: gurasoen, hezkuntza komunitatearen eta instituzio publikoen eskura».

«Kontsultan egoera tristeak ikusten ditut: itxarongelan dauden jaioberriak hutsera begira, bularra ematen ari diren amak sakelakoari begira... Bizitzako momentu galduak dira horiek»

NEREA TREBOLAZABALALehen Mailako Arretako Euskal Pediatren Elkarteko presidentea

Zera ohartarazi dute: «Familiak osasun azterketetara datozenean, pediatrok arreta jarri behar dugu erabilera arrakalan eta genero arrakalan, neskatilek eta emakumeek gizonek baino gogorrago pairatzen dituztelako ondorio horiek», batez ere osasun mentalean eta autoestimuan. Halaber, familia ekonomikoki kalteberetan arreta berezia jartzea gomendatu du Trebolazabalak, «etxe horietan maizago erabiltzen dituztelako gailu digitalak inor begira egon gabe».

Helduen rola oso garrantzitsua dela gogorarazi du, haurrek ikusten duten hori egiten ikasten baitute maiz: «Kontsultan egoera tristeak ikusten ditut: itxarongelan dauden jaioberriak hutsera begira; bularra ematen ari diren amak, umearekiko harremana sendotu ordez, sakelakoari begira... Bizitzako momentu galduak dira horiek».

Gehienez bi ordu

Haren ostean hitz egin du Ainhoa Izeta Euskal Herriko Pediatren Elkarteko presidenteak. Hark gogora ekarri ditu 2024an Espainiako Pediatren Elkarteak adin bakoitzerako ezarritako erabilera mugak. 0 eta 6 urte bitartean, ordu bat ere ez pantailaren aurrean. «Adin tarte horretan jolas librea, loa eta giza harremanak lehenetsi behar dira», azaldu du Izetak.

«7 eta 12 urte bitartean, gailuek logelatik kanpo egon behar dute», esan du. Zehaztu duenez, adin horietako umeek jarduera fisikoa, naturarekiko harremana, loa eta aurrez aurreko harremanak izan behar dituzte. «13 eta 16 urte bitarteko nerabeak gehienez bi orduz egon daitezke pantailen aurrean, ikastetxean egoten diren denbora barne», azaldu du. Lehen smartphonea emateko garaia ahalik eta gehien atzeratzea eta, emanez gero, mugak adostea aholkatzen dute pediatrek.

Izetak onartu duenez, pediatrek gaitasun mugatua dute arazoari aurre egiteko: «Gure prebentzio lanaz harago, beharrezkoa da gizartea kontzientziatzeko neurriak martxan jartzea, eta legeek mugak jarri behar dituzte». Hezkuntza arloan eragitea lehentasunezkoa iruditzen zaie. «Hezkuntza lege berriak zentroak behartzen ditu horri buruzko plan bat egitera, baina zentro bakoitzaren esku dago nola egin», kexatu da. Arlo horrekin lotuta, gomendio batzuk eman dituzte: «Egiaztatuta dago ikaste prozesua sendoagoa dela papera erabiliz ordenagailuan baino; gailuetan estimulu eta, beraz, distrakzio gehiago dituzte». Hezkuntza komunitateari ez ezik, erakunde publikoei ere eskatu diete erabilera mugatzeko arauak egin ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE