Ikurrina hemen ere
Kirmen Uribek ikurrina hartu du hizpide aste honetako iruzkinean. New Yorkeko maratoira atera du ikurra. Iribarrek eta Kortabarriak 1976an egin zuten keinua garai baten hasiera izan zen, haren esanetan, eta Estatu Batuetan ere hala izatea espero du.
Kirmen Uribek ikurrina hartu du hizpide 'New Yorkeko munduak' podcastean. Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak ikurrina atera zuten Atotxan, Realaren eta Athleticen arteko euskal derbian, 1976ko abenduaren 5ean. Orduan, ikurrina legez kanpokoa zen —1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zen—, eta argazki hura historikoa bilakatu da euskaldunen artean; izan ere, nahiz eta Francoren diktadura amaituta zegoen ordurako, ikurrina legez kanpo egonarazi zuen orduko sistemak, eta hari desafio egin zioten bi futbolariek. Bi taldeak zelaiaren erdian eta ikurrinak elkarturik lerrokatu zirenean, ikusleak txaloka hasi ziren, eta babes oihuak ere entzun ziren. Joan den asteburuan, keinu hura egin zutenetik 50 urte betetzear direla, biek ala biek berriz ere zelaira atera zuten ikurrina.
Kirmen Uribe idazleari iltzatutaclosebarru-barruan geratu zitzaion 1976ko egun hura. Haren ustez, beste garai baten hasiera irudikatu zuen. Horregatik, New Yorken asteburuan izandako maratoira eraman zuen ikurrina, Estatu Batuetako agintaldi erdiko hauteskundeen bezperan, han ere zerbait aldatuko den itxaropenarekin. Donald Trumpek bozetan zaplaztekoa hartu aurretik egina da iruzkina, artean jakin gabe demokratak errepublikanoen aurretik geratu direla Kongresuan.
Hemen iruzkina:
«Iribarrek eta Kortabarriak berriz atera zuten atzo 1976ko ikurrin gogoangarri hura. Artean debekaturik zegoela, euskaldunon memorian iltzatuta geratu zen bi futbolarien balentria. Euskal Herrian bizi ginenean aldiro jartzen genuen ikurrina balkoian; Korrika zetorrenean, Aberri Egunean, eta horrelakoetan... Ondarroan betidanik egon da ohitura. Amamak ikurrina jartzen zuen, eta galarazita zegoenean geranio gorri, zuri eta berdeak jartzen zituen denen ikusgarri haren ordez. Amak ere bai, eta gero guk.
«Amamak ikurrina jartzen zuen, eta galarazita zegoenean geranio gorri, zuri eta berdeak jartzen zituen denen ikusgarri haren ordez».
New Yorkera ere ekarri genuen bat. Hemen balkoirik ez dugunez, nekez erakutsi ahal dugu. Etxe barruan, bai, jartzen dugu egun seinalatuetan. Baina bada urtean egun bat kanpora ateratzen duguna, maratoiaren eguna, hain zuzen. Atzo izan zen New Yorken maratoia. Iribarrek eta Kortabarriak bezala, guk ere gure ikurrina xumea eraman genuen New Yorkeko Maratoira. Central Parken toki ezin hobea aurkitu genuen, Obeliskoaren azpian. Hantxe jarri ginen eta ikurrina ere hantxe, euskaldunik noiz igaroko.
Ilusio handia egiten die euskal korrikalariei hura ikusteak. Eta handik pasatu ziren Aitor, Martin, Alex, Ana, Mails, Iñigo, Elena, Eleuterio, Idoia, Iker, Jorge, Jose Luis, Eider, Joxe Inazio, Amaia eta beste enparauak. Iribarren eta Kortabarriaren ikurrinak garai berri baten hasiera sinbolizatu zuen.
Asteartean Estatu Batuetan hauteskundeak direla ikusita, ez ote gara gu ere garai berri baten atarian izango?
Oxalazerbait gertatzeko nahia adierazten duen esapidea!».
Jatorrizko artikuluak
-
Ikurrina hemen ere
Kirmen Uribe |
|
-
Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera dute San Mamesen
Ainara Arratibel Gascon |
|