Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera dute San Mamesen

Egungo bi taldeetako jokalariek ohorezko pasabidea egin diete, eta zaleek txalo artean eta hunkituta hartu dituzte. Bi klubek, duela 50 urteko Atotxan egin zutenari gorazarre egin nahi izan diote, orduan ikurrina legez kanpokoa baitzen.

Iribar eta Kortabarria ikurrinarekin, bi taldeetako jokalariez inguratuta. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iribar eta Kortabarria ikurrinarekin, bi taldeetako jokalariez inguratuta. JAVIER ZORRILLA / EFE
2026ko azaroaren 1a
21:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

1976ko abenduaren 5ean  Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak, Athleticeko eta Realeko kapitainek, ikurrina atera zuten Atotxan. Ikurrina legez kanpokoa zen orduan. Gaur, ia 50 urte geroago, baina San Mamaesen, ikurrinarekin atera dira berriro zelaira, bi taldeek jokatutako derbian. Egungo jokalariek ohorezko pasabidea egin diete, eta harmailetan bildutako zaleek hunkituta eta txalo artean omendu dituzte ikurrina eta esanahi handiko ekintza hura egin zuten bi jokalariak. Zelai erdira iritsi eta ikurrina erakutsi dute, atzean 1976an atera zutena zutela. Ondoren familia argazkia atera dute. 

Realak eta Athleticek Kortabarriak, Iribarrek eta ikurrin hark osatutako irudia «ikur» bilakatu zela nabarmendu dute, eta «euskal gizartearen memoria partekatuaren parte» dela: «Bost hamarkada geroago ere bere horretan dirau haren balio historiko eta sozialak».

Edin Terzicek eta Pellegrino Matarazzok partida atariko prentsaurrekoan ikurrina ateratzea goraipatu zuten.Terzicek zera nabarmendu zuen: «Uste dut oso une garrantzitsua izan zela, harro egoteko modukoa, eta bi kluben artean dagoen konexioa erakusten du. Oso ausarta. Oso keinu polita da, batez ere gaur egun. Izan ere, herri eta pertsona asko daude beren eskubide eta askatasunagatik borrokatzen».

Matarazzok, berriz, hauxe esan zuen: «Euskaldunekin zenbat eta gehiago hitz egin, momentu haren garrantzia ulertzen noa. Badakit momentua indartsua izan zela; eta horregatik, garrantzitsua iruditzen zait bi kapitainek izan zuten ausardia nabarmentzea. Euskal Herriaren batasunaren eta harrotasunaren isla izan zen».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA