Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Zubizarreta. Saskibaloi jokalari ohia

«Bai, irten daiteke eskola jazarpenetik»

Zubizarretak jazarpen basatia jasan zuen eskolan: bere buruaz beste egiteko zorian egon zen, jipoituta koman... 'Subnormal' komikian jaso dute haren bizipena. «Hitz horrekin apurtu zidaten haurtzaroa».
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko azaroak 12

Handitasuna ez da tamainaren araberakoa (bakarrik). Iñaki Zubizarreta Telleria (Madril, 1972) Caja Bilbao eta Pamesa Valentzia saskibaloi taldeetan egindako urteengatik izango da ezaguna askorentzat. Subnormal izeneko komikiaren protagonista delako ere bai, beste askorentzat. Ikaskide batzuek ostikoka txikitu zioten aurpegi hura berbera da orain eskola jazarpenaren salaketarena.

Subnormal. Titulu gogor samarra da komiki batentzat...

Hitz horrekin apurtu zidaten haurtzaroa. Komikiak ez du ezer ezkutatzen; gertatu zena kontatzen du.

Izenburu hori behar zuen, orduan?

Erabat. Argi utzita asmoa ez dela sekula izan desgaitasuna duen jendea gutxiestea; inolaz ere ez. Eskola jazarpenaren gordina erakutsi nahi da, benetako aurpegia, deitzen dizuten horretatik hasita.

Nola sortu zen ideia?

Panini argitaletxeko editorearena izan zen ideia [Jose Luis Cordoba]. Erretiroa hartzera zihoan, eta zerbait berezia egin nahi zuen. Nire historia ezagutzen zuen, eta interesgarria iruditu zitzaion horren berri komiki baten bidez ematea [Fernando Llor da gidoigilea eta Miguel Porto marrazkilaria]. Gainditze baten historia da. Ni horrelakoak jasan dituen beste bat gehiago naiz, milioika jazarriren artean. Helburua zen eskola jazarpena gainditu daitekeela erakustea. Bai, eskola jazarpenetik irten daiteke.

Zenbaitek esan dizute: «Itxura horrekin, jazarlea zeuk dirudizu, jazarria baino gehiago».

Askok. Gehiegik. Arazoa da jendeak ez daukala ikusmolderik. Ez dela gai apur bat harago begiratu eta ikusteko. Esaten diet gauza bat dela ni orain ikustea, daukadan fisikoarekin, baina nik kontatzen ditudanak 11 urteko ume baten bizipenak direla, berdin dela zer tamaina zeukan, ume bat zela, eta ezin zuela defendatu behin eta berriro birrintzen zuten irakasle eta ikaskideen aurrean.

Izan ere, ez dago jazarleen eta jazartuen soslairik?

Hau ez da soslai kontua, eta ez da erakunde edo ikastetxeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da, eta aspaldi egin digu ihes eskuetatik. Arazo honetan, gutako bakoitzak dauka erantzukizuna, egiten dugunarengatik, edo egiten ez dugunarengatik, edo egiten uzten dugunarengatik. Horretan guztian dago erantzukizuna. Jendearentzat beste aldera begiratzea da errazena.

Zure buruaz beste egiteko zorian egon zinen, jipoitua eta bi egunez koman...

Baina nire kasua beste bat gehiago da! Ez da berezia. Nik nirea kontatu nuenetik, zenbat gehiago egon ote dira... Nik gaur egun esan dezakedana da nire historia, bere gordintasun guztiarekin, bizitzaren opari bat izan dela. Gainditu dudalako, ongi gainditu dudalako, eta gazteenekin konektatzeko balio didalako. Beste askok ez dituzten bizipenak eta motxilak dauzkat haiekin bat egiteko eta enpatia izateko.

Bueltatu zara Punta Galeara? Salto egitear egon zinen toki hartara?

Askotan. Oso toki garrantzitsua da. Bakea topatzen dut han. Nire bizitzaren amaiera izan behar zuen, baina hasiera izan zen.

Eraginkorragoa izan da kontatzea, jauzi egitea baino?

Terapia bat izan da. Jende askok esan dit, gazteek zein helduek, nire bizipenak entzun ostean erabaki zutela erokeria bat ez egitea. Bakarra salbatu bada, nahikoa da. Baina kontua da jada ez dakidala zenbatek aitortu didaten hori.

Nola apurtzen da zuk aipatzen duzun «isiltasunaren legea»?

Ez dakit jada zenbat hitzaldi eman ditudan. Urte asko daramatzat horretan. Baina benetan atentzioa ematen didana da gazte zein helduek zer gutxi daukagun landuta salatu terminoa. Akatsa ez da gazteena; helduei galdetzen diezu, eta inork ez daki azalpenak ematen ez salatzearen eta salatzailea seinalatzearen inguruan. Zerbait esaten baduzu, salatzaile bihurtzen zara. Jazarleak darabilen gezurrik handienetako bat da hori. Bestea, beldurra da: ondorioari beldurra. Zerbait esaten baduzu, salatzailea zara. Eta benetan gertatzen dena da konplize ari zarela bihurtzen, eta isiltzen bazara jazartzen ari direnen erantzukizun berbera duzula.

«Jazarle pasiboa» aipatzen duzu.

Denok gara jazarle pasiboak; denok. Egon naiz euren buruaz beste egin duten haurren familiekin, euren ikaskideekin eta jazarleekin. Ez naiz inor justizia neure kabuz egiteko, baina azken horiei galdera bakarra egiten diet. Badakizu zein?

Zein?

«Badakizue zertan bihurtu zareten, ezta? Bada, bizi horrekin». Egin dutenei zein isildu direnei. Hori da aldatu behar duguna. Ea inoiz iristen den galdera hori egin behar ez dudan unea. Edo zuk gai honi buruz galdetuko ez didazuna.

Zoritxarrez...

Bai, jarraitu beharko dut honetan. Eta gorputzak eusten didan arte jarraituko dut borrokan. Gerra asko emango dut oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakea sinatzeko ezpatak

Bakea sinatzeko ezpatak

Olaia L. Garaialde

Mitoz eta ustez josita dago Lesakako ezpata dantzaren jatorria; ez dago argi zein den. Urtez urte dantza aldatu da, eta emakumeen presentzia handituz joan da. 2018. urtean lehenengo aldiz dantzatu zuten

 ©Bob Edme

«Euskararen aldeko lana egiten dugu egunerokotasunean»

Oihana Teyseyre Koskarat - Ipar Euskal Herriko Hitza

Senpereko Herriko Etxearekin akordioa lortu izana abiapuntu bat izanen dela uste du Maia Larrondo Ajuriagerrak. Azken urteetan Euskal Hedabideekin izandako lorpenak egonkortzea espero du.

Oihan <em>OPH</em> rap kantari gazteak gogor salatu du baxoa eta brebeta euskaraz egitea debekatzea. ©PATXI BELTZAIZ

EHZn, mila kolore dantzan

Ainize Madariaga

EHZren bigarren egunak kolore orotako publikoa erakarri du plazarat. Zirkuak eta bertso eta rap saioek jendetza bildu dute Irisarri erdigunean.

«SESBetik itzultzea gogorra izan zen: gorriak ginen, adar-buztan eta guzti»

Amaia Igartua Aristondo

Espainiako gerra hasi zenean, Santurtziko portutik Sobietar Batasunera alde egin zuten Sevillaren gurasoek, artean haurrak zirela, eta 20 urteren ondoren itzuli ziren, familiarekin. Euskal Herriratu osteko urteen oroitzapen mingotsa du Sevillak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.