Iratxe Uriarte: «Zer behar duten esaten zaie gazteei, baina ez zaie galdetzen zer nahi duten»

Etxebizitzaren arazoari eta emantzipatzeko gazteek izaten duten ezinari konponbidea emateko beharra adierazi du Iratxe Uriartek, eta politika publikoetan gazteen benetako parte hartzea bideragarri egiteko eskatu du.

EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren gidaritza 2023ko martxoan hartu bazuen ere, Iratxe Uriarte (Getxo, Bizkaia, 2000) aspalditik dago engaiatuta gazteriaren problematikei lotutako arloetan: aisialdi taldeetan ibilitakoa da, eta Etikasi egitasmoan parte hartu izan du, giza eskubideetan trebatzeko EGKren programan. Gaur egun duen arduraren talaiatik atera die argazkia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteei.

Gazte kategoria bera lausotzen ari da; adibidez, gazteentzako politika publikoak 35 urtera bitarte luzatzen ari dira. Non dago muga?

Gazteak 12 eta 30 urte bitarteko pertsonak dira. Hala jasotzen du legeak, eta hori da erreferentzia. Kontseiluaren egitura guztietan —estatutupeko organoetan zein bestelako esparruetan— 30 urtetik beherakoak dira parte hartzaileak. Kontua ez da gazte izatearen definizioa zabaltzea, baizik eta gazteek emantzipatzekocloseGazte bat gurasoen edo tutoreen zaintzapetik edo guraso ahaletik askatzea dakarren ekintza. dituzten oztopo estrukturalei irtenbidea ematea. 

Zer da gazte izatea gaur egun? Aukera ala prekaritatea?

Bi dimentsioak batera existitzen dira. Aukerak baldin badaude, aurreko belaunaldiek egindako lanari esker daude: hezkuntzarako sarbidea zabaldu, eskubide sozialak hedatu, eta aukera berriak sortu dira. Baina aukera horiek ez dira nahikoak. PrekaritateakcloseEgonkortasunik eza edo baliabide falta bizitza duin bat aurrera eramateko, eta, ondorioz, pertsona baten egoera ekonomikoa eta soziala hauskorra edo zaurgarria izatea. baldintzatzen du gazteen egunerokoa: lan merkatuan, etxebizitzan, klima krisian... Argi dago gazteen etorkizuna ez dagoela bermatuta eta horrek ziurgabetasuna sortzen duela.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteriaren erradiografia egingo bazenu, zer esango zenuke?

Etxebizitza eta enplegua dira gazteen kezka nagusiak, baina baita ongizate emozionala ere. Izan ere, gazteek presio handia sumatzen dute, eta ziurgabetasuna, etorkizunarekiko beldurra eta egonkortasunik eza dira nagusi; eta, horrek, noski, osasun mentalean eragin zuzena du. 

Euskal Autonomia Erkidegoan emantzipazio adina 30 urtera hurbiltzen ari da. Zer dio horrek gure gizarte ereduari buruz?

Etxebizitzaren arazo estrukturalaren ondorio zuzena da. Konponbidea ez da bakarrik etxebizitzak eraikitzea; ezinbestekoa da etxebizitza hutsak mobilizatzea, politika fiskalak indartzea eta merkatuaren dinamika kontrolatzea. Baina badago dimentsio sozial eta kultural bat ere, hau da, gizarteak emantzipazioa nola ulertzen duen, eta hor familia ereduek, ohiturek eta balioek ere eragina dute. Egoera horrek arrisku handi bat dakar: gazteek ezin badute beren bizi proiektua garatu, atzeratu egiten da, edo beste leku batzuetara eraman.

Gizarteak eta instituzioek zenbateko erantzukizuna dute horretan?

Instituzioek dute erantzukizun nagusia, baina gizarteak ere badu eragina. Alokairuei erreparatuta, adibidez, gazteek baldintza kaskarretan bizi behar dute, eta alokairu oso garestiak ordainduta. Eta, hor gizarteak badu erantzukizuna. Biak ala biak batera aztertu eta landu behar dira.

Inkesten arabera, gazteak instituzioenganako konfiantza galtzen ari dira. Zer dago joera horren atzean?

Gazteen kezka nagusia zera da: erakundeek ez dietela erantzun eraginkorrik ematen haien arazoei. Konfiantza gabezia horretan gero eta garrantzi handiagoa dauka testuinguru sozialak; izan ere, pandemiaren ondoren, nekea, indibidualismoa eta ultraeskuinaren gorakada faktore garrantzitsuak bilakatu dira. Eta, horrekin batera, kontuan hartu behar dugu sare sozialek, tresna moduan balio izateaz gain, desinformazioa eta desmobilizazioa zabaltzen dutela.

Gazteei buruzko diskurtsoan paternalismoa sumatzen da. Nola eragiten du horrek?

Gazteei askotan esaten zaie zer egin behar duten, baina ez zaie galdetzen zer nahi duten. Etxebizitzaren arloan, adibidez, alokairua bultzatzen da, baina gazteei galdetzen zaienean zer nahiago duten, askok esaten dute etxe bat erosi nahi dutela. Beraz, politika publikoetako parte hartzeak benetakoa izan behar du: galdetu, entzun, eta gazteen ahotsa kontuan hartu behar da.

Espainiako Gobernuak iragarri du neurriak hartuko dituela adingabeen artean sare sozialen erabilera mugatzeko edo debekatzeko. Zer iritzi duzu?

Arazoa ez da gazteek sare sozialak erabiltzea, baizik eta plataforma horien funtzionamendua eta edukiak kontrolatzea. Hor dago benetako erronka: enpresa handien gaineko kontrola eta erregulazioacloseArautzea.. Adibidez, eduki kaltegarriei mugak jarri behar bazaizkie, enpresei eta plataformei jarri behar zaizkie, ez erabiltzaileei bakarrik. Bestela, ikuspegi paternalista batetik heltzen zaio gaiari, gazteak arazoaren erdigunean jarrita.

Azken urteetan, maskulinitate ereduak bereziki indartzen ari dira gizonezko gazteen artean.

Uste dut hezkuntza sistemak, gizarteak eta familia ereduek huts egin dutela. Gainera, pornografiaren eragina oso handia da gazteen sozializazioan, eta horrek eragina dauka harremanetan. Indarkeria normalizatzeko arriskua dago gazteen artean, eta horri aurre egiteko tresna nagusia feminismoa da. 

Bernedoko udalekuen inguruko polemikaren harira, Gazteriaren Legearen erreforma abiatu du Eusko Legebiltzarrak, udalekuetan «babes eta kontrol zorrotzagoak» ezartzeko asmoz. 

Legearen dekretu eta zati batzuk zaharkituta daude, eta beharrezkoa da horiek eguneratzea eta argitzea. Esango nuke Bernedon gertatutakoak eztabaida azaleratu duela, baina erreformaren helburua ez dela aisialdi eredua kolokan jartzea. Kontrara: eredua indartu nahi da, eta legea betetzen duten taldeek ez dute zertan arazorik izan. Horretarako mahai batean ari dira lanean administrazioa eta sektoreko eragileak; helburua da aisialdi komunitarioaren eredua babestea, kalitatea bermatzea eta araudia eguneratzea.