EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren gidaritza 2023ko martxoan hartu bazuen ere, Iratxe Uriarte (Getxo, Bizkaia, 2000) aspalditik dago engaiatuta gazteriaren problematikei lotutako arloetan: aisialdi taldeetan ibilitakoa da, eta Etikasi egitasmoan parte hartu izan du, giza eskubideetan trebatzeko EGKren programan. Gaur egun duen arduraren talaiatik atera die argazkia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteei: uste du «prekaritateak» zeharkatzen dituela gazteen bizi baldintzak, eta «ziurgabetasunak» baldintzatzen duela haien etorkizuna. EGK-k berrogei urte bete dituela-eta elkarrizketatu du BERRIAk Uriarte. Elkarteak Bilbon duen egoitzan izan da solasaldia.
Gazte kategoria bera lausotzen ari da azken urteotan; adibidez, gazteentzako politika publikoak 35 urtera bitarte luzatzen ari dira. Non dago muga?
Gazteak 12 eta 30 urte bitarteko pertsonak dira. Hala jasotzen du legeak, eta hori da erreferentzia. Kontseiluaren egitura guztietan —estatutupeko organoetan zein bestelako esparruetan— 30 urtetik beherakoak dira parte hartzaileak. Baina badago kontraesan nabarmen bat: politika publiko askotan 35 urtera artekoak hartzen dira gazte moduan, bereziki etxebizitzarekin eta enpleguarekin lotutako neurrietan. Hori ez da konponbidea. Kontua ez da gazte izatearen definizioa zabaltzea, baizik eta gazteek emantzipatzeko dituzten oztopo estrukturalei irtenbidea ematea. 23 urteko gazte batek gurasoen etxean jarraitzen badu, arazoa ez da haren adina, etxebizitzaren prezioa eta lan baldintzak baizik. Arazo estruktural bati erantzun estrukturala eman behar zaio.
Zer da gazte izatea gaur egun? Aukera ala prekaritatea?
Bi dimentsioak batera existitzen dira. Aukerak baldin badaude, aurreko belaunaldiek egindako lanari esker daude: hezkuntzarako sarbidea zabaldu, eskubide sozialak hedatu, eta aukera berriak sortu dira. Baina aukera horiek ez dira nahikoak. Prekaritateak baldintzatzen du gazteen egunerokoa: lan merkatuan, etxebizitzan, klima krisian... Argi dago gazteen etorkizuna ez dagoela bermatuta eta horrek ziurgabetasuna sortzen duela.
Gazteen bizi baldintzak euren gurasoenak baino okerragoak dira?
Datuak argiak dira. Etxebizitzaren prezioa igo egin da, baina soldatak ez dira proportzio berean hazi. Horri gehitu behar zaio lan merkatuaren kalitatea: partzialtasuna eta behin-behinekotasuna oso handiak dira. Langabezia tasa apala izanda ere, horrek ez du esan nahi lan baldintzak onak direnik; enpleguaren kalitatea da arazo nagusia. Ziurgabetasun horrek ondorio zuzenak ditu: emantzipazioa atzeratzen da, bizi proiektuak baldintzatzen dira, eta askotan familia bat sortzea ere atzeratu edo baztertzen da. Emakumeei dagokienez, amatasuna baldintzatuta geratzen da egoera ekonomikoaren ondorioz.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteriaren erradiografia egingo bazenu, zer esango zenuke?
Etxebizitza eta enplegua dira gazteen kezka nagusiak, baina baita ongizate emozionala ere. Izan ere, gazteek presio handia sumatzen dute, eta ziurgabetasuna, etorkizunarekiko beldurra eta egonkortasunik eza dira nagusi; eta, horrek, noski, osasun mentalean eragin zuzena du. Kristalezko belaunaldia deitu izan zaio gazteriari, baina nik ñabardura bat egingo nuke: hori ez dela ahultasunaren adierazle, ezpada gardentasunarena, gazteek argi adierazten baitituzte beren kezkak eta arazoak.
«23 urteko gazte batek gurasoen etxean jarraitzen badu, arazoa ez da haren adina, etxebizitzaren prezioa eta lan baldintzak baizik»
Euskal Autonomia Erkidegoan emantzipazio adina 30 urtera hurbiltzen ari da. Zer dio horrek gure gizarte ereduari buruz?
Etxebizitzaren arazo estrukturalaren ondorio zuzena da. Gaur egun etxebizitzaren parke publikoa ez da nahikoa, eta prezioak handiak dira. Konponbidea ez da bakarrik etxebizitzak eraikitzea; ezinbestekoa da etxebizitza hutsak mobilizatzea, politika fiskalak indartzea eta merkatuaren dinamika kontrolatzea. Baina badago dimentsio sozial eta kultural bat ere, hau da, gizarteak emantzipazioa nola ulertzen duen, eta hor familia ereduek, ohiturek eta balioek ere eragina dute. Egoera horrek arrisku handi bat dakar: gazteek ezin badute beren bizi proiektua garatu, atzeratu egiten da, edo beste leku batzuetara eraman.
Gizarteak eta instituzioek zenbateko erantzukizuna dute horretan?
Instituzioek dute erantzukizun nagusia, baina gizarteak ere badu eragina. Alokairuei erreparatuta, adibidez, gazteek baldintza kaskarretan bizi behar dute, eta alokairu oso garestiak ordainduta. Eta, hor gizarteak badu erantzukizuna. Biak ala biak batera aztertu eta landu behar dira.
Indarrean diren politika publikoek balio al dute gazteen emantzipazioa bermatzeko?
Neurri multzo bat behar da, ikuspegi integral bat izango duena. Gazteei ematen zaizkien diru laguntzak beharrezkoak dira, bai, baina ez dira konponbidea; egoera arintzen dute, baina ez dute arazoa konpontzen. Gure ustez, emantzipazioaren korapiloa konpondu nahi bada, etxebizitza parke publikoa handitu behar da.
Inkesten arabera, gazteak instituzioenganako konfiantza galtzen ari dira. Zer dago joera horren atzean?
Gazteen kezka nagusia zera da: erakundeek ez dietela erantzun eraginkorrik ematen haien arazoei. Konfiantza gabezia horretan gero eta garrantzi handiagoa dauka testuinguru sozialak; izan ere, pandemiaren ondoren, nekea, indibidualismoa eta ultraeskuinaren gorakada faktore garrantzitsuak bilakatu dira. Eta, horrekin batera, kontuan hartu behar dugu sare sozialek, tresna moduan balio izateaz gain, desinformazioa eta desmobilizazioa zabaltzen dutela.
«Gazteei ematen zaizkien diru laguntzak beharrezkoak dira, bai, baina ez dira konponbidea. Emantzipazioaren korapiloa konpondu nahi bada, etxebizitza parke publikoa handitu behar da»
Gazteei buruzko diskurtsoan paternalismoa sumatzen da. Nola eragiten du horrek?
Gazteei askotan esaten zaie zer egin behar duten, baina ez zaie galdetzen zer nahi duten. Etxebizitzaren arloan, adibidez, alokairua bultzatzen da, baina gazteei galdetzen zaienean zer nahiago duten, askok esaten dute etxe bat erosi nahi dutela. Beraz, politika publikoetako parte hartzeak benetakoa izan behar du: galdetu, entzun, eta gazteen ahotsa kontuan hartu behar da.
Espainiako Gobernuak iragarri du neurriak hartuko dituela adingabeen artean sare sozialen erabilera mugatzeko edo debekatzeko. Zer iritzi duzu?
Sare sozialen erabileraz hitz egitean, planteamendu okerra da arreta gazteengan jartzea. Gazteek erabiltzen dituzte sare sozialak, baina ez dira bakarrak, eta erabilera desegokiak ez dira gazteen kontua soilik. Arazoa ez da gazteek sare sozialak erabiltzea, baizik eta plataforma horien funtzionamendua eta bertan zabaltzen diren edukiak kontrolatzea. Hor dago benetako erronka: enpresa handien gaineko kontrola eta erregulazioa. Adibidez, eduki kaltegarriak —irudi sexualizatuak edo baimenik gabe zabaldutako materiala— erraz hedatzen dira, eta horrek ondorio larriak ditu. Mugak jarri behar badira, enpresei eta plataformei jarri behar zaizkie, ez erabiltzaileei bakarrik. Bestela, ikuspegi paternalista batetik heltzen zaio gaiari, gazteak arazoaren erdigunean jarrita.
Azken urteetan, maskulinitate ereduak bereziki indartzen ari dira gizonezko gazteen artean.
Kezkagarria da. Uste dut hezkuntza sistemak, gizarteak eta familia ereduek huts egin dutela. Gainera, pornografiaren eragina oso handia da gazteen sozializazioan, eta horrek eragina dauka harremanetan. Indarkeria normalizatzeko arriskua dago gazteen artean, eta horri aurre egiteko tresna nagusia feminismoa da. Feministok batuta egon behar dugu patriarkatuari eta matxismoari aurre egiteko.
«Indarkeria normalizatzeko arriskua dago gazteen artean, eta horri aurre egiteko tresna nagusia feminismoa da. Feministok batuta egon behar dugu patriarkatuari eta matxismoari aurre egiteko»
Bernedoko udalekuen inguruan izandako polemikaren harira, Gazteriaren Legearen erreforma abiatu du Eusko Legebiltzarrak, udalekuetan «babes eta kontrol zorrotzagoak» ezartzeko asmoz. Ontzat jotzen duzue aldaketa?
Legearen dekretu eta zati batzuk zaharkituta daude, eta beharrezkoa da horiek eguneratzea eta argitzea. Esango nuke Bernedon gertatutakoak eztabaida azaleratu duela, baina erreformaren helburua ez dela aisialdi eredua kolokan jartzea. Kontrara: eredua indartu nahi da, eta legea betetzen duten taldeek ez dute zertan arazorik izan. Horretarako mahai batean ari dira lanean administrazioa eta sektoreko eragileak; helburua da aisialdi komunitarioaren eredua babestea, kalitatea bermatzea eta araudia eguneratzea.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak berrogei urte bete ditu. Egindako bideari eta orainari begiratuta, nola aldatu da erakundea?
Kontseilua frankismoaren ondoren sortu zen, gizarte mugimenduen bultzadaz, eta plurala izan zen hasieratik. Aisialdi mugimenduek parte hartu zuten sorreran —eskautek, besteak beste—, baina baita gazte antolakunde politikoek eta sindikalek ere: Nuevas Generaciones, Gazte Sozialistak, eta sindikatuen gazte egiturek, hala nola CCOOk eta UGTk.
Hasierako eginkizunetako bat oso esanguratsua izan zen: kontzientzia eragozpenaren bulegoa. Soldaduskari aurre egiteko zerbitzu bat eskaintzen genuen, eta milaka gazte etortzen ziren Bilboko egoitza honetara. Horrek erakusten du kontseilua hasieratik aritu dela gazteen eskubideen defentsan, baita abagune politiko eta sozial konplexuetan ere. Ibilbide horretatik gaur egunera begiratuta, badago elementu ironiko bat: berriro agertzen ari dira gerrarekin eta segurtasunarekin lotutako kezkak, duela berrogei urte bezala. Testuingurua aldatu da, baina kezka batzuk bueltan dira.
Hala ere, ibilbideak erakusten du kontseiluak egokitzeko gaitasuna izan duela. Giza eskubideak, memoria historikoa eta bakea izan dira betidanik gure ardatz nagusiak, eta gaur egun ere horretan jarraitzen dugu, gazteen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarrita.