Joan Mari Irigoien idazlea hil da

  • 510 hitz
  • Albistea entzun

Nobelagintzan utzi du arrasto sakona haren obrak euskal letretan, baina poesia lanak eta haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi ditu. Esklerosia atzeman zioten duela urte batzuk. Bere lanetan eta publikoki maiz adierazi zuen eutanasiaren aldeko jarrera.

Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948) maiatzaren 17an zendu zen, 74 urte zituela. Hutsetik esperantzara poema liburua izan zen argitaratu zuen lehena, 1975. urtean, eta joan den urtean Elkar argitaletxearekin argitaratutako Sorgin-argien ehizan olerki liburua izan da plazaratu duen azkena.  Irigoienek 30  liburutik gora utzi ditu idatzita, gehienak eleberriak. Euskaltzain urgazlea ere izan da, 1996tik aurrera.

Bada denbora Irigoieni alboko esklerosi primarioacloseEndekapenezko gaixotasun neuromuskularra.
diagnostikatu ziotela. Hitzak ahoskatzeko ez ezik, mugitzeko zailtasunak ere izan ditu gerora. Osasun gorabeherekin egin ditu urteak, bada, eta okerrera egin du azken egunetan. Bere lanetan eta publikoki maiz adierazi zuen eutanasiaren aldeko jarrera, eta, 2019ko abenduan BERRIAri egindako elkarrizketa batean ere, haren aldeko aldarria egin zuen idazleak: «Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez». Olerki bat ere eskaini zion Letra txikiaz bada ere liburuan (2002): Amodiozko gutuna.

'Amodiozko gutuna' poema

Printzesa urrun baten izena duzu, Eutanasia,
baina nik hurbilago nahi zintuzket,
maite-maite baitzaitut,
eta ez baitut burutik baztertzen
zu neure egitea noizbait, edo ni zeure, hobeki…

Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;
zu, ene azken hatsa;
zu, ene Buda errukibera;
zu, ene balizko sufrimenduen
aringarri;
zu, ene maitaleen maitale.

Barkatu atrebentzia, hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…

Futbolaria gaztetan

Ingeniaria zen ikasketaz, baina sekula ez da arlo horretan aritu. Irakaskuntzan eta itzulpengintzan jardun izan du, eta, gaztetan, Sanse taldeko futbolaria ere izan zen. Egin egunkarian ere aritu zen zuzentzaile denbora batez, baina, bereziki, idazlea izateagatik egin da ezagun. Hego Amerikara egindako bidaiei esker, Ernesto Sabato, Gabriel Garcia Marquez, Mario Benedetti eta Mario Vargas Llosaren literatura ezagutu zuen, besteak beste. Hala ere, denen artetik, Juan Rulfok izan zuen eraginik handiena harengan.

Berez, 2014ko urrian hartu zuen erretiroa, Elkar argitaletxearekin 24 urtez izan zuen kontratuari esker. Hala ere, ez zion inoiz idazteari utzi. Bereziki, Babilonia lanarekin jo zuen goia, 1989an. Narrazio horren bidez, Espainiako Kritika Saria eta Euskadi saria jaso zituen. Mendebaldeko eta Ekialdeko tradizio literarioak jasotzen ditu liburuak, eta garaialdetarren istorioa kontatzen du. Lur bat haratago liburuak ere eman zuen zeresana (2000, Elkar): euskaraz idatzitako fikziozko lanik luzeena da. XVII. mendeko Nafarroan dago girotuta, eta Axularren prosacloseHizkuntzak bere era arruntean hartzen duen egitura.
ren antzekoa darabil egileak.

Babilonia lanarekin jo zuen goia, 1989an. Narrazio horren bidez, Espainiako Kritika Saria eta Euskadi saria jaso zituen.

Irigoienen bibliografia oparoa

POESIA
Hutsetik esperantzara (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1975)
Denborak ez zuen nora (Erein, 1991)
Hautsa eta maitemina (Elkar, 1998)
Letra txikiaz bada ere (Elkar, 2002)
Biziminaren sonetoak (Elkar, 2004)
Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) (Elkar, 2015)
Txantxanberde kantaria (Egilea editore, 2015)
Sorgin-argien ehizan (Elkar, 2022

HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Bakarneren gaztelua (Erein, 1986)
Metak eta kometak (Elkar, 1994)
Apaiz zaharraren gitarra (Elkar, 1996)
Komunista.com (Elkar, 2005)
Sasiak mendia jan (Elkar, 2012)
Urruneko motorrak mila zaldi (Elkar, 2012)
Pistolak eta epistolak (Elkar, 2014)

NOBELA
Oilarraren promesa (Gero, 1976)
Poliedroaren hostoak (Erein, 1983)
Udazkenaren balkoitik (Erein, 1987)
Babilonia (Elkar, 1989)
Consummatum est (Elkar, 1993)
Kalamidadeen liburua (Elkar, 1996)
Lur bat haratago (Elkar, 2000)
Ipuin batean bezala (Elkar, 2002)
Odolean neraman (Elkar, 2004)
Bestea da mundua (Orbetarrak I) (Elkar, 2008)
Haragiaren gauak eta egunak (Orbetarrak II) (Elkar, 2009)
Nor bere bidean (Orbetarrak III) (Elkar, 2010)
Ur arreak, ur garbiak (Elkar, 2011)
Arma, tiro, bammm! (Elkar, 2013)
Derbia (Elkar, 2019)

ANTOLOGIA
XX. mendeko poesia kaierak - Joan Mari Irigoien (Susa, 2002, Koldo Izagirreren edizioa)

BIOGRAFIA
Lope Agirre (Lur, 1979)

Joan Mari Irigoienen erretratua, Antton Olariagak haren heriotzan marraztua. ANTTON OLARIAGA


Jatorrizko artikuluak