Julen Madariaga, ETA sortu eta itxi nahi izan zuena

  • 111 hitz
  • Albistea entzun

Julen Madariaga hil da, 88 urterekin. ETAren sortzailea eta HBko kidea izan zen. Hainbat aldiz atxilotu zuten, eta erbestean ere bizi izan zen. Borroka armatuarekin kritiko agertu zen 1990eko hamarkadaren hasieran, eta Aralar alderdiko kide gisa aritu zen. Senperen (Lapurdi) bizi izan da azken urteetan.

36ko gerraren ondotik Txilera erbesteratu behar izan zuen familia jeltzale batean jaio zen Julen Madariaga, 1932an, Bilbon. 14 urterekin Euskal Herrira itzuli, eta Zuzenbidea ikasi zuen. Doktore egin zen Cambridgen. EAJk Francoren diktaduraren inguruan zuen jarrerarekin ados ez zeuden gazte haietako bat izan zen, eta alderditik aldendu, eta Ekin taldea sortu zuen. Hortik sortuko zen gero ETA erakundea, 1959. urtean. Garai hartan ezagutu zuen Eneko Irigarai kideak: «Ekinen ginenean, ETA sortu genuenean. Bruselan bizi izan ginen elkarrekin, eta Aljerian gero».

EAJk Francoren diktaduraren inguruan zuen jarrerarekin ados ez zeuden gazte haietako bat izan zen.

1960ko hamarkadaren hasieran joan zen Madariaga Ipar Euskal Herrira. 1963an, Enbata mugimenduak antolatutako Aberri Eguneko ekitaldian parte hartu zuen Itsasun (Lapurdi), eta Gernikako arbolaren altsuma landatu zuten Ximun Haranek eta biek. Oroitarri bat ere ezarri zuten, abertzaletasunaren aldeko adierazpen bat eginez.

Irigaraik gogoratu du 1964an epaiketa bat izan zutela biek Baionan, pistola bat aurkitu zietelako Miarritzeko bulegoan (Lapurdi): «Lehenengo aldiz, nik proposatu nuen ez genuela defentsarik egingo, euskaraz mintzatuko ginela, eta ez genuela onartuko guretzat atzerritarra zen justizia baten mende egotea», oroitu du Irigaraik. «Eta orduan kondenatu gintuzten». Sei hilabeteko kartzela zigorra.


Julen Madariaga, Eneko Irigarai eta Txillardegi. BERRIA 

Ez zen izanen Frantziako agintariei uko eginen zieten aldi bakarra, zeren urte berean Frantziako administrazioak haiek kanporatzea agindu baitzuen, baina ez zioten kasurik egin. Irigaraik argazki bat dauka gordeta, Jatsu Garazin ateratakoa (Nafarroa Beherea): Julen Madariaga bera, Eneko Irigarai eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ageri dira erretratuan, herriko izenaren seinalearen ondoan. «Kanporatzearen aurka egiteko, argazki bat bidali genuen izparringi guztietara, bai militanteei eta bai jendeari esanez han bizi ginela eta ez genuela Euskaditik alde egingo».

Bruselara joan ziren gero, 1965ean, hilabete batzuetarako, eta Aljeriara ondotik, Irigarai eta biak. «Denbora gutxi pasatu zuen Aljerren: urtebete edo. Ez ginen adostu ideologikoki, eta nik garbiki esan nion: 'Edo zu, edo ni, baina bat hemendik sobera dago'. Berak ulertu zuen, eta esan zuen: 'Ni banoa hemendik'». Irigarai han gelditu zen 11 urtez, bertzeak bertze, ETA nazioartean zabaltzeko lanean.

Madariagak Euskal Herrian segitu zuen, eta 1973an Aturri enpresa sortu zuen. Errepresioa ere pairatu zuen: Meliton Manzanas poliziaren torturak ezagutu zituen, eta Frantziako kartzeletan ere egon zen preso. ETAri laguntzeagatik, lau urteko presondegi zigorra ezarri zioten 1989an, hamar urtez Ipar Euskal Herrian bizi ahal izateko debekuarekin batera. 1991n, kartzelatik atera, eta Bilbora joan zen Txema Monterorekin batera, abokatu. 2006ko ekainean, Frantziako Poliziak berriro atxilotu zuen, «ETAren finantza sarearekin» lotura izatea leporatuta. Paris inguruan konfinatu zuen Laurence Le Vert epaileak, baina hilabete batzuk geroago Senperera itzuli ahal izan zen.

Armen alde eta aurka

ETAren hasierako urteetan «etsaiak egiten zuena egitea» defendatzen zuela kontatu zuen Madariagak berak 2014an BERRIAri emandako elkarrizketa batean: «Arlo kulturalean zerbait egiten genuenean, etsaiaren erantzuna guztiz desproportzionatua zen. Nik uste dut ETAk orduan gauza bakoitza bere momentuan egin zuela, baina, ikusiz etsaiaren erantzuna nolakoa zen, fase militarrera guk pentsatu baino askoz lehenago iritsi ginen, egoerak behartuta».

«Fase militarrera guk pentsatu baino askoz lehenago iritsi ginen, egoerak behartuta».

Julen Madariaga (Politikaria eta ETAren sortzaileetako bat)

1980ko hamarkadaren bukaerarako indarkeriarekin desadostasunak zituen, ordea, eta 1993an kritika publikoak egiten hasi zen, «barne mailan» ez ziotelako «kasurik» egiten. Batista i Viladrich kazetariaren ustez, funtsean, «ETA hasi eta bukatu» zuen: «Planteamendu politiko eta etiko bat zuen: indarkeria ez dela ona politikoki, eta independentziari kalte egiten ziola».

1980ko hamarkadaren bukaerarako indarkeriarekin desadostasunak zituen.

1995. urtean utzi zuen Herri Batasuna, eta Aralarrekin bat egin zuen gero: zenbait hauteskundetara aurkeztu zen haren zerrendetan. Azken urteetan, berriz, urrundua ibili zen politikaren lehen lerroetatik, 2014an bere autobiografia argitaratu zuen arte.

Patxi Zabaleta idazle, abokatu eta Aralarren koordinatzaile nagusi izandakoak ondoko testua idatzi zuen Madariaga hil zenean: Julen Madariagaren mezua.

Jatorrizko artikuluak