Erribera ihartzen ari da

  • Albistea entzun

Egoera «kritikoa» dela diote nekazariek, «amorragarria». Datozen egunetan euri gehiago egiten ez badu, Iruñerriko zereal uztak kolokan geratuko dira, eta Erriberako batzuk galdutzat eman dituzte dagoeneko.

Bardean kudeatzen ditudan lurretara hilabete inguru daramat joan gabe, ez baitut horretarako gogorik ere. Duela hilabete, nahiko kaxkar zeuden, eta ordutik ez du euririk egin». Hala azaldu du Erriberako lehortearen egoera Alberto Alfaro Cascanteko nekazariak. Bardean eta Cascanten bertan hainbat lursail ditu Alfarok, familiarengandik jasoak. Ia egunero begiratzen du eguraldiaren iragarpena, euria egingo duen itxaropenarekin, baina esan du azarotik hona ia ez duela euririk egin. Ureztatze sistemarik ez duten lurretan galdutzat ematen du aurtengo uzta: «Hemen, ekainaren erdian hasi ohi gara uzta jasotzen, baina aurten ziurrenik ezin izango da jaso ere egin. Landarearen altuera ez da nahikoa izango uzta makinek jaso ahal izateko».

«Ekainaren erdian hasi ohi gara uzta jasotzen, baina aurten ziurrenik ezin izango da jaso. Landarearen altuera ez da nahikoa izango uzta makinek jaso ahal izateko».

Alberto Alfaro (Cascanteko nekazaria)

Ezberdintasun handia dago Alfaroren idorcloseLehor.reko gari soroaren eta Victor Martinezen ureztatutako ilar zelaiaren artean. Baxua eta dentsitate txikikoa bata, eta berdea eta zulorik gabekoa bestea. Martinezek, beste bost bazkiderekin batera, ia 800 hektarea lur ditu Tutera inguruan, eta ureztatze sistemak dituztenetan uzta jaso ahal izango du. Halere, zelai horiek hornitzen dituzten urtegiak ohiko mailatik behera daude, eta horrek kinka larrian jartzen du urteko bigarren uzta, uda hasieran landatzen dena.  «Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin izan genuen azken bileran esan ziguten ura uztailaren 31 eta abuztuaren 15 bitartean amaituko dela», adierazi du Martinezek.

«Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin izan genuen azken bileran esan ziguten ura uztailaren 31 eta abuztuaren 15 bitartean amaituko dela».

Victor Martinez (Tuterako nekazaria)

Jatorrizko artikuluak