Toki Kultur Elkartea sortzea erabaki dute Donostiako guraso batzuek. Euskaraz pentsatu eta sortu dituzte mahai jokoak, aisialdia euskaldundu eta pantailak alde batera uzteko asmoz.
Irabazi-asmo barik, euskal kulturan oinarritutako euskarazko jokoak sortzeari ekin diote Iulen Asurmendik (Donostia, 1982) eta Jon Fernandezek (Donostia, 1983), beste hiru lagunekin batera. Adin tarte batetik aurrera euskaraz jolasteko aukerak hain urriak izan ez daitezen, pare bat mahai joko kaleratzear daude. Bide horretan, diru bilketa bat abiatu dute Itsulapikoa plataforman. 5.000 euro behar dituzte gutxienez, eta 3.660 badituzte oraingoz. Datorren astelehenean amaituko da epea.
Euskaraz sortu, euskaraz jolastu leloa aukeratu duzue. Hizkuntzak batu zintuzten?
JON FERNANDEZ: Mahai jokoen zaleak gara, baina gehienak erdaraz daude. Toki modu ona iruditu zitzaigun pasiocloseGrina, gogoa. hori zabaltzeko, bai eta umeen euskarazko aisialdia bultzatzeko ere. Euskara izan da ardatz nagusia: euskaraz pentsatu eta sortu ditugu jolasak, aisialdia euskalduntzeko.
IULEN ASURMENDI: Elkar ezagutu genuenean jabetu ginen interes eta ardura berak genituela. Gure seme-alabak ez zitezen gaztelerazko jokoetan aritu, euskarazko jolasak asmatzen genituen biok etxean. Horrela, elkarrekin jostatzen hasi ginen, gure jolas propioak sortzeko pausoa emateraino.
Aisialdiaren digitalizazioa borrokatzeko, betiko karta jokoetara jo duzue.
ASURMENDI: Garrantzitsua iruditzen zitzaigun jokoak aurrez aurrekoak izatea, pantailen alternatiba moduan. Eta, elkarrekin egote horretan, karta jokoak izan dira aukerarik merkeena eta errazena gurpila martxan jartzeko. Baina buruan baditugu beste hainbat ideia, taula eta guzti.
Mahaiaren ingurura mugatu ordez, kalea ere hartu duzue.
FERNANDEZ: Euskarazko aisialdia kalean bertan ere eskaini nahi diogu komunitateari, tailerrekin eta abar.
ASURMENDI: Abentura bat antolatu genuen AietencloseDonostiako auzoa., ihes gela moduko bat, eta oso ondo atera zen. Ardatz nagusia mahai jokoak diren arren, horrelakoetan ere jardun nahi dugu, denetariko aukerak edukitzeko: aisialdi geldia eta mugitua, baina beti euskaraz.
Haur parkeetan entzuten dena ez da jolasa, ezta?
FERNANDEZ: Egunerokoan bizi dugu hori, eta arduratzen gaitu. Parkean erdara asko entzuten da gure haurren artean, bai eta haur horien gurasoen artean ere, euskaraz badakiten arren.
ASURMENDI: Elkartearen helburu nagusia ez da euskara irakastea, baizik eta euskara erabiltzea. Edonor —izan heldua, izan haurra zein izan gaztea— euskaraz jolasteko toki batzuk izatea.
Pantailak baztertu gura izan arren, tentazioan jausi zarete.
ASURMENDI: Kontua ez da hainbeste digitalizazioa baztertzea, baizik eta alternatiba bat eskaintzea. Izan liteke teknologia berriez baliatzea, betiere aurrez aurreko jolasa bultzatzen bada. Gezurti aplikazioaren kasuan [sakelakorako rol jolas bat da, eta jada eskuragai dago, doan], euskarazko interakzioa izatea dugu helburu.
FERNANDEZ: Zalantzak izan genituen hasieran, baina pare bat aldiz testatucloseFrogatu. genuen, eta euskarazko giro itzela sortu zuen. Horrek bultzatu gintuen arriskatzera. Ezin dugu eragotzi sakelakoak existitzea; bada, sustatu dezagun halakoak ondo erabiltzea.
Zuen hizkuntza hautua argi dago. Baina nola asmatu zenuten haurren hizkuntza?
ASURMENDI: Esan bezala, gu asko jolasten gara. Agian frikicloseZaletasun zehatz batekiko lotura handia eta pasio handikoa duen pertsona. samarrak gara, eta gure seme-alabek gure bideari jarraitu diote. Latxa asmatu dugu orain, baina ondo atera ez diren beste lauzpabost joko ere sortu ditugu aurretik.
FERNANDEZ: Haiek badakite zer gustatzen zaien eta zer ez, eta argi esaten digute zerbait ez badute gustukoa, marrazkiak ez badaude ondo, araudia ez badute ulertzen... Bada, egokitu egiten dugu.
Jokoak sortuta dauzkazue, baina ekoizteko daude oraindik. Itsulapikoa erdi beteta ala erdi hutsik ikusten duzue?
FERNANDEZ: Nik erdi beteta eta berak erdi hutsik [barrez]. Egia esan, kanpainaren azken fasean gaude, eta minimora iristeko [5.000 euro] falta zaigu oraindik. Irrikan gaude iritsi eta gurpila martxan jartzeko.
ASURMENDI: Uste dugu proiektu honekin ekarpen bat egin diezaiokegula gizarteari, baina ekarpen horrek kostu bat dauka hasieran. Guk, oraingoz, gure dirua, denbora eta esfortzu guztia jarri ditugu, baina ez da nahikoa.
Latxa eta 1901, Azken Balea dira zuen aurreneko bi apustuak. Zer publikok irentsi du amua?
FERNANDEZ: Gertu-gertukoenek bazekiten zertan genbiltzan, baina hain hurbilekoak ez diren beste askok ere bat egin dute proiektuarekin, helburu berberak dituztelako: euskararen erabilera bermatzea, digitalizazioaren alternatiba bat eskaintzea... Besteak beste, Donostiako Aquariumeko lagunek babes handia eman digute, euskal balearen arrantzaren nondik norakoak arakatzen dituen jolasak interesa piztu baitie.
Ardiak, baleak... Hurrena, idiak?
FERNANDEZ: Ideia asko ditugu, eta ez dakigu norantz joko dugun. Hori bai, burutazio gehienak euskal kulturari lotuta daude: kartetarako, animaliekin aritu gara, baina taula jokoetarako kirolei begira ere jarri gara.
Jatorrizko artikuluak
-
Iulen Asurmendi eta Jon Fernandez: «Euskaraz pentsatu eta sortu ditugu jokoak, aisialdia euskalduntzeko»
Maddalen Ormaetxebarria |
|