Toki kultur elkarteko kideak

Iulen Asurmendi eta Jon Fernandez: «Euskaraz pentsatu eta sortu ditugu jokoak, aisialdia euskalduntzeko»

Donostiako hainbat guraso ohartu dira jolasak falta direla haurrak pantaila alde batera lagata eta euskaraz olgatzeko. Haietako bostek zerbait egitea erabaki dute, eta Toki kultur elkartea sortu.

Iulen Asurmendi eta Jon Fernandez, Toki kultur elkarteko kideak. JON URBE / FOKU
Iulen Asurmendi eta Jon Fernandez, Toki kultur elkarteko kideak. JON URBE / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Donostia
2026ko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabazi-asmo barik, euskal kulturan oinarritutako euskarazko jokoak sortzeari ekin diote Iulen Asurmendik (Donostia, 1982) eta Jon Fernandezek (Donostia, 1983), beste hiru lagunekin batera. Adin tarte batetik aurrera euskaraz jolasteko aukerak hain urriak izan ez daitezen, pare bat mahai joko kaleratzear daude donostiarrak. Bide horretan, diru bilketa bat abiatu dute Itsulapikoa plataforman. 5.000 euro behar dituzte gutxienez, eta 3.300 pasatxo badituzte oraingoz. Datorren astelehenean amaituko da epea.

Euskaraz sortu, euskaraz jolastu leloa aukeratu duzue. Hizkuntzak batu zintuzten?

JON FERNANDEZ: Mahai jokoen zaleak gara, baina gehienak erdaraz daude. Toki modu ona iruditu zitzaigun pasio hori zabaltzeko, bai eta umeen euskarazko aisialdia bultzatzeko ere. Euskara izan da ardatz nagusia: euskaraz pentsatu eta sortu ditugu jolasak, aisialdia euskalduntzeko.

IULEN ASURMENDI: Elkar ezagutu genuenean jabetu ginen interes eta ardura berak genituela. Gure seme-alabak ez zitezen gaztelerazko jokoetan aritu, euskarazko jolasak asmatzen genituen biok etxean. Horrela, elkarrekin jostatzen hasi ginen, gure jolas propioak sortzeko pausoa emateraino.

Aisialdiaren digitalizazioa borrokatzeko, betiko karta jokoetara jo duzue.

ASURMENDI: Garrantzitsua iruditzen zitzaigun kokoak aurrez aurrekoak izatea, pantailen alternatiba moduan. Eta, elkarrekin egote horretan, karta jokoak izan dira aukerarik merkeena eta errazena gurpila martxan jartzeko. Baina buruan baditugu beste hainbat ideia, taula eta guzti.

Mahaiaren ingurura mugatu ordez, kalea ere hartu duzue.

FERNANDEZ: Euskarazko aisialdia kalean bertan ere eskaini nahi diogu komunitateari, tailerrekin eta abar.

«Elkartearen helburu nagusia ez da euskara irakastea, baizik eta euskara erabiltzea. Edonor —izan heldua, izan haurra zein izan gaztea— euskaraz jolasteko toki batzuk izatea»

IULEN ASURMENDI Toki kultur elkarteko kidea

ASURMENDI: Abentura bat antolatu genuen Aieten, ihes gela moduko bat, eta oso ondo atera zen. Ardatz nagusia mahai jokoak diren arren, horrelakoetan ere jardun nahi dugu, denetariko aukerak edukitzeko: aisialdi geldia eta mugitua, baina beti euskaraz.

Haur parkeetan entzuten dena ez da jolasa, ezta?

FERNANDEZ: Egunerokoan bizi dugu hori, eta arduratzen gaitu. Parkean erdara asko entzuten da gure haurren artean, bai eta haur horien gurasoen artean ere, euskaraz badakiten arren.

ASURMENDI: Elkartearen helburu nagusia ez da euskara irakastea, baizik eta euskara erabiltzea. Edonor —izan heldua, izan haurra zein izan gaztea— euskaraz jolasteko toki batzuk izatea.

Pantailak baztertu gura izan arren, tentazioan jausi zarete.

ASURMENDI: Kontua ez da hainbeste digitalizazioa baztertzea, baizik eta alternatiba bat eskaintzea. Izan liteke teknologia berriez baliatzea, betiere aurrez aurreko jolasa bultzatzen bada. Gezurti aplikazioaren kasuan [sakelakorako rol jolas bat da, eta jada eskuragai dago, doan], euskarazko interakzioa izatea dugu helburu. 

FERNANDEZ: Zalantzak izan genituen hasieran, baina pare bat aldiz testatu genuen, eta euskarazko giro itzela sortu zuen. Horrek bultzatu gintuen arriskatzera. Ezin dugu eragotzi sakelakoak existitzea; bada, sustatu dezagun halakoak ondo erabiltzea.

Zuen hizkuntza hautua argi dago. Baina nola asmatu zenuten haurren hizkuntza?

ASURMENDI: Esan bezala, gu asko jolasten gara. Agian friki samarrak gara, eta gure seme-alabek gure bideari jarraitu diote. Latxa asmatu dugu orain, baina ondo atera ez diren beste lauzpabost joko ere sortu ditugu aurretik.

«Gure zaletasuna mahai jokoak dira, baina gehienak erdaraz daude. Iruditzen zitzaigun Toki modu ona zela pasio hori zabaltzeko, bai eta umeen euskarazko aisialdia bultzatzeko ere»

JON FERNANDEZ Toki kultur elkarteko kidea

FERNANDEZ: Haiek badakite zer gustatzen zaien eta zer ez, eta argi esaten digute zerbait ez badute gustukoa, marrazkiak ez badaude ondo, araudia ez badute ulertzen... Bada, egokitu egiten dugu.

Jokoak sortuta dauzkazue, baina ekoizteko daude oraindik. Itsulapikoa erdi beteta ala erdi hutsik ikusten duzue?

FERNANDEZ: Nik erdi beteta eta berak erdi hutsik [barrez]. Egia esan, kanpainaren azken fasean gaude, eta minimora iristeko [5.000 euro] falta zaigu oraindik. Irrikan gaude iritsi eta gurpila martxan jartzeko.

ASURMENDI: Uste dugu proiektu honekin ekarpen bat egin diezaiokegula gizarteari, baina ekarpen horrek kostu bat dauka hasieran. Guk, oraingoz, gure dirua, denbora eta esfortzu guztia jarri ditugu, baina ez da nahikoa. Hori ez da nahikoa lehen pausoa emateko.

Latxa eta 1901, Azken Balea dira zuen aurreneko bi apustuak. Zer publikok irentsi du amua?

FERNANDEZ: Gertu-gertukoenek bazekiten zertan genbiltzan, baina hain hurbilekoak ez diren beste askok ere bat egin dute proiektuarekin, helburu berberak dituztelako: euskararen erabilera bermatzea, digitalizazioaren alternatiba bat eskaintzea... Besteak beste, Donostiako Aquariumeko lagunek babes handia eman digute, euskal balearen arrantzaren nondik norakoak arakatzen dituen jolasak interesa piztu baitie.

Ardiak, baleak... Hurrena, idiak?

FERNANDEZ: Ideia asko ditugu buruan bueltaka, eta ez dakigu norantz joko dugun. Hori bai, burutazio gehienak euskal kulturari lotuta daude: kartetarako, animaliekin aritu gara, baina taula jokoetarako kirolei begira ere jarri gara.

LOTSABAKO

Mahai joko bat?
FERNANDEZ: HeroQuest. ASURMENDI: One Deck Dungeon.

Parkerik gustukoena?
BIEK: Uliako askaldegia [Donostia].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA