Hiesaren pandemia

  • Albistea entzun

Lehen kasuak agertu zirenetik 1981ean, 79,3 milioi lagun infektatu dira munduan, eta 36,3 milioi hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz. GIB positibo diren bi pertsonari eman die hitza BERRIA telebistak: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri. 90eko hamarkadan jakin zuten seropositibo zirela, eta ordutik hona bizi izandakoak kontatu dituzte.

Duela lau hamarraldi inguru hasi zen ofizialki hiesaren pandemia. Pandemia horrek milaka hildako eragin ditu Euskal Herrian: 1984tik 1996ra, lehen olatuan, 2.528 hildako utzi zituen denera Hego Euskal Herrian. Gainera, oraingoan ez bezala, gazteak ziren hiltzen ziren gehienak. 1996tik aurrera heldu ziren birusari aurre egiteko botika eraginkorrak.

Koronabirusarekin gertatu den moduan, GIB birusak ere galdera ugari sorrarazi zituen komunitate zientifikoan. 40 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean, ordea, galdera gehienei erantzuna ematea lortu du zientziak.

Hala ere, gaitz horren aurkako borroka oraindik bizirik dagoela gogoratzeko, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuten abenduaren lehena. Izan ere, urtero atzematen dira positibo berriak, eta osasun publikoko arazo bat da oraindik ere: Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 134 kasu positibo diagnostikatu zituzten 2020an Hego Euskal Herrian. 

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 134 kasu positibo diagnostikatu zituzten 2020ean Hego Euskal Herrian.

Infektatuek, gainera, badituzte aparteko arazoak; gizartean nor izateko bidean sortuak dira gehienak: GIB sozialak eragindakoak.

BERRIAk elkarrizketatu duen Quarraisha Abdool Karim epidemiologoaren arabera,  gizadiak «askotariko epidemiei» aurre egiteko prestatu behar du, eta nabarmendu du GIBaren eta COVID-19aren aurkako borrokak ezin direla gainditu desberdinkeriari aurre egin gabe.


Jatorrizko artikuluak