Zertarako orduan matematika, fisika, zuzenbidea, literatura, biologia, filologia edo filosofia?

Ricardo Blanco eta Gontzal Lopez |
  • 405 hitz

Ricardo Blanco eta Gontzal Lopez EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikerlariak dira, eta, iritzi artikulu honetan, egungo hezkuntza sistemaren kalitatea ataka larrian dagoela diote. 

Gure amonek kontatu digute umeak direnetik dabiltzala lanean. Garai horietan gutxi batzuk baino ez ziren eskolara joaten; asko ziren gaur egun derrigorrezko hezkuntza bezala ezagutzen dena ez bukatzera behartuta zeudenak. Unibertsitatean ikastea kimeracloseametsa, ilusioa, fantasia bat zen, posizio ekonomiko pribilegiatua zutenentzat bakarrik erreserbatutako aukera. Hala, ezagutza zientifiko-filosofikoa gutxi batzuen eskura zegoen.

Hezkuntza publiko, doako eta kalitatezkoaren orokortzea izan zen klase apalenen borrokaren garaipen garrantzitsuenetako bat. Horregatik ere, zalantza barik, hezkuntza edukiz hustu nahi dute orain eta, larriagoa dena, horren beharraz konbentzitu gaituzte. Jada ez da zorroztasun kontzeptualik eta horrek dakarren ezagutza sakonik behar, horrek ez omen du balio erantsirik sortzen merkatuan. Horren ordez, bestelako abilezia multzoa irakatsi behar da, estoizismo merkea —barkatu itzazu, Marko Aurelio—: erresilientzia, moldatzeko gaitasuna, nork bere burua birziklatzeko trebezia, ikasten ikastea... emanak zaizkigun lan eta bizi baldintza hipermodernoaren eufemismoclosegogorregia suerta daitekeen hitz baten ordez erabiltzen den hitz ustez leunagoa, maiz errealitate gogorrak ezkutatzeko erabilia guztiak era akritikoanclosegauzak edo teoriak bere horretan onartzea, zalantzan jarri gabe onartzeko aproposak. Langile apartak. Eta errealitatea den bezalakoa interpretatzeko tresna arrazionalik? Hori ez, hori makinek egin dezatela.  

Pertsona ororen ezagutza bermatzeko baldintza minimoak eskatu eta haien alde borrokatu ordez —curriculum exijenteak, irakasle/ikasle ratioak, finantzaketa—, gure eskola, institutu eta unibertsitateetan ezjakintasuna demokratizatzen uzten gabiltza, edukien barneratzea —motela, kritikoa, sakona— edukien kontsumoarekin —azkarra, akritikoa, azalekoa— ordezkatuz. Errazagoa da, erosoagoa, gatazkarik gabekoa. Larritzekoa da, gainera, ezagutzarekiko zentsura ez dela «goitik» soilik sortzen; ahalegin intelektuala exijitzen duen oro baztertzen duen gizarte batetik baizik. Baina Gorka Urbizuk kantatu bezala: «Nola bizi daiteke erantzuna duten galderak bakarrik eginez?».

Egungo hezkuntza-sistemaren kalitatea ataka closeegoera, momentularrian dago. Bradbury-k Fahrenheit 451 distopian aurreikusi bezala, hezkuntza-maila guztietan testuak sinplifikatzen doaz, pantailek liburuak ordezkatu dituzte eta giza zientzien garrantzia teknologiarekiko miresmen irrazionalak ordezkatu du. Antza ez da ezagutza sakonik behar produkzio eta kontsumo azkarraren gurpilean sartu eta arrakasta gisa definitzen den hori lortzeko; nire profila ondo saldu eta orain, gainera, adimen artifizialak nire ordez pentsa badezake, zertarako ahalegindu? Hala, zentzu komunaren, ustearen, iritziaren eta erlatibismoaren loraldia bizi dugu, edozerk balioko balu bezala. Errealitatearen benetako ulermenak dakartzan zailtasun, borroka eta ezinegon intelektualak, baina, ez dira oztopo bat, gizartea babesten duten baldintzak baizik.

Zertarako orduan matematika, fisika, zuzenbidea, literatura, biologia, filologia edo filosofia? Dialisi bat egiteko? Minbizia tratatzeko? Ur-horniketa segurtasunez bermatzeko? Zer motatako teknologiak eta zertarako nahi ditugun eztabaidatu eta erabakitzeko? Historia ulertzeko? Autonomia indibiduala eta kolektiboaren baldintzak pentsatzeko? Izatearen eta bizitzaren zentzuaren inguruan hausnartzeko? Egiara, Justiziara eta Edertasunera —letra larriz, filosofo klasikoak bezala— hurbiltzeko? Ez diezaiogun konputagailuari galdetu.

Jatorrizko artikuluak