EHU-ko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikerlariak

Jakin-minaren amildegia: zergatik ezagutza?

Ricardo Blanco eta Gontzal Lopez
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer jakin, zer egin eta zer espero dezaket? Kantek bere buruari egindako ezagutza, etika eta giza bilakaeraren inguruko galdera hirukoitz horren bereganatzeak hutsune existentziala sortu beharko luke edozeinengan. Hutsune horrek, halaber, ezagutza-egarria dakar ezinbestean. Egun, kasurik onenean, galdera hori konputagailuari egingo genioke. What a time to be alive.

Gure amonek kontatu digute umeak direnetik dabiltzala lanean. Garai horietan gutxi batzuk baino ez ziren eskolara joaten; beste batzuek klaseak jasotzen zituzten etxean bertan, lan egin eta gero, kanpoko irakasle bat nola edo hala ordainduta; eta beste asko gaur egun derrigorrezko hezkuntza bezala ezagutzen dena ez bukatzera behartuta zeuden. Unibertsitatean ikastea kimera bat zen, posizio ekonomiko pribilegiatua zutenentzat bakarrik erreserbatutako aukera. Hala, ezagutza zientifiko-filosofikoa gutxi batzuen eskura zegoen, desjabetuta erabat.

Aldiz, errealitatea eraldatzeko, errealitatea ulertu behar da. Horregatik, hezkuntza publiko, doako eta kalitatezkoaren orokortzea ­—bere muga guztiekin, noski— izan zen klase apalenen borrokaren garaipen garrantzitsuenetako bat. Horregatik ere, zalantza barik, hezkuntza edukiez hustu nahi dute orain eta, larriagoa dena, horren beharraz konbentzitu gaituzte. Jada ez da zorroztasun kontzeptualik eta horrek dakarren ezagutza sakonik behar, horrek ez omen du balio erantsirik sortzen merkatuan. Horren ordez, bestelako abilezia multzoa irakatsi behar da, estoizismo merkea —barkatu itzazu, Marko Aurelio—: erresilientzia, moldatzeko gaitasuna, nork bere burua birziklatzeko trebezia, ikasten ikastea... emanak zaizkigun lan eta bizi baldintza hipermodernoaren eufemismo guztiak era akritikoan onartzeko aproposak. Langile apartak. Eta errealitatea den bezalakoa interpretatzeko tresna arrazionalik? Hori ez, hori makinek —edo ahaldun berriek— egin dezatela.

Pertsona ororen ezagutza bermatzeko baldintza minimoak eskatu eta haien alde borrokatu ordez —curriculum exijenteak, irakasle/ikasle ratioak, finantzaketa—, gure eskola, institutu eta unibertsitateetan ezjakintasuna demokratizatzen uzten gabiltza, edukien barneratzea —motela, kritikoa, sakona, serotoninikoa— edukien kontsumoarekin —azkarra, akritikoa, azalekoa, dopaminikoa— ordezkatuz. Errazagoa da, erosoagoa, gatazkarik gabekoa. Larritzekoa da, gainera, ezagutzarekiko zentsura ez dela «goitik» soilik sortzen; ahalegin intelektuala exijitzen duen oro baztertzen duen gizarte batetik baizik. Baina Gorka Urbizuk kantatu bezala: «Nola bizi daiteke erantzuna duten galderak bakarrik eginez?».

Pertsona ororen ezagutza bermatzeko baldintza minimoak eskatu eta haien alde borrokatu ordez —curriculum exijenteak, irakasle/ikasle ratioak, finantzaketa—, gure eskola, institutu eta unibertsitateetan ezjakintasuna demokratizatzen uzten gabiltza, edukien barneratzea —motela, kritikoa, sakona, serotoninikoa— edukien kontsumoarekin —azkarra, akritikoa, azalekoa, dopaminikoa— ordezkatuz

Egungo hezkuntza-sistemaren kalitatea ataka larrian dago. Bradbury-k Fahrenheit 451 distopian aurreikusi bezala, hezkuntza-maila guztietan testuak sinplifikatzen doaz, pantailek liburuak ordezkatu dituzte eta giza zientzien garrantzia teknologiarekiko miresmen irrazionalak ordezkatu du. Antza ez da ezagutza sakonik behar produkzio eta kontsumo azkarraren gurpilean sartu eta arrakasta gisa definitzen den hori lortzeko; nire profila ondo saldu eta orain gainera adimen artifizialak niren ordez pentsa badezake, zertarako ahalegindu? Hala, zentzu komunaren, ustearen, iritziaren eta erlatibismoaren loraldia bizi dugu, edozerk balioko balu bezala. Errealitatearen benetako ulermenak dakartzan zailtasun, borroka eta ezinegon intelektualak, baina, ez dira oztopo bat, gizartea babesten duten baldintzak baizik. Jakin-mina hitz ederra da, mina delako ezagutzaren amildegiak dakarrena, min askatzailea. Horregatik, gure amonek ondo ulertu zuten bezala, erdibiderik gabeko hezkuntza ezin da gutxi batzuen luxu intelektuala izan, norbanako ororen eskubidea baizik, autonomia pertsonal eta kolektiboaren ezinbesteko baldintza alegia.

Zertarako orduan matematika, fisika, zuzenbidea, literatura, biologia, filologia edo filosofia? Dialisi bat egiteko? Minbizia tratatzeko? Ur-horniketa segurtasunez bermatzeko? Zer motatako teknologiak eta zertarako nahi ditugun eztabaidatu eta erabakitzeko? Historia ulertzeko? Autonomia indibiduala eta kolektiboaren baldintzak pentsatzeko? Izatearen eta bizitzaren zentzuaren inguruan hausnartzeko? Egiara, Justiziara eta Edertasunera —letra larriz, filosofo klasikoak bezala— hurbiltzeko? Ez diezaiogun konputagailuari galdetu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE