Moliere, barrea eraginez gizartea kritikatzeko abilezia

  • Albistea entzun

Moliere idazle eta antzerkigile frantziarra jaio zenetik laurehun urte bete dira. Gizakiaren argi-ilunak umorearen eta ironiaren bitartez deskribatu zituen, maisuki. Mundu osoan ezagun diren haren bi obra, ‘Tartufo’ eta ‘Zekena’, euskarara itzulita daude. 

Parisen sortu zen Moliere, 1622ko urtarrilaren 15ean, eta haren benetako izena Jean-Baptiste Poquelin zen. Erregetzarekin lotutako familia batean jaio zen, haren aita, Jean Poquelin, erregetzaren tapizatzailea zelako. Moliereren ama, Marie Cresse, hark 10 urte zituenean hil zen. Uste denez, haren osaba-izebek antzokietara eramaten zuten Moliere, eta txikitatik erakarri zuen antzerkiak. 

Hasieran aitaren urratsak segitu zituen, eta Luis XIII.aren tapizatzaile postua lortu zuen. Baina gutxi iraun zuen hor: Bejart komedianteen familia ezagutu zuen, eta erosotasunak uztea eta bokazioari jarraitzea erabaki zuen. 1643an, L'Illustre Theatre taldea sortu zuen, Bejartekin batera, eta, hurrengo urtean, konpainia zuzentzen hasi zen. Hastapenak zailak izan ziren Moliere eta haren kideentzat; porrot asko pilatu zituzten. Orduan hartu zuen artistak Moliere ezizena, ustez haren familiari kalterik ez egiteko. Hainbat estropezutako bolada batean, konpainiak zorrak pilatu zituen, ezen Moliere zenbait egunez kartzelatu baitzuten, 1645ean.

Aske irten zenean, Paris utzi eta herrialde osoan zehar ibili zen zenbait urtez, Charles Dufresne aktorearen konpainiarekin batera. 1650ean L'Illustre Theatreren zuzendaritza hartu zuen berriro, eta hurrengo urteetan bere lehen fartsa eta komediak idatzi zituen: L'Étourdi ou les Contretemps eta Le Dépit Amoureux. Ikusleen estimua lortzen hasi zen, eta haren ospea erregearen anaiarengana iritsi zen: Filipe I.a, Orleanskoa. Haren mezenasgocloseArtista, idazle edo zientzialariei, beren lana egin dezaten, ematen zaien babesa.
ari esker, Molierek beste aktore batzuek baino bizimodu erosoagoa zuen.

Filipe I.a Orleanskoaren mezenasgoari esker, Molierek beste aktore batzuek baino bizimodu erosoagoa zuen.

1659ko Les Précieuses ridicules komedia arrakastatsuak berretsi zuen haren sona, bai eta Luis XIV.a erregearen babesa ere: haren aurrean tragedia bat eta fartsa bat antzeztu zituen, eta Errege Jauregian kokatu zen, 1660an. Madeleine Bejarten maitalea izan zen hainbat urtez, baina 1662an haren ahizparekin ezkondu zen, Armande Bejartekin, eta horrek eragin zuen gizarte tradizionalak Moliere lizuntzat jotzea. Mesfidantza, baina, inspirazio iturri gisa erabili zuen, eta kritikatzen zutenak barregarri uzten hasi zen, satirarekin.

1664an, erregeak gorteko dibertimenduen arduradun izendatu zuen. Urte berean, Elizaren hipokrisia salatzen zuen Tartufo idatzi zuen, eta eskandalua piztu zuen: antzezlana bost urtez zentsuratu zuten, eta emanaldi pribatu batzuetan baino ez zuten interpretatu. Urtebete geroago, Tirso de Molinaren El burlador de Sevilla lanean oinarritutako Dom Juan idatzi zuen, Tartufo-rekin batera Moliereren komedietan gehien jazarria. Aldiz, ordurako, Moliereren konpainia errege konpainia bihurtua zen. Baina dramaturgoaren arrakasta gero eta handiagoa zenean, haren osasuna ahultzen hasi zen, tuberkulosiaren ondorioz.

1664an, erregeak gorteko dibertimenduen arduradun izendatu zuen. Urte berean, Elizaren hipokrisia salatzen zuen Tartufo idatzi zuen: antzezlana bost urtez zentsuratu zuten.

Moliereren azken lana Le Malade imaginaire izan zen. Obra horretan, medikuaren lanbidea satirizatzen zuen: Argan izeneko protagonista saiatzen zen alaba konbentzitzen bere medikuaren semearekin ezkon zedin, osasun gastuetan aurrezteko. Molierek berak gorpuzten zuen Argan oholtzan, eta, paradoxikoki, obraren laugarren emanaldian, ondoezik sentitzen hasi zen; etxera eraman zuten, eta handik egun batzuetara hil egin zen, 1673an. Harengandik dator oholtza gainean horiz ez janzteko sineskeria, emanaldi hartan zeraman arroparen kolorea hori zela uste baita.

Harengandik dator oholtza gainean horiz ez janzteko sineskeria, hil aurreko azken emanaldian zeraman arroparen kolorea hori zela uste baita.

Moliere hil ondoren ez ziren itzali hari lotutako eztabaidak: Elizak ez zuen onartu haren gorpua hilerri batean lurperatzea, iritzita aktore lanbidea ez zela duina, eta erlijioari kritikak egin zizkiola. Moliereren alargunak erregeari eskatu zion hileta bat izan zezala, gauez, eta hark baiezkoa eman zuen. Hilerrian lurperatu zuten, baina ez edozein tokitan: jaio berritan bataiatu gabe zendutako haurrei gordetakoan.

Hil eta zazpi urtera, Comedie-Français antzokia inauguratu zuten. Molierek ezin izan zuen ikusi, baina erakunde horren bultzatzaile nagusitzat jotzen da.


Jatorrizko artikuluak