Natura euskaraz izendatzen zutenekoa

  • 411 hitz
  • Albistea entzun

Hernani inguruko ornodunei buruzko herri jakituria liburu batean bildu dute Eñaut Agirre Goia filologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak. Euskara eta natura uztartuta, desagertzen ari den mundu ikuskera bat jaso dute 150 espezieri buruzko fitxetan, transmisioan gertatzen ari den etena leuntzeko asmoz.

Hernaniko (Gipuzkoa) eta inguruko herri eta auzoetako edadetuei anfibioen eta narrastien izenez galdetzen hasi zitzaizkien, baina, horiez gain, naturari begiratzeko eta behatzeko modu bat jaso zuten. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ezagutza hori guztia grabatu, sailkatu, txukundu, osatu eta liburu batean kaleratu dute Eñaut Agirre Goia filologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak: Gure faunari eta florari begira. Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea: euskara, ezagutza, sinesmenak...

Ikasi zuten, besteak beste, okil handiari okil pintobeltxa, okil txoriya, okil burubeltxa, okil burugorriya eta basaokilla deitzen ziotela; satitsuari xagu muturluzia; tuntun arruntari elur-txoriya edo amabirjin-txoriya. Dozenaka izen berri. Baina ikasi zuten izokinak garai batean non, noiz eta nola ibiltzen ziren; txori bakoitzak nola hegan egiten duen; nola habia; ugaztun guztien gorotzek ez dutela usain bera... 

Liburua ez da herritarrek esandakoaren laburbilduma: haiek animalei buruz esandakotik abiatuta espeziez espezie osatutako dibulgazio lana baizik.

Bukaeran, 24 orduko grabazio bat zuten. Grabazio hori ordubeteko dokumental batean laburbildu zuten: Burbunak eta etsayak: Hernaniko natura eta ahozko ondareari tiraka. Dokumentala egiteko, Ereñotzuko (Hernani) Auzo Udalaren babesa izan zuten. Eta erakunde horrek berak animatu zituen liburu bat egitera, grabazioan bildutako materialean oinarrituta. Liburua Urumea inguruko ornodunei buruzkoa da: arrainak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak. 150 espezie guztira, fitxetan antolatuta.

Liburua, ordea, ez da ohiko liburua, ezagutza zientifikoa —kasu honetan biologiari dagokiona— herri jakinduriarekin uztartzen baitu. Azken batean, animalia espezieei buruzkoa izanda ere, gizakiek animalia horiekin izan duten harremanean oinarritzen da. Hala ere, liburua ez da herritarrek esandakoaren laburbilduma, dibulgazio lana baizik, haiek animalei buruz esandakotik abiatuta espeziez espezie osatua. Oinarri zientifikoa du, eta hainbat adituk gainbegiratu dute atal bakoitza. Espezie horiei buruzko kondairak eta istorioak ere sartu dituzte.

Transmisioaren etena

Munduari, naturari begiratzeko modu bat islatzen du liburuak, eta behaketa horren bidez ikasitakoa eta transmititutakoa erakusten du. «Euskaldunak nola begiratu izan dion naturari», Agirreren esanetan. «Begiradan, behaketan oinarritutako jakintza bat da, garai bateko ikasketa modua». Norberak ikasitakoa eta aurreko belaunaldiek transmititutakoa.

Begirada hori ia galdua da. Gaur egun, herritar askorentzat txori guztiak dira txori, eta zuhaitz guztiak zuhaitz. Sanz-Azkuerentzat, gizartea aldatzeak eragin du begirada hori galtzea. Hiru aldaketa nabarmendu ditu. Lehena, presa; bigarrena, gaur egun oso jende gutxik egiten duela lan naturan; eta, hirugarrena, transmisioaren etena. Burbunak eta etsayak dokumentalean, bada herritar bat dioena garai batean baserrietan hiru belaunaldi bizitzen zirela elkarrekin. Elkarri entzuten zioten, elkarrengandik ikasten zuten, eta bide ematen zitzaion jakintzaren belaunaldien arteko transmisioari. «Liburu hau ikusten edo irakurtzen duena konturatuko da zenbat gauza ari zaizkion ihes egiten inguruan», uste du Sanz-Azkuek. 

Hernanitik Euskal Herrira

Hernani inguruan animalia espezie horiei nola deitzen dieten jaso dute, herritarrek esandako moduan, baina Euskal Herriko beste izendapen batzuekin ere alderatu dituzte izen horiek, eta euskal literaturako aipamenekin osatu. Agirre arduratu da lan horretaz. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean animalia espezierik ezagunenak behintzat topatu ditu, eta ikusi ahal izan du Euskal Herriko beste toki batzuetan zer esaten zuten espeziei horiei buruz. «Konturatzen zara askotan bat egiten duela Hernani inguruan esaten denak beste lekuetakoekin», zehaztu du. «Espezie bakoitzarekin badago halako jakintza konpartitu bat, eta horrek erakusten du, neurri handi batean, kultura bat bera izan garela, hasi Bizkaitik eta Zuberoara». Horregatik, bi egileek uste dute liburuaz gozatuko dutela ez bakarrik Hernani inguruko herritarrek, baita Euskal Herri guztikoek ere.

«Espezie bakoitzarekin badago halako jakintza konpartitu bat, eta horrek erakusten du kultura bat bera izan garela, hasi Bizkaitik eta Zuberoara».

Eñaut Agirre Goia (filologoa)

Naturari buruzko liburu bat da, baina euskarazko ahozko ondarean oinarritua eta euskararen bidez jasoa. Ekosistema bereko bi elementutzat hartzen dituzte Agirrek eta Sanz-Azkuek: «Askotan begiratu izan diegu natura eta euskara elementu bakanak izango balira bezala, baina liburu honetan garbi dago euskarak eduki duela iturri bat, natura, eta sortu duela ahozkotasun bat, naturatik etorria».

Mundua ikusteko sekulako jauzia nabaritu du Agirrek: «Guk geure burua naturatik kanpo ikusten dugu, baina haiek naturaren barruan daude. Hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Haientzat haien inguruak ez du logikarik euskararik gabe. Euskaraz hitz egiten dute haien parte delako».

Jatorrizko artikuluak