Nora Gomez: «Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

  • Albistea entzun

Jende askok ezagutzen du Nora Gomez (Santander, Espainia, 1957); izotz hockeyko jokalaria izateagatik, komertzial lanagatik, eta Nafarroan LGTBI elkarteetan egiten duen lanarengatik. 50 urtez sekretuan gorde zuen emakume zela, baina duela hamarkada bat lehertu zen.

Noiz hasi zinen izotz hockeyan?

14 urterekin. Atletismoa egiten nuen, baina izotz pista paratucloseJarri. zuten etxetik 500 metrora [Donostian igaro zuen haurtzaroa]. Garai hartan booma izan zen, eta kuadrilla guzia joan ginen patinatzera. Hiruzpalau hockeyan sartu ginen, eta Espainiako selekzioan ere aritu nintzen junior eta senior taldeetan nengoela.

Txuri-Urdinen aritzen zineten?

Bai, eta dena irabazten genuen. Hasieran hala zen; ligan goian joaten ginen.

Senior taldean serioago hartu behar zen?

Hasieratik hartu genuen serio. Noski, ikasketak eta entrenamenduak genituen, baina ongi aritu nintzen bietan. Argiketari aritzeko ikasi nuen, baina iturgin lanetan hasi nintzen. Gero salmentekin hasi, eta komertzial egin nintzen. 35 urte egin ditut zuzeneko salmentan.

Zazpi ahizpa zenituen. Nola izan zen zure haurtzaroa?

Gertatzen zaizunaz ohartzen ez zarenean, uste duzu gustuko duzuna besteek ere gustuko dutela. Gero ohartzen zara ez dela horrela. Nire ahizpen arropak janztea maite nuen, eta hori ezkutatu dut nire bizitza osoan. Aita oso matxista zen, gainera. Ezkutatu behar nuen. Behin, aitaren Interviú aldizkari bat aurkitu nuen. Bibiana Fernandez ageri zen emakume jantzita, makillatuta eta hankartea erakusten. «Joder, hori ni naiz!», esan nuen.

«Nire ahizpen arropak janztea maite nuen, eta hori ezkutatu dut nire bizitza osoan. Aita oso matxista zen».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Zenbat urte zenituen?

15 edo 16. Ohartu nintzen ez nintzela munduko arraroena. Bibiri buruz irakurtzen hasi nintzen, baina informazioa ez genuen orain bezain eskuragarri. Justu-justu genuen etxeko telefonoa.

Ahizpek ere ez zekiten?

Inor ez zen nire transexualitateaz jabetu armairutik atera nintzen arte. Inor ez enteratzeko kontu handiz ibiltze horrek min handia egiten du.

Baina bizimodu horretan jarraitu zenuen urte askotan.

Emakumeak bezala janztea maite nuela esan nion nire emazteari. Gero zerbait asmatu nuen, eta jantzi guziak zaborretara bota nituen. Biharamunean damutu nintzen horretaz. Zer eginen diogu ba. Hortik aurrera, bikotean ere sekretua izan zen emakumeak bezala janzten nintzela.

Etxean janzten zinen horrela?

Bai, noski, ez zegoen beste aukerarik. Bakarrik nengoenean, emakumeak bezala janzten nintzen, eta emakume sentitzen nintzen. Urteek aurrera egin zuten, seme bat izan genuen, baina Interneten ikusten hasi nintzen zer nintzen. Kattalingorriko Ivan Gardek esan zidan emakume trans bat nintzela, eta grinacloseGogoa, joera. hori handituz eta handituz joanen zela, eta urratsak eginen nituela. Hala izan zen.

Noiz hasi zinen urratsak egiten?

Gustura nengoen nire lanarekin, familia bizitzarekin... baina, egun batean, ezkutuan nituen gauzak aurkitu zituen emazteak. Sekulako sustoa hartu zuen; engainatzen nuela pentsatu zuen. Negar eta min handiko momentuak izan ziren. Azaldu nion emakume bat nintzela gizon baten gorputzean, eta benetan nintzena izan nahi nuela. Psikologo batengana jo genuen harremanarekin jarrai genezakeen ikusteko. Bost urtez saiatu ginen; ongi hasi zen dena, baina azkenean banatu ginen; bera ez zen lesbiana sentitzen.

«Gustura nengoen nire lanarekin, familia bizitzarekin... baina, egun batean, ezkutuan nituen gauzak aurkitu zituen emazteak».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Semearekin ongi? 

Semeak 18 urte zituen, eta ongi onartu ninduen. Oso harreman ona dugu. Atzerrian bizi da, baina Eguberriak elkarrekin igarotzen ditugu. Emazte ohiarekin ere badut harremana.

Oso zaila izanen zen ezkutuan ibiltzea.

Askorentzat pentsaezina da hau pasatzea, baina nik egin dut. 50 urtez sekretu bat gorde nuen, nik bakarrik. Pentsa!

Gero familiako gainerakoei kontatu zenien?

Ahizpei amaren urtebetetze batean kontatu nien. Hasieran, gauzak leporatzen hasi ziren, baina azkenean denek onartu ninduten, eta besarkada bat eman zidaten. Geroago, nire ama enteratu zenean, inoiz ez bezala besarkatu ninduen.

«Hasieran  [ahizpei esan zienean], gauzak leporatzen hasi ziren, baina azkenean denek onartu ninduten, eta besarkada bat eman zidaten. Geroago, nire ama enteratu zenean, inoiz ez bezala besarkatu ninduen».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Noiz erabaki zenuen trantsizioarekin hastea?

Emazte ohiarekin harremana ezinezkoa zela ikustean. Gaur egun TransbidclosePertsona transexualen, transgeneroen eta intersexualen arreta bermatzeko Osasunbideako unitatea.e den horretara jo nuen, psikologoarengana. Hormonak hartzen hasi nintzen. 2010ean izan zen.

Lehenago Bartzelonara joan zinen, ezta?

Hori izan zen emakume jantzita karrikara atera nintzen lehenbiziko aldia.

Nola oroitzen duzu egun hura?

Bizi nuena sekulakoa izan zen. Bartzelonan trans talde batekin gelditua nintzen. Hotelean arropak aldatu, eta Nora bezala metrora joan nintzen, bakarrik, takoi handi batzuk jantzita. Dardarka nengoen. San Jaume plazara joan, ileorde bat erosi, eta geldituak ginen lokalera joan nintzen. Kontatu nienean, ez zuten sinesten. Orain pentsatuta, erotuta nengoela uste dut. Baina behar nuen ni izan, ahal nuela eta banintzela erakutsi behar nuen; beraz, egin egin nuen.

Orduan hasi zinen LGTBI aktibismoan?

Trantsizioaren ondoren hasi zen benetako aktibismoa. Bangkokera ebakuntza egitera joan eta gero hasi zen nire lana elkarteetan. Julian Iantzik elkarrizketa egin zidan NTBn, eta hortik aurrera ez naiz gelditu.

Zer moduz Bangkokera egin zenuen bidaia eta ebakuntza?

Argi eta garbi nuen operatu nahi nuela. Gizarte Segurantzarekin borrokan ibili nintzen bi urtez; epaiketa irabazi, eta Bangkokera joan nintzen. Zoratzen nengoen.

Zergatik Bangkok?

Zure bizitza jokoan badago, ebakuntza onenek egitea nahi duzu. Onenak Thailandian daude. Gainera, merkeagoa da han, hiru aldiz merkeagoa, eta, bidenabarcloseBide batez., bidaia bat egiten duzu.

Zer ekarri zizun trantsizioak?

Trantsizioa eta ebakuntza egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da. Egin zidatena ispiluarekin erakutsi zidatenean, malkoak isurtzen hasi nintzen. Eskerrak lagun bat nuela ondoan, estu-estu besarkatu bainuen. Nire sentipenak kontatzean, berak esan zidan erditu zeneko sentsazio berak deskribatzen ari nintzaiola. Sekulakoa izan zen. Handik bost egunera, bendak kendu zizkidatenean, pentsa, ebakuntza egin berri, nola zegoen hori... ba, eder-ederra ikusi nuen. Itzultzean, sentitu nuen nahi bezala jantzi nintekeela, ez nuela deus ezkutatzeko.

«Egin zidatena ispiluarekin erakutsi zidatenean [ebakuntzaren ondoren], malkoak isurtzen hasi nintzen».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Gero, ahotsa feminizatzeko ebakuntza egin zenuen?

Medikuak esan zidan zaila izanen zela ahotsa hobetzea, adinagatik. Pixka bat bai, baina ez nahi adina. Orain pixka bat zoliagoacloseFinagoa. da. Hobe da operazioa gazterik egitea.

Nafarroako Parlamentuak 2017an onartu zuen LGTBI legea. Nola izan zen hori?

PSNk egin zuen lege proposamena, eta guziek egindako lan mardularen emaitza izan zen: gobernua, parlamentariak, elkarteak... Astero elkartzen ginen parlamentuan, eta 2017ko ekainean onartu zen legea. Zoragarria izan zen.

Garai horretan arazorik gabe onartu zen legea Iruñean. Orain [legea onartu aurretik egin zen elkarrizketa, azaroaren 27an], Espainian trans legea onartu nahian dabiltzala, giroa nahastu egin da. Nola bizi duzu?

TERFcloseIngelesezko trans-exclusionary radical feminist terminoaren akronimoa.
ekin? Ez dut bat bera ere ezagutzen. Ez dut eztabaida hori ulertzen, egia esan. Haietako bat bera ere ezin da nire larruan jarri, ezin dute jakin zer pasatu dudan orain naizena izateko. Gizonek legea honetarako eta horretarako baliatuko dutela diotenean, hori harrigarria da, ezinezkoa. Nahiko nuke naizen modukoa sortu izan banintz, baina ez da hala izan. Ni ez nago gaixo, ezta gutxiago ere. Osasun bikaina dut, eta nire adinarekin kirola egiten jarraitzen dut. Ez diot inori minik egiten; emakumeen alde borrokatzen naiz. Are, soilik emakumezkoak biltzen dituen elkarte bateko lehendakaria naiz [Deumas LBT elkartean].

«Gizonek legea [Espainiako trans legea] honetarako eta horretarako baliatuko dutela diotenean, hori harrigarria da, ezinezkoa».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Mezu transfobo horiek gizartean txertatzeak kezkatzen zaitu?

Noski, ez baitira benetakoak. Ni emakume transa naiz. Nire prozesua egin dut, nire lanketa, baina gazte asko sufritzen ari dira. Zorionez, guraso batzuk haurrak txikiak direnean ohartzen dira; orain gurasoen eta gurasoak laguntzen dituzten elkarteen babesa dute. Utz diezaiegun beren lana egiten. Izan dezagun denek zoriontsu izateko aukera. 

Gazteen artean asko aldatu da egoera zure garaitik?

Egin dugun lanari esker, ikusgaitasun handiari esker eta erreferenteei esker, jende gaztea kalera ateratzen da; harrotasunaren manifestazioetan jende gazte pila bat dago; sekulakoa da. Maite dut gazte horiek oihuka ikustea, eta haien lagun trans, gay eta lesbianak babesten dituztela ikustea.

Izan duzu arazorik inoiz kirolean trans emakumea izateagatik?

Inoiz ez. Ez dut arazorik izan ez federazioarekin, ez epaileekin, ezta taldeko edo kontrako taldeetako kideekin ere. Sekula ez dut hitz txarrik jaso nire transexualitateagatik.

«Kirolean sekula ez dut hitz txarrik jaso nire transexualitateagatik».

Nora Gomez (emakume transexuala)

Trantsizioaren ondoren, zergatik erabaki zenuen hockeyra itzultzea?

Semearekin partida bat ikustera joan nintzen. Txuri-Urdineko entrenatzaileak nire kuadrillakoak ziren. Hasi ziren esaten nesken taldean sartzeko, baina urteak neramatzan patinatu gabe. Semeak bultzatu ninduen, probatzera joan, eta neskek animatu ninduten. Bi urtez egon nintzen Txurin; ondoren etorri zen entrenatzaileak uste dut ez zuela nahi ni han egoterik, eta Milenio taldera joan nintzen. Lau urtez egon naiz han.

Duela gutxi utzi duzu?

Nik hartu dut erretiroa, taldekideek ez baitzuten nahi. 65 urterekin, Espainiako ligan, 20 urteko neskekin aritzeko sasoian egon behar da. Gainera, min hartuz gero ere gehiago kostatzen da osatzea. Orain beteranoekin ari naiz, lasaiago. Eta arbitro hasi naiz.

Jatorrizko artikuluak