Gazteen emantzipazioa

GURASOEN HABIA UTZI EZINDA

Etxea erosteko zein alokatzeko prezio garestiek eta lan merkatuak atzeratu egin dute gazteen emantzipazioa. Euskal Herrian, 20 eta 34 urte arteko hamar gaztetik lau baino ez dira bizi beren kasa. Emantzipatzeko modurik ez dute gazte gehienek, eta gurasoen habia kaiola bilakatu zaie.

GURASOEN HABIA UTZI EZINDA.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gero eta beranduago, eta gero eta baldintza okerragoetan. Euskal Herriko gazteak berantiarrak dira gurasoen etxetik atera eta beren kabuz bizitzen hasteko tenorean. Etxebizitzaren garestitzeak, lanaren prekaritateak eta langabeziak zamatu egin dute emantzipatzeko adina, eta ezegonkortasuna gazteen bizitzaren parte bilakatu den neurri berean murriztu da gurasoen etxea utzi eta bide propioa abiatzeko aukera. Familiaren babesetik atera nahi dute, eta bizi berri bati heldu, baina gehienek ezin dute. Datuek argi erakusten dute malkartsua dela, oso, gazteek emantzipatzeko egin behar duten bidea.


Euskal Herrian, 20 eta 34 urte arteko hamar gaztetik lau emantzipatuta daude. Hala ere, emantzipazioarena bi abiadurako errepidea da Euskal Herrian. Alde batetik, Hego Euskal Herriko datuek joera nabarmena erakusten dute: gazteen emantzipatzeko adina 29,5 urtekoa da, eta 20 eta 34 urte arteko gazteen %36 bizi dira gurasoen etxetik kanpo. Ipar Euskal Herrian, berriz, bestelakoak dira emantzipazio datuak: batez beste, 23 urterekin hasten dira beren kasa bizitzen hango gazteak, eta emantzipazio tasa ez da asko apaldu azken hamar urteetan. Are, Ipar Euskal Herriko 20 eta 34 urte arteko gazteen %76,9 emantzipatuta daude —2017ko datuen arabera—.

Ikusi gehiago:«Alokairu gutxi dira 800 eurotik beherakoak»

Hego Euskal Herrian, oro har, gutxiengoa dira 30 urte bete aurretik emantzipatutakoak. Gazteen Euskal Behatokiaren azken txostenaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %7,4 baino ez daude emantzipatuta 25 urte bete aurretik. Hurrengo adin tartean —25 eta 29 urte artekoan—, %42,5 dira beren kabuz bizi direnak; eta 30 eta 34 urte artean, azkenik, gehienak emantzipatuta daude (%73,2).

Nafarroan, egoera ez da oso bestelakoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2021ean eginiko inkestak agerian utzi zuenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino koska bat gorago dago emantzipazio tasa herrialdean: 16 eta 34 urte arteko gazteen %44 bizi dira gurasoen etxetik kanpo, eta, batez beste, 29 urterekin emantzipatzen dira. Datu horiekin «kezkatuta» ageri dira erakundeko arduradunak. «Hamar gaztetik sei gurasoen etxean bizi dira oraindik, eta bizitza proiektu pertsonalari lotutako erabakiak atzeratzen ari direla erakusten digu horrek», azaldu du institutuko arduradun Javier Vallesek.

Inkestak egiteko erabiltzen den adin tarte zabalak, gainera, egoeraren ikuspegi distortsionatua eman dezakeela aitortu dute Gazteriaren Institutuko kideek. Izan ere, gurasoen etxetik kanpo bizi diren gazteen ehunekoa %44 izan arren, nabarmentzekoa da gehienak 30 eta 34 urte artean emantzipatu direla. Horiek igotzen dute batezbestekoa. Hala, 30 urtetik gorako gazteen %84,7 emantzipatu dira Nafarroan; adin horretatik behera, berriz, gurasoen etxetik atera direnak ez dira %30era iristen.

Ipar Euskal Herriko gazteak, berriz, Hego Euskal Herrian baino goizago partitzen dira gurasoen etxetik. Datuei hurbiletik so eginez gero, Euskal Hirigune Elkargoak 2018an argitaratutako txostenean ikus daiteke 20 eta 24 urte arteko gazteen artean erdiak baino gehiago bizi direla gurasoen etxetik kanpo: guztira, %55. Emakumeen artean gehiago dira, %59; gizonezkoen artean, %48. Zailtasunak zailtasun, lan merkatuan sartuak dira adin tarte horretako gazteen bi heren, eta horrek ematen die bide, gehienetan, gurasoen etxetik ateratzeko.

Egiturazko arazoak

Etxebizitza eta lan merkatua dira gazteek emantzipaziorako bidean dituzten traba nagusiak. Hegoaldeko gazteen errealitatea zein den agerian utzi du Espainiako Gazteriaren Kontseiluko Emantzipazioaren Behatokiak berriki egin duen txosten batek, eta ondorio argiak atera ditu, Joffre Lopez egilearen arabera: «Duela hogei urteko emantzipazio tasetan gaude». Pandemiaren ostean ekonomiak izan duen susperraldiak oso gutxi eragin du gazteen emantzipazioan, eta, oro har, bere horretan diraute gurasoen etxetik joateko dituzten zailtasunek. «Unean uneko egoera ekonomikoa edozein dela ere, egiturazko arazoak dituzte». Izan ere, gazteen artean handiagoak dira langabezia tasa eta aldi baterako kontratuen kopurua, eta «horrelako baldintzekin ezin dute etxebizitza bat alokatu, eta are gutxiago jabetzan erosi».

Ikusi gehiago:«Mailegua merkeago ateratzen zait»

Beste zenbait joera ere agerian utzi dituzte azken ikerketek. «Oso nabaria da generoari lotutako arrakala: emakumeak, oro har, lehenago emantzipatzen dira gizonezkoak baino», azaldu du Vallesek. Klase arrakala ere antzeman daiteke Nafarroako Gazteriaren Institutuak ondutako txostenean: «Klase sozialari lotutako adierazleek gora egin ahala, murriztu egiten da emantzipatzeko adina. Gurasoen ikasketa maila da horietako bat: gurasoek zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, lehenago emantzipatzen dira seme-alabak». Horiez gain, Nafarroako Gazteriaren Institutuko kideek aipagai izan dituzte beste hainbat faktore ere: besteak beste, alokairuen prezioen igoera eta lan prekaritatea. «Soldatapeko gazteen %60 inguruk behin-behineko kontratua dute».

Ipar Euskal Herrian ere etxebizitzaren krisiak gogor jo du azken urteotan, eta geroz eta zailtasun gehiago dituzte gazteek etxebizitza bat aurkitzeko. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak uda honetan argitaratutako ikerketaren arabera, hamar gaztetik bederatzik zailtasunak izan dituzte etxebizitza bat lortzeko, eta hamar gaztetik lauk larrialdiko aterabide bat hartu behar izan dute bizitzeko. Garapen Kontseiluko teknikari Anna Imbertek bideratu du ikerketa. «Gazteek aipatzen duten lehen arazoa etxebizitza falta da. Ondotik datoz alokairuen prezio garestiak, jabeen eskakizun zorrotzak eta etxebizitzen egoera txarrak». Ikerketan parte hartu duten gazteek, alta, gurasoen etxetik ateratzeko nahi handia dutela sentitu du Imbertek: «Independente izan nahi dute, beren bizi propioa hasteko».

Faktore ugarik dute eragina gazteen emantzipazio berantiarrean. Diego Carbajo EHUko Soziologia doktoreak azpimarratu duenez, emantzipazioa gurasoen etxetik at bizitzetik harago doan kontzeptu «labainkorra eta konplexua» da: «Gaur egun, lan mundua, etxebizitza politikak, bikote eta familia harremanak, epe luzeko finantza erlazioak eta beste hainbat dimentsio elkar lotzen dituen gizarte fenomenoa da». Carbajoren ustez, «prekarizazio prozesu orokortu» bat bizi du gizarteak, eta horrek kolokan jartzen du orain arte ohikoa izan den gizabanako independentearen figura; are, gero eta nekezagoa da «norbanako heldu eta askearen errepresentazio modernoari eustea». Prekarizazio horrek zuzenean eragiten dio emantzipazio prozesuari, eta gurasoen etxetik ateratzea lortzen duten gazte asko ez dira independenteak ekonomikoki: «Emantzipatzeko modu prekarioak, partzialak, behin-behinekoak eta baldintzatuak sortu dira».

Gazte prekaritatea

Gazteen emantzipazioa eta prekaritatea eskutik doazela iritzi dio Julen Bollain ekonomialari eta oinarrizko errentaren inguruko adituak, halaber: «Gaur egun, emantzipatu eta alokairuan bizitzera doan gaztea zuzenean kokatzen da egoera prekario batean, eta pobrezian bizitzeko arrisku handiagoa du». Datuek ematen dute neurria. Hego Euskal Herrian, etxebizitza bat erosi edo alokairu bati aurre egiteko gehienez soldataren %30 inguru bideratzea gomendatzen dute. Hori baino dezente gehiago ordaindu behar dute gazteek, ordea: azken ikerketen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 eta 29 urte arteko gazte batek, batez beste, soldata garbiaren %75 baino gehiago bideratu behar du etxebizitza bat erosteko, eta soldataren ia %90 alokatzeko bada. Nafarroan, berriz, etxe bat jabetzan erosteko soldataren erdia inguru bideratu behar du gazte batek, eta alokairuari dagokionez, %60 baino gehiago. «Gomendatutako gehienezko zorpetze muga baino dezente altuagoak dira datuok», ohartarazi du Lopezek.

Ikusi gehiago:«Hau zen bide onena ikasten jarraitzeko»

Hego Euskal Herrian oso errotua dago etxea jabetzan izateko kultura, eta oztopo bilakatzen da emantzipaziorako bidean, Carbajok eta Bollainek azpimarratu dutenez. Bollainek uste du urteen poderioz asko aldatu dela etxebizitzaren funtzioari buruzko pertzepzioa, eta egun aukera bat baino gehiago «arazo» bat dela: «Gure gurasoen garaian, erabilerarako helburua zuen, baina, orain, espekulaziorako balio duen ondasun bat baino ez da». Ados dago Carbajo: «Segurtasuna ematen duen oinarrizko ondasun bilakatu da, eta, ondorioz, espekulatu eta aberasteko baliabide bat».

Etxe bat erosteko, baina, ezinbestekoa da diru kopuru handi bat aurreztua izatea. Hortaz, gazteek duten ia irtenbide bakarra etxe bat alokatzea da, baina hori ere gero eta garestiagoa da. Hiriburuei erreparatuz gero, alokairu garestienak Donostian eta Bilbon daude: batez beste, 1.360 euro eta 1.076 euro hileko. Merkeenak, ordea, Maulen, Donibane Garazin (576 euro) eta Baionan (602 euro) dituzte.

Hain justu, Iparraldean, alokatze prozesua «biziko urrats» bat bezala ikusten zuten gazteek duela zenbait urte arte. Ondotik, ondasun bat erosteko ibilbidea hasten zuten, baina, Garapen Kontseiluaren datuen arabera, «erosketa prozesu geroz eta gutiago» egiten dute gazteek: «Merkatua ikusirik, eta bankuen baldintzak ikusirik, ezinezkoa zaie».

Hainbeste zailtasun daudela ikusita, Ipar Euskal Herritik kanpo bizitzera joateko joera badagoela uste du Imbertek, edo, gutxienez, lantokitik urruntzeko «erdibidearena». Datuak mintzo, barnealdeko gazteen hiru laurden prest dira 20 minutuko bidea egiteko. %16 prest dira ordubeteko bidea egiteko: «Beste aterabidea kolokazioa da, etxea partekatzea, baina argi dute ez dela luzera begirako bizimodu bat. Haatik, usu gertatzen dena da ez dela gehiago hautu bat, baina ez dute beste aterabiderik». Beste kasuetan, «tokiko sarearen indarra» nabarmendu du Imbertek, gazte anitzek «ahoz ahokoaren bidez» lortzen baitute etxe bat, nahiz eta ez dituen «hasieran dituzten irizpide guziak betetzen».

Gazteen emantzipazioa errazte aldera, instituzioek etxebizitzarako hainbat laguntza eskaintzen dizkiete gazteei. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, Gaztelagun programa dauka, 18-35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko. Hilero, alokairu errentaren ehuneko bat ordaintzen die, etxebizitza librea bada eta erkidegoan kokatuta badago. Antzeko sistema indarrean da Nafarroan ere, Emanzipa programaren bidez. 35 urte arteko gazteei, gehienez, 250 euroren laguntza pagatzen diete, etxebizitzaren hileroko errenta 675 eurotik beherakoa den kasuetan. 2.700 gazte daude programan izena emanda.

Ipar Euskal Herrian, alokairua ordaintzeko laguntzak hunkitzen ahal dituzte; kasurako, alokairuan bizi diren barnealdeko gazteen %65ek Familien Laguntza Kutxaren diru laguntza eskuratzen dute. Bestetik, Gazte Langileen Egoitzak geroz eta egitura gehiago garatu nahi ditu, batik bat barnealdean, espazio partekatuak dituzten etxebizitza indibidualak proposatuz.

Ikusi gehiago:«Zaila da oso bakarrik bizitzea»

Haatik, indarrean diren etxebizitza politika publikoak ez dira nahikoa gazteen beharrak asetzeko, Bollainen ustez. «Argi dago laguntzak ez direla aski, eta familiaren babesik gabe oso zaila dela modu duin batean emantzipatzea». Europako beste herrialde batzuetan, Suedian, Finlandian edo Danimarkan esaterako, gizarte eta etxebizitza politika «indartsuak» dituzte, eta, ondorioz, 19 eta 21 urte artean emantzipatzen dira hango gazteak.

Hego Euskal Herrian, berriz, erakunde publikoek ez dute apustu «serio» bat egiten emantzipazioa bermatzeko, Bollainen iritziz. «Etxebizitza eskubide bat den heinean, estatuak esku hartu beharko luke», ondorioztatu du. Bat dator Cabajo ere. «Egiturazko arazoa» dela uste du, eta funtsezkotzat jo du programa politiko «ausartak, zehatzak eta konprometituak» egitea, konponbide indibidualak eta epe laburrekoak alboratuta: «Etxebizitza merkatuan, interbentzio zuzena ezinbestekoa da».

Iritzi berekoa da Izaskun Mata Coloma, Iruñeko Haritu etxebizitza sindikatuko kidea: «Administrazioak jar ditzake abusuzko klausulen aurkako neurriak, baina halakoak ez dira iristen legetik at sinatutako alokairuetara». Migratzaileei sinarazten zaizkien kontratuak jarri ditu adibide gisa. Horrez gain, gazte askori «alokairurako sarbidea ukatzen dietela» uste du: «Iruñeko Alde Zaharrean, oso zaila da ezer alokatzea. Gentrifikazioak eta turismoak lotura estua dute horrekin: higiezin enpresek erosi dituzte hutsik zeuden eraikin zaharrak, eta luxuzko pisuak egin dituzte, turistentzat edo aberatsentzat».

Trebakuntza luzeak

Etxebizitza erosteko zein alokatzeko salneurri garestiek eta lan merkatuak eragina dute gazteen emantzipazio berantiarrean, baina bestelako faktore soziokulturalek ere badute zerikusirik, hala nola prestakuntza ibilbide luzeek. Egungo gazteen trebakuntza ibilbidea gero eta luzeagoa da, eta, ondorioz, geroago sartzen dira lan merkatuan. Carbajoren ustez, prestakuntza ibilbide luzeak lan munduan sartzeko nahitaezkoak bilakatu dira gazte askorentzat: «Batetik, egungo lan merkatuak formakuntza amaigabea exijitzen duelako, eta, bestetik, gaztaroaren luzapena, itxaron aro gisa izendatu dena, zentzuz bete behar dutelako». Bollainek dio faktore sozioekonomikoak hertsiki lotuta daudela trebakuntzarekin, eta «alfer gurpil» bat sortzen dela: «Kualifikatutako lanak ikasteko aukera izan dutenek lortzen dituzte, eta horiek izaten dira etxean familiaren laguntza izandakoak».

Emantzipatzeko aukerarik gabe hazten ari dira gaur egungo gazteak, baina gizarteak helarazten dien mezua ez da aldatu azken urteotan. «Ikasi, lana lortu, erosi etxe bat, familia bat izan... Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da mezu hori. Baina 20 urteko gazteek dagoeneko ez dute lelo horretan sinisten, badakitelako oso etorkizun latza eta prekarioa izango dutela», azaldu du Bollainek. «Gazteak espektatiba barik ari dira hazten, gobernuak irtenbideren bat noiz emango zain».

Ikusi gehiago:«Gustatuko litzaiguke gure hirian bizitzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.