Albistea entzun

Jokoak

Rolean ere, euskaraz

Eneko Azedok 'Adur' rol jokoa sortu du, Euskal Herriko Erdi Aroan oinarrituta. Euskaraz istorioak asmatzea da jokoaren helburua, Erdi Aroko historia eta pertsonaia mitologikoak ezagutaraziz.
<em>Adur</em> rol jokoaren liburuko ilustrazio bat.
Adur rol jokoaren liburuko ilustrazio bat. ENEKO AZEDO Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti -

2021eko apirilak 24

Badaude euskarazko mahai jokoak, badaude bideo jokoak, karta jokoak... baina oso gutxi dira euskarazko rol jokoak. Hutsune hori betetzeko sortu du Eneko Azedok Adur izeneko rol jokoa, eta haren liburua: euskaraz rol jokoetan aritzeko aukera izatea.

«Askotan beste hizkuntzetakoak hartzen ibiltzen gara, moldatzen... Garrantzitsua da gure jolasak edukitzea euskaraz, eta euskaraz jolastea», dio Azedok. Beste hainbat laguntzaile izan ditu liburua sortzeko prozesuan: Imanol Etxeberria ari da marrazkiak egiten, eta Eneko Sanchez, berriz, editore lanetan.

«Istorioaren barnean, jokalari bakoitzak pertsonaia bat irudikatzen du, eta, horregatik, jolasteko modu horri rol jokoa esaten zaio». Rol horiek banatuta, istorioak asmatzeko jokoa da, funtsean, Adur: «Jokoa hitz egitean datza, elkarrizketa bat sortzean, non gidariak egoera bat azaltzen duen, eta jokalariek egoera horretan bere pertsonaiak zer egin erabakitzen duten, denen artean istorio bat asmatuz». Launaka edo bosnaka jolasteko modukoa da jokoa.

Euskal Herriko Erdi Aroan girotuta dago jokoa, eta euskal mitologiako pertsonaiak dira jokalariek gorpuzten dituzten protagonistak: laminak, Mari, jentilak... Historiako gertaerak eta gertaera miresgarriak nahasten dira, eta horiei nola aurre egin erabaki behar dute protagonistek.

Baina rol jokoetan euskaraz aritzea ez da helburu bakarra, helburu pedagogikoa ere izan baitezake. Historia eta mitologia jokoarekin nahastuta, «era dibertigarriago» batean gai horiek ikasteko aukera eman dezakeela dio sortzaileak: «Historia txikitan testuliburuen bidez ikastera ohituta gaude, zerbait estatikoa da; eta, jokoaren bidez, mundu horretan sartu eta bizi egiten duzu garai hartako egoera». Helburu hirukoitza du, hortaz: ikastea, entretenitzea eta euskara sustatzea.

Itxialdia baliatu zuen proiektuari forma eman eta liburua sortzeko: «Etxean denbora asko pasatu beharko genuela eta denbora neukala ikusita, liburua egitea erabaki nuen. Handik urte betera, dena prest neukan, eta liburua argitaratzea erabaki nuen».

Rol jokoen goraldia

Baina liburua berria izan arren, jokoa 1990eko hamarkadan sortu zuen. Lagunekin jolastu izan da ordutik: «Garai hartan, rol jokoak ez ziren oso ezagunak, oso jende gutxi ibiltzen ginen jolasean». Orain, ordea, ezagunagoak direla dio, eta horregatik erabaki duela liburua sortzea: «Azkenaldian, jendea rol jokoak ezagutzen hasi da, zabaltzen ari dira, eta ni aspaldian asmatutako jokoa idaztera animatu naiz».

Geroz eta gehiago dira rol jokoetan ibiltzen diren euskaldunak; komunitate bat osatu dute jadanik. Saretuta daude dagoeneko, Azedoren arabera: «Telegramen talde bat daukagu, eta 40 pertsona inguru gaude bertan; astero egiten ditugu partidak, hitz egiten dugu, eta prestatzen ditugu egitasmoak».

Horren adierazgarri, iaz Rolaldia izeneko egitasmoa antolatu zuten, euskaraz rolean aritzeko. 80-100 lagun inguru batu ziren: «Gabonetan egin genuen, eta ohiko taldetik kanpokoentzat ere irekia izan zen. Aste batean partida pila bat prestatu genituen, eta jende asko animatu zen».

Uste du pandemiak, kasu honetan, lagundu egin duela jende gehiago jolastera animatu dadin. Izan ere, online jolasteko aukera dago, eta haiek ere horrela aritu dira denbora horretan: «Pandemian, etxean sartuta denbora asko pasatu behar izan dugunez, areagotu egin da rolari kopurua». Bideokonferentzia programen bidez, berdin-berdin jolastu daitekeela dio, eta komunitatera jende gehiago hurbiltzea eragin duela horrek.

Profilari dagokionez, orain arteko rol jolasak nagusientzat izan diren arren, Adur edonork jolasteko modukoa dela nabarmendu du: «Adur jokoaren alde ona da arauak oso errazak direla, eta nagusiak bezala jolastu daitezkeela gazteak». Ez da aditua izan behar, beraz, jolasteko.

Literaturazaleek ere gustuko izan dezaketela dio sortzaileak: «Istorioak momentuan inprobisatzen, asmatzen ditugunez, ahozko literatura egiten dugula esan daiteke».

Maiatzaren amaiera aldean, finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatuko dute Itsulapikoa.eus plataforman, eta jendea animatu nahi du ekarpena egitera: «Adur jokoa jolasteko modu bat da, oso dibertigarria dena. Baina, nire ustez, guretzat, euskaldunontzat, zeozer berezia dauka: gure munduan, Euskal Herrian kokatuta dago, euskal mitologiako pertsonak daude...». Ekarpena egiten dutenek jokoaren ale bat jasoko dute trukean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©NASA/Johns Hopkins APL

Gauean ontzi kamikaze batekin joko dute asteroide bat, Lurra defendatzen ikasteko

Edu Lartzanguren

Historian lehen aldiz, gailu bat jaurtiko dute espazioko objektu baten kontra, hura desbideratzerik ote dagoen jakiteko. Lurretik 11 milioi kilometrora gertatuko da talka.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.
Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...