Zenbat Rubiales

Olatz Artola Apeztegia |
  • 455 hitz
  • Albistea entzun

Espainiako selekzioak Munduko Kopa irabazi ostean Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesek Jennifer Hermoso jokalariari emandako musuak eta ondorengo gertaerek hautsak harrotu dituzte futbolaren munduan eta handik kanpo. Horren analisia egin du BERRIAko kazetari Olatz Artolak, eta halako zenbat jokabide izaten diren salatu.

Aurreko artikuluan dago jasoa Luis Rubialesek aho handiarekin eta azal gogorrarekin egindako diskurtso faxista: faxista, misoginocloseEmakumeenganako ezinikusia duena.
eta matxista.
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentea da, eta Espainiako selekzioak Munduko Kopa irabaztean, sari banaketan, Jennifer Hermoso jokalariari emandako musuak sortutako harrabotsaren harira emandako prentsaurrekoan esan ditu hitz horiek. Bi eskuekin burutik heldu, eta ezpainetan musu eman zion. Nagusiak langileari. Behartuta. Pentsa fokupean eta mila kameraren aurrean hori egiten badu argiak itzaltzean zer egingo ote duen.

Rubialesek aurrez ere bazituen ilunak, eta ez gutxi. Sindikatuan harekin lanean aritu zen batek, Tamara Ramosek, salatu egin zuen eraso egin ziolako, federazioko diruarekin orgia ilegalak egiten zituen… Kontu horiek jakinak ziren, baina itzalean zeuden. Botereaz baliatuz egindako zapalkuntzak, baina antza argi gorririk pizten ez zutenak. Orain, baina, alarma gorria piztu du Rubialesek Munduko Kopan emandako musuak.

«Rubialesek aurrez ere bazituen ilunak, eta ez gutxi (...). Botereaz baliatuz egindako zapalkuntzak, baina antza argi gorririk pizten ez zutenak. Orain, baina, alarma gorria piztu du Munduko Kopan emandako musuak».

Ez da, ordea, Rubiales bakarrik, edo Rubialesen musua. Erasoari pisua kentzea da. Rubialesen jarrera justifikatzen duten tituluak dira. Hermoso erruduntzat hartzen duen txiolandia. Ahotsa altxatu duten emakumeak agertu arte futbol sistemak dardararik ez egitea; alegia, sistemak Rubiales zuritzea. Sistema da. Hermosorenak ez diren hitzak bereak balira bezala argitaratzea. Rubialesek Hermosori eta Andresi —kapitainari— bere jarrera matxistari pisua kentzeko egindako mehatxuak. Jokalariak kate motzean lotzea, beldurtzea, eta katea askatzeko giltza eskuetan dutenek ezer gutxi —edo ezer ez— egitea. Vilda entrenatzailearen babesa, eta isiltasuna, eta baita Vildak talde teknikoko kide bati titia ukitzea ere. Hermoso erruduntzat hartzea ez hitz egiteagatik, oporretan egonda oporretan egoteagatik. Sumatzea barkamena eskatzera derrigortu dutela lehen kolpean. Eta bigarren kolpean berrestea barkamenik ez dela, eta, are, barkatzekorik ez duela, dimisioa eman beharrik ez duela. Ez dimititzea da.

«Sumatzea barkamena eskatzera derrigortu dutela lehen kolpean. Eta bigarren kolpean berrestea barkamenik ez dela, eta, are, barkatzekorik ez duela, dimisioa eman beharrik ez duela».

Mugimendu feministari «feminismo faltsu» deitzea. Eta hitzaldi hori —eta, beraz, ekintza— txalotzea. Atzetik Rafael del Amo Emakumezkoen Futboleko Espainiako Batzordeko presidenteak dimititzea. Rubialesek «ehiza» deitzea justizia eskatzeari, eta berak ehizan aritzeko zilegitasunacloseLegeak, moralak edo arrazoiak galarazten ez duena.
sentitzea, izatea. Hau guztia bere aurkako «erailketa soziala» dela esatea. Ahots gogorrez hori lasai esatea. Barrabilak ukitzea. Harropuzkeria. Aldageletan ere jokalariak ukitzea. Ahoan ez bada ere musu gehiago ematea, gezurrak egia balira bezala zabaltzea. Aurreko hilabeteetan selekzioko emakumeen kexak egia zirela sinisteko hau gertatu behar izatea. Ulertzea hainbatek zergatik egin zioten uko Munduko Kopa jokatzeko ametsari.
Rubiales da, bai, baina inguruan zenbat Rubiales dituzue?

Espainiako selekzioa ez da nire selekzioa, ez nau ordezkatzen; baina auzi hau bai, nirea da, eta emakume horiek ordezkatzen naute. Rubialesez inguratuta baitaude, baikaude.

«Auzi hau bai, nirea da, eta emakume horiek ordezkatzen naute. Rubialesez inguratuta baitaude, baikaude».

Jatorrizko artikuluak