Gasteizko Mendebaldea institutuak irabazi du BERRIA Ikasgelaren bigarren sariketa

Saritutako lana Gasteizko nerabeek aisialdian dituzten zailtasunei buruzkoa da: hiriko hutsuneei buruz hitz egiten du, eta, funtsean, gazteek gai horiei buruz egindako hausnarketei buruz. 

Saridunek Janus Lester musikaria elkarrizketatzeko aukera izan dute saria emateko ekitaldian.

«Kantauri kostaldean izan diren naufragioei buruzko erreportajeak, ikasbidaiaren kronikak, aitatxi eta amatxiri beren ikasle garaiaz egindako elkarrizketak…». BERRIA Ikasgelaren sariketara hainbat gairi buruzko idatzizko testuak, audioak eta bideoak aurkeztu dituzte, bertako koordinatzaile Ainhoa Oiartzabalek adierazi duenez. Baina, lan asko jasoagatik ere, azkenerako, bakar batek irabazi du zozketa: Gasteizko Mendebaldea BHIko DBHko 3. mailako prentsa tailerreko ikasleek egindako artikulu batek. Gaur [maiatzaren 19an] jaso dute saria, Martin Ugalde kultur parkeko areto nagusian, Andoainen (Gipuzkoa). AitortzacloseNorbaitek egindakoaren garrantziaren onarpena.z gain, Otxandioko (Bizkaia) Hontza Xtream abentura parkean eguna pasatzeko aukera ere irabazi dute.

Sariketaren bigarren aldian 25 ikastetxek hartu dute parte, hots, lehen aldian halako bik. Oiartzabalek pozez kontatu du 60 lan jaso dituztela, 60 ikasgelatatik. Jada argitaratuta daude haien lan guztiak BERRIA Ikasgelaren webgunean. Sarituak ez ezik, Martin Ugalde parkean elkartu ziren sariketan parte hartu duten Azpeitiako Urola Ikastola institutuko, Oñatiko Larraña Lanbide Heziketa institutuko, Tolosako Laskorain Ikastolako eta Urretxu-Zumarragako Ikastolako ikasle eta iraskasleak, BERRIA egunkariko ordezkariak eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.

Sarituak ez ezik, Martin Ugalden elkartu ziren sariketan parte hartu duten Azpeitiako Urola Ikastola institutuko, Oñatiko Larraña Lanbide Heziketa institutuko, Tolosako Laskorain Ikastolako eta Urretxu-Zumarragako Ikastolako ikasle eta irakasleak.
Ikasleen hitzak

Karla Tejerina ikasleak hartu du hitza saridunen izenean. Sariketaren antolatzaileei eskerrak eman dizkie, sentitu dutelako haien ahaleginari balioa ematen diotela. Mendebaldea institutuan 2002. urtetik sortzen dute Mendeberri aldizkaria, eta saritutako artikulua aldizkariaren aurtengo edizioko pieza bat izan da; Ñ proiektua izena jarri diote. Ikasleak biko ala hiruko taldeetan antolatu dira, eta bakoitzak aldizkariko zati bat egin du. Ondo moldatu dira elkarlanean, kontatu dutenez. 


Irakasleei eskoletan izan duten pazientzia eskertu diete. Garbiñe Agirre Urteaga ikasle sarituen irakasleak aitortu du ordu asko izan direla, eta ohiko gorabeherak izan dituztela, baina, azkenerako, adierazi du horrelako momentuak harro egoteko modukoak izaten direla: «Oso pozik gaude; gela barruan gertatzen den lana ikusezina izaten da, eta horrelako sari batek balioa ematen dio gela barruan egindakoari». 

«Oso pozik gaude; gela barruan gertatzen den lana ikusezina izaten da, eta horrelako sari batek balioa ematen dio gela barruan egindakoari». 

Garbiñe Agirre Urteaga (Mendebaldea institutuko irakaslea)

Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak adierazi du kazetaritza oso eraginkorcloseEfikaz.ra dela ikasteko, komunikabideen bitartez ikasleek aukera baitute hainbat gaitasun lantzeko eta gizarteko hainbat arazo aztertzeko, besteak beste. Bide horretatik, BERRIA Ikasgelak atera berri duen proposamen didaktikoa aipatu du. Gaineratu duenez, «hezkuntza gai eta sektore garrantzitsua da BERRIArentzat, ezinbestekoa baita euskararen transmisiorako eta gizarte kohesiorako; horretarako sortu genuen Ikasgela».

Begoña Pedrosak esan du BERRIA Ikasgelako sariketa eta antzeko egitasmoak beharrezkoak direla, «inoiz baino gehiago», bat egiten dutelako ikastetxeetan bultzatu nahi dituzten balioekin. Hurrengo sariketan ikasgela gehiagok parte hartzeko deia egin du.

Kontzertua eta elkarrizketa, dena bat

Mendebaldea institutuko prentsa tailerreko ikasleek aukera izan dute Jokin Pinatxo Janus Lester taldeko abeslariari elkarrizketa egiteko, eta sariaren parte izan da hura ere. Areto bete ikusleren aurrean bota dizkiote galderak. Hori bai, lehenik, ekitaldia musikaz girotzeko, Neomak taldearekin egindako Etxean abestia kantatu du musikariak.

Janus Lester musikaria eta kantaria, saria emateko ekitaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Ikasleek aitortu dute han eta hemen sartu dutela muturra abeslariaren bizitzan, hau da, Interneten arakatu dutela elkarrizketa egin baino lehen. Hasteko, galdera motzak bota dizkiote: «Nola deituko zaitugu, Jokin ala Janus?», «zenbat urte dituzu?», «non ikasi zenuen?», «zodiakoko ikurra?». Erraz erantzun ditu musikariak, eta bigarren abestia jotzeari ekin dio: Lore. Astelehen goizez abesten jarri ditu ikusleak.

«Zenbat denbora behar izaten duzu abesti bat idazteko?», «nola ezagutu zenituen zure taldekideak?», «nola ikusten duzu musika panorama Euskal Herrian?». Ikasleek galdera gehiago egin dizkiote, oraingoan luzeagoak, hausnartzeko. Galderei erantzun, eta Maitasuna tabu abestia joz amaitu du. 

Ikasleek Janus Lester elkarrizketatzeko aukera izan dute, baina, amesten hasita, elkarrizketatu nahiko lituzkete Itziar Ituño aktorea, Luz Rello ikertzailea, Bad Gyal musikaria eta Pello Reparaz musikaria ere, adibidez.

Jatorrizko artikuluak