Pako Aristik idatzitako 'Nire Uztapide' biografia nobelatua berrargitaratu dute

  • 446 hitz
  • Albistea entzun

Bertsolari zestoarraren bizitza eta ekarpena berreskuratzeko asmoz berrargitaratu dute, Zestoako Udalaren ekimenez. Aristiren esanetan, «autodidakta handi bat» izan zen Uztapide. Bide oparoa egin zuen bertsolaritzan; hiru aldiz irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Joxean Agirreren ideia bati tiraka eta Bertsozale Elkartearen babesarekin publikatu zen lehenengoz Nire Uztapide liburua. «Asmoa zen institutuan zebiltzan gazteei bertsolari batzuen biografiak eskaintzea», azaldu du Pako Aristi idazleak. Hiru atera ziren garai hartan [2000. urtean]: Koldo Izagirrek Pernando Amezketarraren biografia ondu zuen, Agirrek Txirritarena, eta Aristik Uztapiderena. «Bi zati zituen asmo hark: guk liburuok egitea, pasarte bixi eta laburrak nobelatuz, bertsolari zahar baten biografia gazteentzat erakargarri bihurtu nahian». 

Berrargitalpenean, euskara aldetik pixka bat eguneratu dute testua, eta hitzaurrea ere idatzi dio Aristik, baina, gainerakoan, bere horretan eman dute. Azal koloretsu batean bilduta dator lana, Jon Zabaletak duela 22 urte onduacloseOsatua, egina. hura ere. 

Jantzi gabeko txapela

1909an, Zestoako Endoia auzoko (Gipuzkoa) Uztapide baserrian sortu zen Manuel Olaizola Urbieta. «Auzo txiki hartan, mundutik aparte pixka bat, ez zuen baliabide handirik izan, ez eskola handirik, ez bertsotan erakutsiko zion inor ere; hortaz, autodidakta handi bat izan zen», azaldu du Aristik. «Esaten zuen umetan bertsopapera erosten zuela goizean, eguerdian irakurri, eta arratsalderako buruz ikasia zuela». 

«Esaten zuen [Uztapidek] umetan bertsopapera erosten zuela goizean, eguerdian irakurri, eta arratsalderako buruz ikasia zuela». 

Pako Aristi (idazlea)

Manuel Lasarte eta Uztapide, bertsotan. BIDEGILEAK BILDUMA

1936. urtean, Bertsolari Txapelketa Nagusira aurkeztu zen. «Ausardia handiz», idazleak ohartarazi duenez. Izan ere, lagun artean kantatzen aritua zen, baina ez zekien txapelketa batean zer egin behar zen. Hala, Tolosara (Gipuzkoa) jo zuen, kanporaketa bat entzutera. «'Egun bakarrean ikasi nuen txapelketan egin behar zen guztia', esaten zuen». Donostiara, txapelketara agertu, eta txapela irabazi zuen, baina azkenean ez zioten jantzi. Aristik esplikatu du nola Uztapidek berak kontatzen zuen antolatzaile bat joan zitzaiola, eta esan ziola txapela berak irabazi zuela, baina izango zuela horretarako aukera aurrerago ere, eta Txirrita, berriz, zaharra zegoela, eta, ados bazegoen, hari ematea pentsatu zutela. Baietz erantzun zuen Uztapidek, eta Txirritari jantzi zioten txapela. Uztapidek gerora hirutan irabazi zuen txapelketa. Beste ekarpen askoren artean, saioetan bertsolari guztiei berdin ordaintzeko araua ezarri izana nabarmendu dio Aristik.

Beste ekarpen askoren artean, saioetan bertsolari guztiei berdin ordaintzeko araua ezarri izana nabarmendu dio Aristik.

Bertsolariak idatzitako Lehengo egunak gogoan memoria liburua eta Manuel Lasartek plazaratutako Uztapide gogoan lana oinarri izan zituen Aristik bere lana idazteko. Baita Joxe Kruz Ezeiza Kaxka-k kontatutako pasadizoak ere —«hura ibili zen Uztapiderekin azken urteetan, omenaldiz omenaldi bertsoak kantatzen, hark ezin zuenean kantatu»—. Hala, liburuan esaten den guztia egia dela azaldu du idazleak, ez duela ezer asmatu, «soilik forma nobelatua» eman diola.

Uztapide euskal kulturaren izen handietako bat den arren, belaunaldi berrientzat haren garrantzia eta ekarpena nahiko ezezagunak direla konturatu ziren haren jaioterrian, eta udalak horregatik erabaki zuen berrargitaratzea. Liburua herriko gazteen artean banatzea da asmoa, baita unitate didaktiko bat sortzea ere, eskoletan lantzeko.

Liburua herriko gazteen artean banatzea da asmoa, baita unitate didaktiko bat sortzea ere, eskoletan lantzeko.

Jatorrizko artikuluak