Albistea entzun

Uztapide berreskuratzeko asmoz

Pako Aristik idatzitako 'Nire Uztapide' biografia nobelatua berrargitaratu berri du Ereinek, Zestoako Udalaren ekimenez. Bertsolaria gogoan, Bertso Astea egingo dute udalerrian
Pako Aristi idazlea, <em>Nire Uztapide</em> liburuarekin, herenegun, Donostiako Udal Liburutegiaren atarian.
Pako Aristi idazlea, Nire Uztapide liburuarekin, herenegun, Donostiako Udal Liburutegiaren atarian. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko maiatzak 13 - Donostia

Bi irudi ekarri ditu gogora Pako Aristi idazleak Manuel Olaizola Urbieta Uztapide bertsolariaren bizitza azaltzeko. Bata, 1936koa, 27 urte zituela Donostian jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuenekoa. Bestea, zahartzaroan jada, Oiartzungo (Gipuzkoa) baserrian, 15 urteko Jon Sarasua, Xabier Euzkitze, Felix Iñurrategi eta beste bertsolari gazte batzuen bisita jaso zuenekoa. «Hori da berak egin zuen ibilbide biografiko izugarria». Biografia hori nobelatuta kontatu zuen idazleak Nire Uztapide liburuan. 2000. urtean argitaratu zen lehenengoz, eta hainbat urtez deskatalogatuta egon ondotik, berrargitaratu egin du orain Erein argitaletxeak, Zestoako Udalaren ekimenez. Haren figura eta ekarpena berreskuratzeko asmoz.

Joxean Agirreren ideia bati tiraka eta Bertsozale Elkartearen babesarekin publikatu zen liburua lehenengoz. «Asmoa zen institutuan zebiltzan gazteei bertsolari batzuen biografiak eskaintzea», azaldu du Aristik. Hiru atera ziren garai hartan: Koldo Izagirrek Pernando Amezketarraren biografia ondu zuen, Agirrek Txirritarena, eta Aristik Uztapiderena. «Bi zati zituen asmo hark: guk liburuok egitea, pasarte bixi eta laburrak nobelatuz, bertsolari zahar baten biografia gazteentzat erakargarri bihurtu nahian». Gero, baina, liburuok «ez ziren gehiegi sartu hezkuntzan», eta urteekin deskatalogatuta geratu ziren.

Zestoako alkate Mikel Arregik ere ez zuen Aristiren liburua ezagutzen, Izagirreri hitzaldi batean aipamena entzun zion arte. Aristirengana jo zuen, eta horrela sortu zen Udalak liburua berrargitaratzeko ideia. Testua euskara aldetik pixka bat eguneratu dute, eta hitzaurrea ere idatzi dio Aristik, baina, gainerakoan, bere horretan eman dute. Azal koloretsu batean bilduta dator lana, Jon Zabaletak duela 22 ondua hura ere. Marrazkiarekin, argazkiarekin eta xilografiarekin «alkimia» eginez sortu zuen, irudigileak azaldu duenez. «Liburua bidaia bat da, Uztapide bertsolaria ezagutzeko bidaia bat», gaineratu du Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinek. «Haren figura berreskuratzen du, eta, kapitulu laburren bidez, irakurlea hasieratik murgilduko da istorioan».

Jantzi gabeko txapela

1909an, Zestoako Endoia auzoko (Gipuzkoa) Uztapide baserrian sortu zen Manuel Olaizola Urbieta. «Auzo txiki hartan, mundutik aparte pixka bat, ez zuen baliabide handirik izan, ez eskola handirik, ez bertsotan erakutsiko zion inor ere, hortaz, autodidakta handi bat izan zen», azaldu du Aristik. «Esaten zuen, umetan, bertsopapera erosten zuela goizean, eguerdian irakurri, eta arratsalderako buruz ikasia zuela». Hala ikasi zituen bertsolaritzako teknika guztiak, idazlearen hitzetan.

1936. urtean, Bertsolari Txapelketa Nagusira aurkeztu zen. «Ausardia handiz», idazleak ohartarazi duenez. Izan ere, lagun artean kantatzen aritua zen, baina ez zekien txapelketa batean zer egin behar zen. Hala, Tolosara (Gipuzkoa) jo zuen, kanporaketa bat entzutera. «'Egun bakarrean ikasi nuen txapelketan egin behar zen guztia', esaten zuen». Donostiara, txapelketara agertu, eta txapela irabazi zuen, baina azkenean ez zioten jantzi. Aristik esplikatu du nola Uztapidek berak kontatzen zuen antolatzaile bat joan zitzaiola, eta esan ziola txapela berak irabazi zuela, baina izango zuela horretarako aukera aurrerago ere, eta Txirrita, berriz, zaharra zegoela, eta, ados bazegoen, hari ematea pentsatu zutela. Baietz erantzun zuen Uztapidek, eta Txirritari jantzi zioten txapela. Uztapidek gerora hirutan irabazi zuen txapelketa. Beste ekarpen askoren artean, saioetan bertsolari guztiei berdin ordaintzeko araua ezarri izana nabarmendu dio Aristik.

Bertsolariak idatzitako Lehengo egunak gogoan memoria liburua eta Manuel Lasartek plazaratutako Uztapide gogoan lana oinarri izan zituen Aristik bere lana idazteko. Baita Joxe Kruz Ezeiza Kaxka-k kontatutako pasadizoak ere —«hura ibili zen Uztapiderekin azken urteetan, omenaldiz omenaldi bertsoak kantatzen, hark ezin zuenean kantatu»—. Hala, liburuan esaten den guztia egia dela azaldu du idazleak, ez duela ezer asmatu, «soilik forma nobelatua» eman diola.

Uztapide euskal kulturaren izen handietako bat den arren, belaunaldi berrientzat haren figura eta ekarpena nahiko ezezagunak direla konturatu ziren haren jaioterrian, eta udalak horregatik erabaki zuen berrargitaratzea. Liburua herriko gazteen artean banatzea da asmoa orain, baita unitate didaktiko bat sortzea ere, eskoletan lantzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aristides Hernandez 'Ares' eta Joseba Sarrionandia, gaur, Donostian, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua eskuan dutela. ©Maialen Andres / Foku

Joseba Sarrionandiak 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua kaleratu du

Andoni Imaz

Idazlearen nahia da gazteek Euskal Herriko historiari buruzko gogoetak irakurtzea, euskaraz, Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta. Ares marrazkilari kubatarrak sortu ditu liburuko irudiak, eta Pamielak atera du.

<b>Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa, Julen Axiari, eta, laguntzaile arduraduna, Xavier Desmartis atzo.</b> ©BOB EDME

Hutsetik berrabiatzeko boza

Ainize Madariaga

Errobiko festibalak kantua izango du protagonista aurten. Uztailaren 21etik 24ra eginen dute

Aukeran dantza konpainia, zirkuituan parte hartuko duenetako bat. ©Aukeran

Kaleko arteen zirkuitua egingo dute Bilbon datorren astetik aurrera

Erredakzioa

Eszena Kalera zirkuituak zirkua, clowna, dantza, magia, musika eta kale antzerkia bilduko ditu. Irailera bitartean, 63 ekitaldi egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...