«Zalantzan jartzen dugu euskal zinemaren loraldiaz mintzo den diskurtso hori»
Samara Veltek eta Josu Martinezek diotenez, euskal zinema ez da bakarrik Oscar edo Goya sarietara iristen den hori. Askotarikoagoa eta konplexuagoa da panorama, eta liburu batera eraman dute haren inguruko ikerketa.
2005etik 2025era euskaraz egindako 1.267 film zenbatu dituzte Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Josu Martinez (Bilbo, 1986) EHUko Nor taldeko ikerlariek Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat. liburuan. Ondorio nagusi bat atera dute: zinema euskaraz ekoizteko gaitasuna egon badago, baina gaitasun hori egituratzea da orain erronka. Velteren eta Martinezen ustez, sortzaileen, ikusleen eta instituzioen ardura da euskal zinema existitzeko baldintzak sortzea: «Ardura kolektiboa da».
1.267 film euskaraz hogei urtean. Zuen ustez, kopuru horrek zer erakusten du lehen begiratuan?JOSU MARTINEZ: Batez ere erakusten du euskal zinema ez dela Oscarretara edo Goya sarietara iristen den film luzeen multzo hori bakarrik. Euskal zinemagintza askoz ere askotarikoagoa da, eta argazkia askoz konplexuagoa. 1.267 film horien artean, %65 inguru film laburrak dira; film luzeak, berriz, %23 baino ez. Erdiak baino gehiago dokumentalakcloseErrealitatea irudikatzen eta azaltzen duen ikus-entzunezko lana: fikzioko filmetan ez bezala, pertsonak eta benetako lekuak eta gertaerak erabiltzen dira. dira.
SAMARA VELTE: Tradizionalki, pelikula esaten dugunean, irudi errealeko film luze bat edo helduentzako fikziozkocloseAsmatutako irudi eta istorioen bitartez osatzen den kontakizun bat. pelikula bat irudikatzen dugu. Horrelako filmak, baina, hirurogei bat baino ez dira hogei urteko multzo horretan. Beraz, asko aldatzen da zinematzat zer hartzen dugun. Eta, niretzat, datuek erakusten dute euskarak baduela bere irudizko munduak sortzeko gaitasuna, bere zailtasunekin. Horrek aukera ematen digu, batetik, zinemak berez dituen erronkez hitz egiteko, eta, bestetik, hizkuntza gutxitu batean zinema egiteak dakartzan berezitasunak aztertzeko.
Euskal zinemak lortu al du industria egonkor baten egitura izatea?VELTE: Azken urteotan hizkuntza hegemonikoetakocloseNagusitasun, ahalmen edo botere handiena dutenak. zinema industrien pare lehiatzeko gai diren film batzuk ere egin dira euskaraz. Hori da aldaketarik garrantzitsuenetako bat. Baina guk zalantzan jarri nahi izan dugu loraldi batez mintzo den diskurtso hori. Iaz, adibidez, hainbat estreinaldi eta sari izan ziren batera, eta euskal zinema loraldian zegoelako pertzepzioa zabaldu zen. Baina urte batean hiru film estreinatzea asko iruditu dakiguke baldin eta aurreko urtean bat bakarrik egon bada. Orduan, lehortea dagoela esango genuke.
MARTINEZ: Badago beste faktore bat ere: estreinaldiak gero eta gehiago kontzentratzen ari dira jaialdi handien inguruan, bereziki Zinemaldiaren inguruan. Horrek halako ekitaldiaren kultura bat sortzen du: aldi jakin batean mundu guztiari interesatzen zaio euskal zinema, eta bi edo hiru film batera ditugu ikusgai. Baina urte osoan banatuta egongo balira, beste pertzepziocloseUste, ikuspegi. bat izango genuke.
Zerk eragiten ditu gorabehera horiek?MARTINEZ: Neurri handi batean, finantzaketa publikoaren zikloek eta gizartean gertatzen diren aldaketek. Krisi ekonomikoek ere eragina dute. Azken bi urteetan, esaterako, Eusko Jaurlaritzak bi halakotucloseBikoiztu. egin du ikus-entzunezkoen aldeko bere presentzia, eta horrek, nahitaez, eragina izango du produkzioancloseFilm ekoizpen edo sorreran.. Baina beste arazo bat dago: ez dago bermatuta urtero gutxieneko euskarazko film kopuru bat egitea. Ez dago planifikaziorik esaten duenik zenbat film behar dituen euskal komunitateak euskarazko zinema izateko.
Beraz, lege edo arau propio baten beharra ikusten duzue?MARTINEZ: Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzak bereziki, eta ETBk ere bai, lehen baino apustu handiagoa egin dute euskarazko ikus-entzunezkoen alde. Baina nik uste dut ausartagoak izan beharko genukeela, eta hori lege bihurtu. Katalunian badute zinemaren lege bat. Euskal Herrian ere pentsatu beharko genuke zer den euskal zinema, eta nola arautu behar den.
VELTE: Eta diru publikoaren mendekotasunaz ere hitz egin behar da. Batzuetan, zama bat balira bezala begiratzen diegu diru publikoa behar duten sektoreei, ez direlako errentagarriak. Baina Europako datuei begiratzea besterik ez dago. Europako ikus-entzunezkoen 2023ko datuak hartuta, filmen erdiek, gutxi gorabehera, finantzaketa publikoa izan zuten. Eta hor sartzen dira Frantzia, Alemania eta merkatu handiagoko herrialdeak. Europako estatuek ulertzen dute beren zinema babestu behar dutela, subiranotasun kulturalarekin lotutako auzia baita.
MARTINEZ: Hiru elementu daude: sortzaileak, instituzioak eta ikusleak. Denen ardura da euskarazko zinema existitzeko baldintzak sortzea. Eta diru publikoa aipatzean, ez naiz soilik ari erakundeek kudeatzen duten diruaz; komunitatearen inplikazioa duen edozein finantzaketa eredu ere hor sartzen da. Zinema egitea oso garestia da, eta are gehiago hizkuntza gutxitu batean. Merkatu pribatuak ez ditu bereziki maite merkatu txikiak eta hizkuntza gutxituak. Horregatik, instituzioek parte hartu behar dute. Baina oinarria bermatzeko ardurak kolektiboa izan behar du.
Beste auzi bat ere aipatzen duzue: zerga pizgarriek euskal zinema sustatzen dute, baina arriskuak ere badituzte.VELTE: Azken urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga pizgarriekcloseZerga baten kuotaren gainean erakundeek ezarritako onurak edo deskontuak. —eta azkenaldian baita Nafarroakoek ere— eragin dute ekoiztetxe gehiago kokatzea lurralde horietan. Baina horrek ez du esan nahi bertako zinemagileak hasi direnik enpresak sortzen. Neurri batean, Madrilen edo Espainiako beste hiri batzuetan kokatutako enpresak ere lekualdatu dira, interes ekonomikoengatik.
Sexu arrakalari dagokionez, aurrekontu handiko filmen zuzendarien %93 gizonezkoak direla diozue. Zer dago datu horren atzean?VELTE: Ariketa bat proposatuko nioke irakurleari: pentsa ditzala emakumezko hiru euskal zuzendariren izenak. Zenbat denbora behar dugu hiru izen horiek aurkitzeko? Egiturazko arazo bat dago. Ikusgaitasunarekin lotuta dago, finantzaketa bideetara iristeko aukerarekin, legitimotasunarekin eta kanpotik aitortzen den eta nork bere buruari aitortzen dion zilegitasunarekin. Arrakala oso handia da. Gainera, emakumeek askoz gehiago jotzen dute dokumentala egitera fikzioa egitera baino. Baina ekosistema kulturalekocloseKultur sistema baten osagai askotarikoek eratutako esparrua. gunerik indartsuenak fikziozko film luzeak dira. Eta hor sartzera ausartzen direnak, oro har, gizonezkoak dira. Hor badago sozializaziocloseGizakiak bere inguruneko elementu soziokulturalak, arauak, balioak eta jokabideak ikasi eta asimilatzeko prozesua. kontu bat: dirua bildu behar duzu, sinesgarri agertu, zure proiektuan konfiantza sortu, eta hor badago genero aldagai bat.
Zer etorkizun ikusten diozue euskal zinemari?
MARTINEZ: Ez nuke etorkizunaz esaldi bakarrean hitz egingo. Baina argi dago euskal zinemak ez duela soilik industria gisa pentsatu behar. Euskal sistema propio bat badugu, gizarte ekimenak ere parte hartu beharko du. Eta hori ez da soilik sortzaileen edo instituzioen ardura: ikusleena ere bada. Euskarazko zinema nahi badugu, kontsumitu egin behar dugu; sortzaileek ere horren aldeko apustua egin behar dute, eta instituzioek, berriz, baldintzak bermatu.
VELTE: Azken finean, hogei urte hauetako datuek erakusten dute badagoela euskarazko zinema egiteko gaitasuna. Produkzioa badago, sortzaileak badaude, herri ekimena ere badago. Orain galdera da nola lotuko ditugun elementu horiek guztiak euskal zinema ez dadin egon garai jakinetako loraldien edo kanpoko interes ekonomikoen menpe.
Erantzun galderei:
- 2005. eta 2025. urteen artean euskarazko 1.267 film sortu direla jaso dute Samara Veltek eta Josu Martinezek. Haietako gehienak film luzeak dira?
- Egileek atera dituzten ondorioetako bat da filmen estreinaldiak gero eta gehiago kontzentratzen ari direla sasoi jakin batzuetan. Euskarazko filmen kasuan, ekitaldi bat aipatu dute zehazki. Zein?
- Euskara hizkuntza gutxitua izanda, erakundeen diru ekarpena behar izaten dute euskarazko ekoizpenek. Hizkuntza hegemonikoak dituzten herrialdeetan (Frantzian eta Alemanian, kasurako) ez da halakorik gertatzen?
- Euskarazko zinema existitzeko baldintzak sortzea hiru talde edo eragileri dagokiela uste dute Veltek eta Martinezek. Zeintzuk dira hiru horiek?
- Zinema zuzendarien esparruan sexu arrakala gainditu dela esango zenuke?
- Emakumeek bereziki dokumentalak egitera jotzen dute. Egileek ikusten dute genero aldagairik horretan?
Solas egin gaiari buruz.
- Euskarazko zinemaren ohiko kontsumitzailea zara? Eta zure etxean, ikusten al da euskarazko zinema? Esango al zenuke ikusi duzun azken euskarazko filmaren izenburua? Beharrezkoa iruditzen zaizu euskal erakundeek laguntzea euskarazko filmen ekoizpena? Esango zenuke zertan bereizten den fikziozko film bat eta dokumental bat? Gustukoak al dituzu dokumentalak? Iruditzen zaizu gai izango zinateketela eskolan edo institutuan dokumental bat egiteko? Zeri buruz egingo zenuke dokumental hori zuk?
|