EHUko ikerlariak eta 'Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat' liburuaren egileak

Josu Martinez eta Samara Velte: «Euskal zinema ez da soilik Oscarretara edo Goya sarietara iristen den film multzo hori»

Veltek eta Martinezek uste dute sortzaileen, instituzioen eta ikusleen ardura kolektiboa dela euskal zinema garaian garaiko «loraldien» eta kanpoko interes ekonomikoen menpe ez egotea. Gutxieneko ekoizpen bat bermatuko duen egitura bat eskatu dute.

Josu Martinez eta Samara Velte 'Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat' liburuaren egileak. JOSU AMEZAGA
Josu Martinez eta Samara Velte, 'Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat' liburuaren egileak. JOSU AMEZAGA
edurne begiristain
2026ko urriaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

2005etik 2025era euskaraz egindako 1.267 film zenbatu dituzte Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Josu Martinez (Bilbo, 1986) EHUko Nor taldeko ikerlariek Euskal zinema 2005-2025. Hasiera bat liburuan. Azken bi hamarkadetako euskal zinemagintzaren argazki zabal eta panoramiko horretatik abiatuz, ondorio nagusi bat atera dute bi egileek: zinema euskaraz ekoizteko gaitasuna egon badago, baina gaitasun hori egituratzea da orain erronka. Velteren eta Martinezen ustez, sortzaileen, ikusleen eta instituzioen ardura da euskal zinema existitzeko baldintzak sortzea: «Ardura kolektiboa da».

1.267 film euskaraz hogei urtean. Zuen ustez, kopuru horrek zer erakusten du lehen begiratuan?

JOSU MARTINEZ: Batez ere erakusten du euskal zinema ez dela Oscarretara edo Goya sarietara iristen den film luzeen multzo hori bakarrik. Euskal zinemagintza askoz ere askotarikoagoa da, eta argazkia askoz konplexuagoa. 1.267 film horien artean, %65 inguru film laburrak dira; film luzeak, berriz, %23 baino ez. Erdiak baino gehiago dokumentalak dira. Beraz, euskal zinemaz hitz egiten dugunean askotan burura etortzen zaigun fikziozko film luze, garesti eta ikusgarriaz gain, beste errealitate handi bat dago. Horrek erakusten du euskal zinema errealitate hauskorra dela, baita oso askotarikoa ere, eta askotan ez-fikzioak pisu handia duela.

SAMARA VELTE: Nik uste dut kopuruak baduela beste ondorio bat ere. Tradizionalki, pelikula esaten dugunean, irudi errealeko film luze bat edo helduentzako fikziozko pelikula bat irudikatzen dugu. Horrelako filmak, baina, hirurogei bat baino ez dira hogei urteko multzo horretan. Beraz, asko aldatzen da zinematzat zer hartzen dugun. Eta, niretzat, datuek erakusten dute euskarak baduela bere irudizko munduak sortzeko gaitasuna, bere zailtasunekin. Horrek aukera ematen digu, batetik, zinemak berez dituen erronkez hitz egiteko, eta, bestetik, hizkuntza gutxitu batean zinema egiteak dakartzan berezitasunak aztertzeko.

Produkzioa handitu egin bada ere, gorabeheratsua izan da bidea. Euskal zinemak lortu al du industria egonkor baten egitura izatea?

VELTE: Azken urteotan gero eta modu jarraituagoan egin dira filmak, eta gero eta profesionalagoak eta aurrekontu handiagokoak dira. Hizkuntza hegemonikoetako zinema industrien pare lehiatzeko gai diren film batzuk ere egin dira euskaraz eta euskaratik. Hori da aldaketarik garrantzitsuenetako bat.

Baina guk zalantzan jarri nahi izan dugu loraldi batez mintzo den diskurtso hori. Iaz, adibidez, hainbat estreinaldi eta sari izan ziren batera, eta euskal zinema loraldian zegoelako pertzepzioa zabaldu zen. Baina urte batean hiru film estreinatzea asko iruditu dakiguke baldin eta aurreko urtean bat bakarrik egon bada. Film bat egiteak denbora asko eskatzen du, eta gerta daiteke hainbat proiekturen estreinaldiak urte berean pilatzea, eta hurrengo urtean, berriz, estreinaldi gutxiago egotea. Orduan, lehortea dagoela esango genuke. Ez dugu kontuan hartzen produkzioa ziklikoa dela.

MARTINEZ: Hor badago beste faktore bat ere: estreinaldiak gero eta gehiago kontzentratzen ari dira jaialdi handien inguruan, bereziki Zinemaldiaren inguruan. Horrek halako «ekitaldiaren kultura» bat sortzen du: aldi jakin batean mundu guztiari interesatzen zaio euskal zinema, eta bi edo hiru film batera ditugu ikusgai. Baina urte osoan banatuta egongo balira, beste pertzepzio bat izango genuke. Eta horrek badu ondorio bat: batzuetan, urte osoan ez duzu euskarazko pelikularik zineman; beste bolada batean, berriz, bi edo hiru dituzu batera.

«Laguntza sistemetan badago euskarazko filmak sustatzeko borondatea, baina ez dago gutxieneko produkzio bat bermatzen duen egiturarik. Horregatik, urte batzuetan uzta ona izaten da, garai horretan sortzaile batzuk euskarazko proiektuetan ari direla eta, eta beste urte batzuetan, aldiz, ez»

JOSU MARTINEZ
Zerk eragiten ditu gorabehera horiek?

MARTINEZ: Neurri handi batean, finantzaketa publikoaren zikloek eta gizartean gertatzen diren aldaketek. Krisi ekonomikoek ere eragina dute. Azken bi urteetan, esaterako, Eusko Jaurlaritzak bi halakotu egin du ikus-entzunezkoen aldeko bere presentzia, eta horrek, nahitaez, eragina izango du produkzioan. Baina beste arazo bat dago: ez dago bermatuta urtero gutxieneko euskarazko film kopuru bat egitea. Ez dago planifikaziorik esaten duenik zenbat film behar dituen euskal komunitateak euskarazko zinema izateko eta, horren arabera, zenbat ekoiztu behar diren. Laguntza sistemetan badago euskarazko filmak sustatzeko borondatea, baina ez dago gutxieneko produkzio bat bermatzen duen egiturarik. Horregatik, urte batzuetan uzta ona izaten da, garai horretan sortzaile batzuk euskarazko proiektuetan ari direla eta, eta beste urte batzuetan, aldiz, ez.

Beraz, lege edo arau propio baten beharra ikusten duzue?

MARTINEZ: Geure buruari galdetu behar diogu euskarazko ikus-entzunezkoen zer sistema nahi dugun, eta zer behar dugun hori bermatzeko. Azken urteetan aldaketa bat egon da, eta Eusko Jaurlaritzak, bereziki, eta ETBk ere, lehen baino apustu handiagoa egin dute euskarazko ikus-entzunezkoen alde. Baina nik uste dut ausartagoak izan beharko genukeela, eta hori lege bihurtu. Katalunian badute zinemaren lege bat. Euskal Herrian ere pentsatu beharko genuke zer den Euskal Herriko zinema eta zer den euskal zinema, eta nola arautu behar den.

VELTE: Eta diru publikoaren mendekotasunaz ere hitz egin behar da. Batzuetan, zama bat balira bezala begiratzen diegu diru publikoa behar duten sektoreei, ez direlako errentagarriak. Baina ez dut uste euskarazko kultur esparrurik dagoenik diru publikoaren beharrik ez duenik.

Orduan, diru publikoaren mendekotasuna ez da berez arazo?

VELTE: Ez. Europako datuei begiratzea besterik ez dago. Europako ikus-entzunezkoen 2023ko datuak hartuta, filmen erdiek, gutxi gorabehera, finantzaketa publikoa izan zuten. Eta hor sartzen dira Frantzia, Alemania eta merkatu handiagoak dituzten herrialdeak. Merkatua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da finantzaketa publikoaren beharra. Europako estatuek ulertzen dute beren zinema babestu behar dutela, subiranotasun kulturalarekin lotutako auzia baita azken finean.

«Merkatua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da finantzaketa publikoaren beharra. Europako estatuek ulertzen dute beren zinema babestu behar dutela, subiranotasun kulturalarekin lotutako auzia baita azken finean»

SAMARA VELTE

MARTINEZ: Euskal Herrian, euskarazko kultura eskubide bat bada, instituzioek lagundu eta bermatu egin beharko dute. Baina ardura ez da instituzioena bakarrik, sortzaileena ere bada, eta ikusleena edo gizartearena ere bai. Hiru elementu daude: sortzaileak, instituzioak eta ikusleak. Denen ardura da euskarazko zinema existitzeko baldintzak sortzea. Eta diru publikoa aipatzean ez naiz soilik erakundeek kudeatzen duten diruaz ari; komunitatearen inplikazioa duen edozein finantzaketa eredu ere hor sartzen da. Zinema egitea oso garestia da, eta are gehiago hizkuntza gutxitu batean.

Merkatu pribatuak ez ditu bereziki maite merkatu txikiak eta hizkuntza gutxituak. Horregatik, instituzioek parte hartu behar dute. Ez dut uste denak instituzioen esku egon behar duenik, ekimenak sortzaileengan egon behar baitu. Baina oinarria bermatzeko ardurak kolektiboa izan behar du.

Beste auzi bat ere aipatzen duzue: zerga pizgarriek euskal zinema sustatzen dute, baina arriskuak ere badituzte.

VELTE: Azken urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga pizgarriek —eta azkenaldian baita Nafarroakoek ere— eragin dute ekoiztetxe gehiago kokatzea lurralde horietan. Baina horrek ez du esan nahi bertako zinemagileak hasi direnik enpresak sortzen. Neurri batean, Madrilen edo Espainiako beste hiri batzuetan kokatutako enpresak ere lekualdatu dira, interes ekonomikoengatik. Orduan, galdera hau da: zer ekarpen egiten diote euskal zinemari hemen grabatzeak edo pelikula bat hemen egiteak? Film horietako asko ez dira euskaraz. Lurraldea agertoki edo atzealde gisa erabiltzen dute, eta «euskal pelikula» gisa aurkezten dira. Batzuetan, gainera, kulturalki oso irudikapen bitxiak sortzen dira: euskal paisaia agertzen da, baina pertsonaiek beste leku bateko azentuarekin hitz egiten dute, eta euskarak ez du ia protagonismorik. Hemen produkzio zinematografikoa sustatzeak baditu ondorio positiboak, bertako teknikariei lana ematen baitie. Baina beste galdera bat da ea hori euskal zinema ote den.

MARTINEZ: Eta enpresa guztiek ez dute zerga pizgarriak aprobetxatzeko gaitasun bera. Zenbat eta enpresa handiagoa izan, orduan eta errazagoa izan daiteke pizgarri horiek baliatzea. Horrek desoreka sor dezake. Ez dugu ahaztu behar pizgarriak ere diru publikoa direla. Beraz, pentsatu behar dugu zer motatako proiektuak lagundu nahi ditugun eta zer irizpideren arabera.

VELTE: Guretzat garrantzitsua den ideia bat dago hor: Euskal Herria zinema lurralde bihurtu nahi dugu, baina zer esan nahi du horrek? Hemendik zinema egitea esan nahi du, ala pelikuletan Euskal Herria atzealde gisa agertzea?

Sexu arrakalari dagokionez, aurrekontu handiko filmen zuzendarien %93 gizonezkoak direla diozue. Zer dago datu horren atzean?

VELTE: Ariketa bat proposatuko nioke irakurleari: pentsa ditzala emakumezko hiru euskal zuzendariren izenak. Zenbat denbora behar dugu hiru izen horiek aurkitzeko? Egiturazko arazo bat dago. Ikusgaitasunarekin lotuta dago, finantzaketa bideetara iristeko aukerarekin, legitimotasunarekin eta kanpotik aitortzen den eta nork bere buruari aitortzen dion zilegitasunarekin.

Arrakala oso handia da. Gainera, emakumeek askoz gehiago jotzen dute dokumentala egitera fikzioa egitera baino. Dokumentalak, oro har, merkeagoak dira, eta finantzaketa txikiagoa behar dute. Baina horrek badu beste irakurketa bat ere: fikzioa, batez ere fikzio luzea, botere handiagoa eta baliabide gehiago mugitzen dituen eremua da. Ekosistema kulturaleko gunerik indartsuenak, diru gehien mugitzen dutenak eta legitimotasun handiena ematen dutenak fikziozko film luzeak dira. Eta hor sartzera ausartzen direnak, oro har, gizonezkoak dira. Hor badago sozializazio kontu bat: dirua bildu behar duzu, sinesgarri agertu, zure proiektuan konfiantza sortu, eta hor genero badago genero aldagai bat.

«Ekosistema kulturaleko gunerik indartsuenak, diru gehien mugitzen dutenak eta legitimotasun handiena ematen dutenak fikziozko film luzeak dira. Eta hor sartzera ausartzen direnak, oro har, gizonezkoak dira»

SAMARA VELTE
Baina emakumeen presentzia handitu egin da azken hogei urteetan.

MARTINEZ: Bai, eta hori ere azpimarratu behar da. 2005ean eta 2006an emakumezko sortzaileen presentzia oso txikia zen. Gaur egun, egoera ez da hori, eta proportzioak asko handitu dira. Beraz, azken hogei urteetan jauzi handia izan da emakumeen presentzian, bai egiletzan, bai agerpenean. Baina jauzi hori egon arren, arrakala oso handia da oraindik.

VELTE: Bai, eta ez diogu soilik zuzendaritzari begiratu behar. Ekoizle emakumeen kasua ere oso interesgarria da. Azken finean, ekoizleek mugitzen dute dirua, antolatzen dituzte proiektuak eta hartzen dituzte erabaki asko. Eta hor oso emakume gutxi daude. Asko sartu dira ekoiztetxeetan, baina askotan gizonezko bikotekide edo kide batekin batera. Oso kasu gutxitan hartzen du emakume batek ekoizpenaren ardura nagusia.

Herri zinemari ere leku berezia egin diozue liburuan. Zer erakusten dute aztertu dituzuen esperientziek?

VELTE: Herri ekimena euskal kulturaren historiaren zutabeetako bat da. Gure gabezia eta ezintasunetatik sortutako indargune bat dela esango nuke. Herri ekimenik gabe ezin dira ulertu gaur egun euskaraz dauzkagun kultur eta komunikazio egitura asko. Zergatik egiten ditugu gauzak denon artean? Urte askoan ez digutelako lagundu ez diru publikoak, hau da, instituzioek, ezta diru pribatuak ere, merkatuak alegia. Hemen beti egon da beste hanka bat: komunitatearen parte hartzea. Horregatik, herri honetan publikotasunaren beste kontzepzio bat ere badaukagu. Hori oso baliotsua da, eta ez genioke uko egin behar.

«Euskarazko zinema nahi badugu, kontsumitu egin behar dugu; sortzaileek ere horren alde egin behar dute, eta instituzioek, berriz, baldintzak bermatu»

JOSU MARTINEZ

MARTINEZ: Zinema arte industrialtzat hartu izan da, oso garestia da eta. Errentagarria izateko, ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar duzu, sarrerak saldu eta abar. Musikan, esaterako, errazagoa da zirkuitu alternatiboak sortzea. Etxean kanta bat egin eta Interneten jar dezakezu; kontzertuak ere antola ditzakezu herriz herri. Zineman askoz zailagoa da pelikula bat egin eta zirkuitu txiki batean erakutsiz horrekin bizitzea. Hala ere, Euskal Herrian herri ekimenak parte hartze handia izan du pelikula askoren sorreran, eta baita hedapenean ere. Eta pelikula horietako batzuek gero zirkuitu konbentzionaletan sartzea lortu dute: zinema komertzialetan proiektatu dira, sarituak izan dira edo instituzioen babesa jaso dute. Horrek erakusten du ez direla bi mundu guztiz bereizi. 

Zer etorkizun ikusten diozue euskal zinemari?

MARTINEZ: Ez nuke etorkizunaz esaldi bakarrean hitz egingo. Liburuaren helburua, hain zuzen ere, egoeraren argazki bat egitea izan da. Baina argi dago euskal zinemak ez duela soilik industria gisa pentsatu behar. Herri ekimenak ere aktibatuta egon beharko du, ez bakarrik filmak egiteko, baita ikus-entzuleak sortzeko ere. Euskal sistema propio bat badugu, gizarte ekimenak ere parte hartu beharko du sistema horretan. Eta hori ez da soilik sortzaileen edo instituzioen ardura, ikusleena ere bada. Euskarazko zinema nahi badugu, kontsumitu egin behar dugu; sortzaileek ere horren aldeko apustua egin behar dute, eta instituzioek, berriz, baldintzak bermatu.

VELTE: Azken finean, hogei urte hauetako datuek erakusten dute badagoela euskarazko zinema egiteko gaitasuna. Baina gaitasun hori egituratzeko moduak dira orain erronka. Produkzioa badago, sortzaileak badaude, herri ekimena ere badago. Orain galdera da nola lotuko ditugun elementu horiek guztiak euskal zinema ez dadin garai jakinetako loraldien edo kanpoko interes ekonomikoen menpe egon.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA