Hil egin da zerri transgeniko baten bihotza jaso zuen gizona

  • 232 hitz
  • Albistea entzun

Bi hilabetez iraun du bizirik, baina duela egun batzuk okerrera egiten hasi zen haren osasuna. Ebakuntza honekin, lehen aldiz, arrakastaz lortu zuten gizaki bati genetikoki eraldaturiko txerri baten bihotza txertatzea.

Martxoaren 8an hil zen David Bennett, munduan zerri transgeniko baten bihotzaren txertoa jaso zuen lehenbiziko pertsona. 57 urte zituen, eta bi hilabetez eutsi dio bizitzari, animaliaren organoaren laguntzarekin. Ebakuntza iraultzailea egin zuten AEBetako Marylandeko Unibertsitateko doktoreek esan dutenez, baina duela pare bat egun haren osasuna okertzen hasi zen.

Haren bizia arriskuan zegoen jada, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Bestelako prozedurak probatuta zeuzkan; gaixoegi zegoen gizaki baten bihotza hartzeko, eta bizitzen jarraitzeko itxaropenik ez zuen. Horregatik onartu zuen ebakuntza esperimentalarekin arriskatzea. Zortzi ordu iraun zuen prozedurak. Urtarrilaren 7an izan zen ebakuntza.

Zirujauen arabera, bihotzak ondo funtzionatu du: pultsua sortu du, eta odol presioa. Bihotz «normala» ematen zuela adierazi zuten orduan. Edonola ere, ohartarazi zuten aurrera nola egiten zuen zaindu behar zela, halakorik ez baitzen egin aurrez.

Orain arte, bakarrik beste gizaki batetik erauzicloseAteratako organoekin egin zitezkeen halako txertaketak, eta ez beti arrakastaz, organoa hartzen duenaren immunitate sistemak askotan arbuiatu closeEz onartuegiten baitu organo arrotza.

Mugarria al da?

«Bai, jakina». Argi eta garbi erantzun du Rafael Mañez Mendiluze medikuak. Xenotransplanteei buruzko ikerketak egin zituen hogei urtez, bai AEBetan, bai Galizian. Xenotransplante deitzen zaio espezieen arteko organoak, ehunak edo zelulak transplantatzeari (xenos-ek arrotz edo atzerritar esan nahi du grekoz).

David Bennettek txerri bihotzarekin jarraitzen zuen egun bakoitzean informazio pila bat jasotzen zuten, bai haren immunitate sistemaren erantzunaz, bai bihotzaren funtzionamenduaz. «Funtsean, esperimentu bat da, oso baliagarria etorkizunean berriro egin ahal izateko».

Normalean, primateekin egiten dituzte halako esperimentuak —gizakiak ez diren primateekin: babuinoekin, adibidez—. Primateei transplantatzen dizkiete txerrien organoak. Primateak eta gizakiak antzekoak dira, baina ez berdinak. Aldea dago espezie batetik bestera. Immunitate sistema ezberdina da, eta primateei txerri organoen transplanteak egiten dizkietenean, jakina, organo horiek primateen immunitate sistemara egokitzen dituzte.

'Xenotransplante' deitzen zaio espezieen arteko organoak, ehunak edo zelulak transplantatzeari.
Salbuespena da?

David Bennetten kasua hil edo bizikoa zen. Bihotzeko gaitz larri bat zuen, baina ezin zioten bihotz mekaniko bat jarri, arritmia bat zuelako. Eta ezin zuen giza bihotz bat hartu, aurretik ez zuelako bete medikuek agindutako tratamendua: ez zituen zaindu odol presio handia eta beste osasun arazo batzuk.

Horregatik, ez zeukan giza bihotz bat hartzeko aukerarik. «Giza organo bat oso gauza baliotsua da», esan dio Muhammad Mohiuddin-ek, transplantea egin duten Marylandeko Unibertsitateko ikerketa taldearen zuzendariak, Science aldizkariari. «Kezka nagusia zen bihotz bat ematea agian zainduko ez zuen norbaiti».

Bide hori zabaldu behar da?

Emaitza eta informazio aldetik, azkarragoa eta eraginkorragoa litzateke esperimentuak gizakiekin egitea, baina arriskua handiagoa da, eta muga etikoak daude. 

Mañezek uste du garaia iritsi dela saiatzeko. Bennetten transplantearen arrakastak atea zabaldu dezake gizakietan txerri organoen entsegu klinikoak egiteko. Araututa, jakina.

Konponbidea da?

Ez dakite. Salbuespen egoera batean egindako transplantea da. Ebakuntza egin eta berehala behintzat, transplanteen errefus hiperakutua closeHartzailearengan organo transplantatua erabat suntsitzea. saihestu zuten. Baina ez zekiten txerri bihotzak zenbat denbora iraungo zuen bizirik, Bennetten immunitate sistema bihotza errefusatzen hasiko ote zen... 

Ez da ahaztu behar kostua, prezioa ere: babuinoetan egindako transplante bakoitzak 500.000 dolar inguruko kostua du (440.000 euro). Garesti, beraz, oraingoz halako transplanteak eta entsegu klinikoak orokortzeko. Txerrien transplanteena ere negozioa baita, eta Revivicor txerrien —txerri organoen— ekoizlea, enpresa bat.

Txerriaren bihotza gizakiaren berdina da?

Berdina ez, antzekoa bai. Transplantearen erronketako bat, errefusa saihesteaz gain, «txerriaren bihotzaren fisiologia giza gorputzera egokitzea da», Mañezen iritziz, «bihotzaren funtzioak denbora luzean iraun ahal izateko».

Zer egin dute errefusa saihesteko?

Txerriaren bihotza genetikoki eraldatu dute, gizakiaren immunitate sistemari ez erasotzeko. Beste era batera esanda, txerriaren bihotza gizatiartu dute. Hamar aldaketa genetiko egin dizkiote. Horretarako, oso lagungarria izan da edizio genetikorako CRISPRCas9 teknikaren garapena.

Batetik, giza immunitate sistemaren erasoa eragiten duten hiru gene kendu dizkiote, besteak beste txerrietan azukrea sintetizatzen duten geneak ezabatzeko (gal genea); bestetik, sei giza gene gehitu dizkiote, giza gorputzari organo arrotza onartzen laguntzeko; eta, azkenik, beste aldaketa genetiko bat egin dute, txerriaren bihotza giza gorputzean ez hazteko eta gizakien neurrikoa izaten jarraitzeko, hazkunde hormonaren eraginik gabe. Oraingoz, funtzionatu dute aldaketa genetiko horiek guztiek, baina ikertzeko asko dago giza gorputzaren errefusa saihesteko txerri organoen aldaketa genetikoei buruz.

Bennetten defentsak ahuldu egin zituzten, immunodeprimitu. Espezieen arteko transplantea izanda, immunodepresioa handiagoa izan da.

Transplanteetan egin ohi den moduan —baita giza organoenetan ere—, Bennetten defentsak ahuldu egin zituzten, immunodeprimitu. Espezieen arteko transplantea izanda, immunodepresioa handiagoa izan da. Botika berri bat probatu dute horretarako.

Nola prestatu dute bihotza?

Txerriari bihotza kendu, eta likido berezi batean gorde zuten; bestela, babuinoetan ikusi dutenez, huts egiten baitu. Suediako Xvivo enpresak saltzen du likidoa. Ura, hormonak —adrenalina eta kortisola— eta kokaina ditu. Kokaina? Bai, kokaina. Horrek zaildu egiten du likidoa inportatzea. Baimen bereziak behar izaten dituzte.

Nork sortu du txerriaren bihotza?

AEBetako Revivicor enpresak (United Therapeutics) sortu du transplanterako txerri transgenikoa. Alabamako etxalde batean hazten ditu txerriak. Etxalde handiagoa eraikitzen ari dira Virginian, txerrien organo gehiago sortzeko.

'Etxalde' handiagoa eraikitzen ari dira Virginian, txerrien organo gehiago sortzeko.

Revivicor PPL Therapeutics enpresatik sortu zen. PPL Therapeutics ezaguna da, Dolly ardia sortu zuelako, klonatutako lehen ugaztuna, duela mende laurden bat.

Aurretik egin al da antzekorik?

Bai. Iazko irailean, esaterako, txerri baten giltzurruna jarri zioten garun heriotza zuen pertsona bati, hanka batean, esperimentu gisa. Giltzurruna berehala hasi zen lanean. Xenotransplanteak aspaldikoak dira: Cristiaan Barnard zirujauak 1967an lehen giza bihotz-transplantea egin aurretik, 1964an txinpantze baten bihotza jarri zioten oso larri zegoen gizon bati, AEBetan. Ordu eta erdi egin zuen bizirik.

Mohiuddinek eta haren taldeak hainbat esperimentu egin dituzte babuinoetan: txerri bihotzak jarri zituzten hainbat babuinoren sabelaldean, eta bi urtez osasuntsu irautea lortu zuten; txerri bihotza transplantatutako babuino batek bederatzi hilabete iraun zuen bizirik.

Ez al ziren konponbidea xenotransplanteak?

Komunikabideek zientziako eta medikuntzako zenbait lorpen hauspotu ohi dituzte, eta egungo arazoen etorkizuneko konponbidea direla esan. Halako zerbait gertatu da xenotransplanteekin. Bazirudien txerrien organoekin konponduko zela transplanteak egiteko organoen gabezia. Errealitatea, ordea, zailagoa eta korapilatsuagoa da. Hamarkadak behar izan dira txerri baten organo bat transplantatzeko pertsona batek bizirik iraun ahal izan dezan. «Xenotransplanteen garairik onenean gaude», Mañezen arabera.

Jatorrizko artikuluak