Albistea entzun

Zientzia

Zerri transgeniko baten bihotza txertatu diote gizon bati

Halako lehenengo ebakuntza arrakastatsua da, eta bidea ireki dezake organo baten zain dauden milaka pertsona salbatzeko.

Txertaketa egin duen taldeko buru Muhammad M. Mohiuddin (erdian), taldekide batek zerri transgenikoaren bihotzari eusten diola, joan zen ostiraleko ebakuntzan.
Txertaketa egin duen taldeko buru Muhammad M. Mohiuddin (erdian), taldekide batek zerri transgenikoaren bihotzari eusten diola, joan zen ostiraleko ebakuntzan. University of Maryland School of Medicine / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko urtarrilak 11

AEBetako Marylandeko Unibertsitatean egin dute historiarako urratsa. Lehen aldiz, arrakastaz lortu dute gizaki bati genetikoki eraldaturiko zerri baten bihotza txertatzea. Joan zen ostiralean egin zuten ebakuntza, eta oraingoz, pazientea ongi dago.

The New York Times egunkariak eman du ebakuntzaren berri. Horren arabera, gaixoak 57 urte ditu, eta David Bennet du izena. Haren bizia arriskuan zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Bestelako prozedurak agortuta zituen, gaixoegi zegoen gizaki baten bihotza jasotzeko, eta bizitzen jarraitzeko itxaropenik ez zuen. Horregatik onartu zuen ebakuntza esperimentalarekin arriskatzea.

Zortzi ordu iraun zuen prozedurak.

Zerriaren bihotza jaso duen David Bennet, ebakuntzaren aurretik. University of Maryland School of Medicine / EFE

Zirujauen arabera, bihotza ondo funtzionatzen ari da: pultsua sortzen du, eta odol presioa. Bihotz «normala»
ematen duela adierazi dute. Edonola ere, ikusi behar da nola egiten duen aurrera datozen egunetan, halakorik ez delako orain arte inoiz egin.

Saioak arrakasta badu, itxaropena emango die mundu osoan organo baten zain dauden milaka gaixoei. Izan ere, horien falta da halako ebakuntzak egiteko arazo nagusia. Orain arte, bakarrik beste gizaki batetik erauzitako organoekin egin zitezkeen halako txertaketak, eta ez beti arrakastaz, organoa jasotzen duenaren immunitate sistemak askotan organo arrotza arbuiatu egiten baitu Zerrien organo askok gizakien baliokideen antz handia dute, eta, beraz, organo iturri ia mugagabe bihur daitezke. Baina, horretarako, arbuioaren arazoa gainditu behar da.

Azken hamarkadan asko garatu dira geneak editatzeko teknikak. Horien helburuetako bat izan da zerrien bihotzak genetikoki eraldatzea, gizakien immunitate sistemaren arbuioa eragozteko. Hamar mutazio genetiko zituen zerriak. Gizakiengan arbuioa eragiten duen molekula bat kodetzen duen gene bat indargabetu zioten, besteak beste.

Duela hilabete batzuk zerri transgeniko baten giltzurruna arrakastaz txertatu zioten gizaki bati, baina ezin da orain jakinarazi duten operazioarekin parekatu, kasu hartan bestelakoa baitzen organoa jaso zuen gizakiaren egoera: garun heriotza.

Adituek nabarmendu dute ebakuntza mugarria izan arren, oraindik ezingo dela arrunt bihurtu, arbuioaren afera oraindik ez delako erabat gainditu. Terapiak heltzeko denbora asko beharko duela ohartarazi dute.

Izan ere, Bennet bihotz eta birika lanak egiten dizkion makina bati lotuta dago oraindik, halako kasuetan ohikoa den bezala. Baina hori gaur bertan ken diezaioketela adierazi dute. Arbuioren zantzurik ez da agertu lehenengo egunotan. Aurreko 48 orduak erabakigarriak izaten dira halako ebakuntzetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Tradizioak bezala, dantza maisuaren figura moldagarria da»

Ane Insausti Barandiaran

Xabier Sarriegi 'Pasatxo' dantza maisuari eginiko «omenaldi bat» da dokumentala. Besteak beste, lanbide hori zer zen kontatu dute.
 ©BERRIA

«Ingelesak lekua behar du, baina ez da gure hizkuntza»

Iker Tubia

Hezkuntza eleaniztunari «zukua atera» behar zaiola uste du Zenozek, eleaniztasuna «oso garrantzitsutzat» baitu. Hizkuntzak ikastearen alde mintzatu da, eta hori modu koordinatuan eta baliabide egokiekin egiteko beharraz. Ikerbasquek aitortza egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...