Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Aroa Arrizubieta Barredo

2019-04-14

Azken egun den heinean
ekar daigun burura:
Gareresen hasi genuen
korrika abentura.
Baina Gasteiz bukaera
den egina dut duda
herria euskalduntzea
baldin bazen helmuga
hurbiltzen gindoazela
ez al da urrundu ba?
pausuz pausu jarraitzeko
momentua heldu da

Beraz, zuen erritmora
jarraitu lasterketa:
argi edukiz non jarri
behar dugun arreta
lanean, baina amaitu
gabe haserre, erreta
erderaz bizi beharra
nahiz sentitu tarteka
jarrai daigun ilusioz
ta esperantzaz beteta
guk zenbat indar daukagun
erakutsi da eta

Halere dena ez da poz
dena zorion egun
lekukoaren mezua
iritsi baitzait leun
euskara nahiz eta berez
guztion zerbait dugun
erakundeak itxuran
soilik direla lagun
beraz, ospatu, gozatu,
borrokatu, euskaldun!
baina ze bandotan gauden
argi izan dezagun

Kristina Mardaras Sedrun

2019-04-13

Doinua: Hemen zizurkildar bat


Garestik Gasteizera
Oiztik Anbotora
Korrika Ongi Etorri
Hemen zaiten lora.
Beti hartzen zaitugu
Guk horren gustora
Jende asko zure zain
Gaur be egongo da
Euskarak euskuz-esku
E(g)in dagian gora.

Arrese-Beitiaren
Hitz hauek ikasi:
«Euskaldun jaio nintzan
Euskalduna hazi
Euskara hutsik amak
Eustan irakatsi
Euskara maite maite
Zabiltz neugaz beti
Euskara hil ezkero
Ez dut gura bizi.»

Zuk be gugaz batera
Euskaldunbarria
Ze ardura du zein den
Zure jatorria
Euskarak egin dezan
gerora irria
elkarrekin daiogun
Ongi etorria;
Denok osotzen dugu
Euskaran herria

Otxandio, Mañari,
Izurtza, Iurreta
Durangerrian jarri
Dagigun arreta
Euskara indartzeko
Emaiogun buelta
Ekin izkilimiñai,
Egin berriketa
Erabiliz bakarrik
Biziko da eta.

Oihana Iguaran Barandiaran

2019-04-12

'Lekitxo'n, Markinan zita:
arin-aringa hasita,
arin-aringe hazita,
anttittike 'Axkotti'n ta
Ondarrun zehar da aringeingan,
Elgoibarren antxitxika;
Mutriku, Zumai, Getariarrak
saltaka datoz apika,
arineketan, galopan, patan...
sinonimoak orrika;
bakoitza gure hitz-zidorretik
bide berean Korrika

Matia kalean txispa,
horma-irudian begizta;
batuon idealista.
Begiz egin digu klixka!
Hizkuntza batu bat izan zedin
lur batu batentzat pista
"euskara d(el)a gure aberri"
irakurtzen da erdizka;
guk arnas-estuz gehitu diogu
mapa horri beste pixka
gaur pauso eta hitz bakoitzean
herri hau josten gabiltz ta

Oriaren bi aldetan,
Azkarateko maldetan,
edo Kontxako ordekan,
zein bidezidor gordetan...
berezitasun oro sartzen da
Korrikaren koloretan
ta ortzadarrak jarraitu dezan
Lezon eta Oreretan,
badoa, eta zer utzi digu?
grina, izerdi oldetan,
barrurantz doan itsasgora bat
eta txilarra loretan.

Onintza Enbeita Maguregi

2019-04-11

Doinua: Gizona da zoroa

Ustez berria eta
euskaldun zaharra,
gaur urte bete heldu
zen arabiarra,
diasporan dabilen
baten irribarra:
motibazio asko
ta mezu bakarra.

Arratiko tranbian
iritsi zirenak,
errekaren lan deia
aditu zutenak.
Bilbo zeharkatu du
Korrikaren trenak,
euskaraz daki gure
hiri hirienak.

Diruaren sorleku
ta epizentroa,
BEC, Kutxabank, Guggenheim,
San Mames, Metroa.
Euskarari sortzeko
hiri balekoa
ez dezatela inoiz
erantzi petoa.

Korrikak biltzen gaitu
gero ta gehiago
ta helmuga ez dago lehen
baino hurbilago.
Korrika ez dadin izan
spring, bat, ta akabo!
Bidea egunero
egin beharra dago.

Oihana Bartra Arenas

2019-04-10

Arrigorriaga eta Basauri
Etxebarrik pasa Larrabetzuri
Derio, Sondika, Leioa, Laukiz
Urduliz, Plentzia, Sopela, Gorliz
Atzean utzi
Portugalete eta Santurtzi
Aurrera goaz ta ez da gutxi

Aurrera goaz baina norantza?
Nondik abiatzen gara harantza?
Ibilbide ta helmuga argi
Mapan bueltaka, buelta mapari
Gaurko egunean
Ta bihar jarriko dugunean
Mendebaldea erdigunean

Ta zer geratzen da azkenean
Furgoneta aurrera joaten denean?
Petorik ez daukaten petoak
Ikasle karrera luzekoak
Izerdi pila
Desgastatutako zapatila
Konpromiso bat lekuko bila

Oihane Perea Perez de Mendiola

2019-04-09

Zer izango zen ezerezetik
Abiatu ginenean
Mendialdea Errioxa ta
Trebiñuko bazterrean?
Lotsagabe ta ausart zirenak
Erdaldun hastapenean
Zuloa eginez patrikan eta
Izerdia azalean
Zenbat istorio txoro joan den
Lekukoaren barnean
Hego haizea izan daiteke
Honen errudun gurean
Metro askoko kilometroak
Eduki arren bidean
Barraskiloak hegan dabiltza
Korrika datorrenean

Sakanan haize biziak hauspo
Eman dio Lautadari
AHTrik gabe korrika
Gure hankak dira ari
Aritz-pagoak biluzik baina
Elorriak ameslari
Ezti, odolki, boilur, patata,
Mahats, oliba ta gari
Nafar ertzetik Errioxara
Harkaitz artean kantari
Urizaharretik sistole eta
Diastoleak opari
Trebiñon agur egin ondoren
Irribartsu egunari
Ea odola iristen zaion
Arabako bihotzari!

Estitxu Arozena Albizu

2019-04-08

Doinua: Iruñeko Ferietan

Euskararen itsasoa
hartzeko prest bidasoa
ikur baten inguruko
eskuinaren erasoa
gurea da arazoa
eman lehenengo pausoa.

Hendaia Irun Lesaka,
3 probintzi hegaka,
berriz ere Lapurdirantz
Lizaietako aldapa
lotuz etapaz etapa
gure hizkuntzaren mapa.

Sara Azkaineko zubi,
senpere ta Urdazubi
astelehena argitu da
lekukoa ze urduri
emozioen irudi
arnas berria dirudi.

Baztandar eta joaldun
Leitzara bidean lagun
Larraunetik Sakanara
ahantzi gabe Irurtzun
Aupa Nafarroa euskaldun
korrika segi dezagun

Miren Artetxe Sarasola

2019-04-07

Behin abian jarrita
emozio-gurpila,
garrasiak, musika,
poza ta iskanbila...
Bat dira burmuin, eztarri,
bihotz ta orkatila,
ta ze eder bularreko
eztandatxo isila;
kontraesanik gabeko
sentimentu nahaspila:
euskaldun izatearen
harrotasun umila.

Besteen monopolio
ez da zapalkuntzena.
O, euskaldun zaharren
nagusi sentipena,
zein bertan sortutakoen
oinordekotzarena...
Korrika goazen artean
lur hauetan barrena,
badugu gure baitan
zer landu, zer ordena,
justizia soziala bada
elkartzen gaituena.

Saioa Alkaiza Guallar

2019-04-06

Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska


Nekazaria, neo-hipsterra,
runner guayena, senez alferra,
aditz trinkoen militantea,
K-rekin duena gerra,
euskaltegiko marjinatua,
gela barneko liderra,
harri gaineko muskerra,
ta 1.120 taldetan
banatutako ezkerra.

Langabetua, kale-mimoa,
100 urteko andre irmoa,
behelainoak ere ilundu
ezin du(e)n optimismoa,
transak, bollerak, marikak eta
guztien algoritmoa,
pertsona anonimoa...
Denak, korrika, euskaraz josten
herri honen erritmoa.

Zoratutako jende erreka,
izerdi putzu den kamiseta,
buruak ezin ulertu duen
gorputzaren hausnarketa,
zipatutako kulero buelta,
'ttipi-ttapa' leherketa,
amets baten silueta...
Euskal Herria deitu ohi dugun
utopiaren maketa.

Alaia Martin Etxebeste

2019-04-05

Doinua: Izarren hautsa

Lodosan atzo gauean ez zen
piper gorririk keztatzen
eta Milagron gerezirik ez
baina halere festa zen
Cadreitan jendea atera zen
lurra zuritu zen Arguedasen
gau beltza koloreztatzen
hizkuntza baten hazkuntzagatik
ekintza bidez kezkatzen
mende arteko korrikaldia
ez eteteko eskatzen
Menpeko baina era librean
segi baitugu gure bidean
Lurra izerdiz freskatzen
Ta asfaltoa ureztatzen

Sekula ikusi ote duzue
mingain luze bat korrika?
Urrutirako bidean eta
urrutitik etorrita
Tuteran Faltzesen Erriberrin
Tafallan Lergan ta Irunberrin
Historia idazten orrika
Nork berridatzi dezake hileta
idatzi baten kronika?
Ta lekukoa nola sentitu
lekuko joan-etorrika?
Horitik berdera Nabaskotzen
Ilberri gauean Eskarozen
Sakatzen dugu herrika
Geure eztarriko klika

Hegoa hari gisa hartuta
ta iparra iparrorratz
lur lehorretan josturak utzi
ditugu bistan, kanporantz
Atzean utzi ahala Erribera
Herri ezberdinak ta herri bera
hurbildu ahala pausorantz...
Elkarri keinu egin diogu
galdetuz bezala, norantz?
Bidea iragan arren bihurtu
dugu gerorako lorratz
Segi dezagun tokirik toki
Fisikoki zein sinbolikoki
Errepide lauan gorantz
Nafarrotik Nafarrorantz