Maratila

Normaltasuna

santi leone
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean, eguna Donostian barna pasieran eman ondoren, Fnacen sartu ginen. DVDen apalategietan, balizko bezeroa gidatzeko asmoz, honako sailkapen hau: «Cine español / zinema nazionala». Sintagma sinpleenetan ere, nonbait, posible da itzulpen librea, eta hemen esaldiaren euskaratzaileak bere baratzeko porruekin maneatu du euskal bertsioa. Kontrakoak ez nindukeen hainbertze harrituko. Erran nahi baita, itzultzaileak erdarazko esaldiaren balizko gehiegikeria kimatu eta euskaran modu neutroago batean eman izan balu («Cine nacional / zinema espainola»), ez zidan atentziorik emanen, baina deigarria egin zitzaidan jatorrizkoan ez zegoena eransteko grina hura. Karteltxoa, eroslea oharkabean laguntzeko funtzioa utzita, gogoetagai bihurtu zitzaidan. Normala den bezala, erosi ere erosi nuen zer edo zer; hiru liburu ingelesez, hain zuzen ere (Amis, Capote, Carver). «Hizkuntzak» sailean harrapatu nituen, frantsesezko eta euskarazko liburuen artean.

Aurten zuzendari katalan batek irabazi ditu Goya sari gehienak. Irabazi. Zeren eman, espainol bati eman dizkiote sari horiek. Antzeko zerbait gertatzen da Sari Nazionalarekin. Eman, espainol bati ematen zaio beti (emanen al liokete Antton Lukuri edo Itxaro Bordari?), nahiz eta euskaldun edo katalan batek jaso. Gehienetan, sarituak gustura onartzen du omenaldi hori. Normala den bezala.

Sari-emaile zein kartel-egileek, alta, eginahal txiki bat egiten ahalko lukete bertzelako normaltasuna eraikitzeko. Konparaziorako, batzuk hain anormal bihurtzen ez gaituen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.