Telelana

Enpresek euren gain hartu beharko dute telelanaren kostu osoa

Lege aurreproiektuaren arabera, etxetik ari den langileak «ordutegi malgua» izateko eskubidea du, eta bere beharretara egokitu dezake.

Emakume bat etxetik lanean. ENRIC FONCUBERTA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko ekainaren 26a
11:44
Entzun

Langileak telelanean dituzten enpresek «bere osoan» ordaindu beharko dituzte jarduna lantokitik kanpo eragiten dituen kostu guztiak. Horiek hala, enplegatuak ez du bere poltsikotik ordaindu beharko, ez zuzenean ezta zeharka ere, «lanerako beharrezko diren lanabes, erreminta edo baliabiderik».

Efe albiste agentziak Espainiako Gobernuak telelana arautzeko eginiko aurreproiektua jaso du, eta zehaztapen hori 12. artikuluan ageri da, «gastuen konpentsazio osorako eskubidea» izenburupean. Arauak, dena den, ez du zehazten nola edo zeren arabera kalkulatu eta ordaindu behar diren gastu horiek, eta lan hitzarmenean zehazteko eskatzen du, edota enpresaren eta langileen arteko akordio baten bitartez.

13. artikuluan, esaterako, ordutegiak nola arautu behar diren azaltzen du, «malguak» izan behar dutela zehaztuz. Langileak ordutegia bere beharretara egokitu ahal izango du, eta enpresak deskonexio digitala delakoa bermatu beharko du. Alegia, ezin duela langilea behartu une oro jardunari adi egotera: “Deskonexio digitala bermatzeko obligazioak komunikazio bide teknologikoak mugatu behar izatea dakar. Atseden orduak errespetatu beharko dira, baita lan jardunaldiaren legezko iraupena ere».

Lege aurreproiektuaren arabera, telelanak «borondatezkoa» behar du izan langilearentzat, eta nahi duenean utz dezake. Era berean, idatzizko akordio baten bitartez arautu beharko da kontratua sinatzean. Telelan postuak banatzea «lehentasuna» duten kasu batzuk ezartzen ditu: 12 urtez azpikoak zaintzeko lanaldia murriztua duten langileak, edoskitzerako behar dutenak, eta indarkeria matxistaren edota terrorismoaren biktimak. Kontziliazio arauak lan hitzarmenean zehaztu behar dira.

Aldi baterako edo txandakako telelan eskubidea ere agertzen da aurreproiektuan. Familiako gertuko kide batentzat langilea bere alboan egotea «ezinbestekoa» denean eska daiteke. Kasu horretan, langileak orduen %60 etxetik betetzeko eskubidea du, «teknikoki egingarria» bada, eta egoerak irauten duen bitartean.

Enpresariek «zuhurtzia» eskatu dute

Espainiako enpresarien elkarteak «zuhurtzia» eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta telelana kontrolatzeko arauak «bizkorregi» ezarri nahi izatea leporatu dio. Antonio Garamendi elkarteko presidentearen hitzetan, baldintzak gogortzeak deslokalizazioa eragin dezake: «Norbait kontratatu behar baldin badut, eta ezinezko baldintzak ezartzen badizkidate, edota ezin badut nire lantaldea kudeatu, bihar bertan Portugalen kontratatu dezaket norbait... Mundua globala da, eta digitalizazioa ere bai. Kontu handiz planteatu behar da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
<