Ekonomia

Espainiako merkatuaren "hobekuntzak" Gipuzkoako enpresarien konfiantza sendotu du

Adegi Gipuzkoako patronalak nabarmendu du enpresarien konfiantza hobetu dela: enpesarien %75ek uste dute atzeraldia atzean geratu dela. Baina gaineratu du ez dela urte erraza izango. 

Adegiren agerraldia, gaur, Donostian. J. C. RUIZ, ARP
Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 28a
13:14
Entzun

Badirudi hondoa jo dugula. Badirudi berreskurapen geldo, zail eta ahul baten hasieran gaudela, oraindik gorabeherak izan baditzake ere. Izan ere, gure esku ez dauden ziurgabetasunak daude oraindik. Baina, egia esan, enpresariok urte hasieran baino konfiantza sendoagoa daukagu orain". Pello Gibelalde Adegiko presidenteak egin du Gipuzkoako enpresen egoeraren diagnostikoa. Bideoa: Adegiren agerraldia.

[youtube]http://youtu.be/JYiHwdGnLLA[/youtube]

Baikortasun neurtu horren atzean, arrazoi nagusi bat ikusten du Gipuzkoako patronalak: Espainiako merkatua berreskuratzen hasi dela. Bigarren hiruhilekoa "ez da oso ona izan ez eurogunean ez nazioarteko merkatuan", Gibelalderen esanetan, baina euskal enpresentzako albiste on bat nabarmendu du: Espainian egindako salmentak %3,8 hazi dira aurtengo bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. "Kontuan izan behar dugu gipuzkoarron merkatu naturala lehenengo Euskadi izan dela, eta gero estatuaren gainontzekoa", azaldu du patronaleko buruak. EAEko enpresek historikoki egin dituzten salmenten %70 Espainiara joan dira, "eta %70 hori apurka-apurka indartzen hastea oso garrantzitsua izango da BPGaren hazkundea sendotzeko".  Aurten Gipuzkoako BPGa %0,8 edo %1 haztea espero du Adegik. 

Enpresarien artean konfiantza hobetu dela eta urte hasiera 2013koa baino hobea izaten ari dela azaldu du Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak. Lau enpresatik hiruk uste dute merkatua dagoeneko ez dagoela atzeraldian eta, hamarretik zortziren arabera, ez da atzeraldian egongo datozen hilabeteetan. Patronalaren datuen arabera, salmenten hazkundea bizkortu egin da eta bost enpresatik lauk fakturazioa mantendu edo hobetzea lortu dute. Eskari zorroak ere dinamismo handiagoa izan du: %4,5 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta enpresen %35ek adierazi dute eskari mailak gora egin duela. "Badirudi tunelaren amaieran argi izpi bat ikusten hasi garela", esan du Gibelaldek.

Beste urte zail bat

Hala ere, ez da ospakizunetarako garaia. Hiru kezka nagusi ditu oraindik patronalak, eta garrantziaren araberako ordenean zerrendatu ditu: Espainiako ekonomiaren ahulezia, laneko kostuak eta soldata igoerak. Enpresarien konfiantza hobetu arren, 2014a ere ez dela urte erraza izango ohartarazi du Aiertzak. "Eurogunearen hobekuntza ez da urte hasieran antzematen ari zen bezain azkarra izango, ezta hain handia ere, eta nahiko segurua da bigarren hiruhilekoan nolabaiteko geldialdia izatea. Kontuan hartu behar da sortzen ari diren merkatuek azken urteotan duten ahultasuna ere". 

Krisiak Gipuzkoan laga duen egoera ere errepasatu du Adegik: "2007 amaieran baino %6,5 txiroagoak gara, industria produkzioa 30 puntu jaitsi da, soldatapeko 35.000 lagun gutxiago daude, eta ia 2.400 enpresak ateak itxi behar izan dituzte". Balantzea izugarria da. 

Aurrera egiteko gako nagusia enpresen lehiakortasuna handitzea dela berretsi du patronalak, eta lehiakortasuna handitzeko oztopoetako bat Gipuzkoako enpresen taimana dela nabarmendu du. Bestetik, joan den urtarrilean aurkeztutako enpresa eredu aldaketak atzera bueltarik ez duela berretsi du Adegik, eta gaineratu du eredu berria "olio orbanaren moduan ari dela zabaltzen eta, zirimiriak bezala, guztiak bustiko dituela". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak