Oro har bi hilean behin honetaz eta hartaz jende ezagun eta euskaldunarekin solasean aritzeko helburuarekin sortu zuten Aho bizarrik gabe zikloa, 2013an, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitza-keta Uztarria Komunikazio Taldeak. Pare bat urtean, behintzat, kalitateko eta prestigioko saioak euskaraz antolatzea Azpeitian, horixe zen asmoa. Hamabi lagun joan ziren Sanagustin kulturgunera, euren gogoetak plazatzera: Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien, Amets Arzallus, Jesus Egiguren, Jon Sarasua, Edurne Brouard, Fermin Muguruza, Ramon Saizarbitoria eta Gaizka Garitano.
Herriko beste horrenbeste lagunek jarritako gaien bueltan aritu ziren solasean, batez beste ehunen bat lagunen aurrean. Hain zuzen, hauek aritu ziren gaiak jartzen: Mikel Aiestaran, Oihana Elduaien, Pako Aristi, Eider Alkorta, Xabier Euzkitze, Estitxu Elduaien, Enekoitz Esnaola, Josu Azpillaga, Alex Silva, Olatz Prat, Ramon Etxezarreta eta Ander Ugarte.
Elkarrizketatuen hausnarketa esanguratsuak orain sareko liburu batean bildu dituzte, saioak ahal den gehiena zabaldu daitezen.
Aho bizarrik gabe zikloaren antolatzaileek beren artean izandako lankidetzaren balioa ere azpimarratu nahi dute. "Bakoitzaren ezaugarriez baliatuz, solasaldien hedapen askotariko eta zabala egin genuen".