Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak «mobilizazio historiko bat» egin nahi du udazkenean. Datarik zehaztu ez duten arren, eskola publikoaren defentsan kaleak betetzeko asmoa iragarri dute gaur Bilbon egindako agerraldian. Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek, sindikatuk eta elkartek osatzen dute topagunea, eta 2019ko abenduan aurkeztu zuten. Aurkezpen egunean hezkuntza sistemaren analisi bat eskaini zuten. Ordutik «erantzunik jaso ez» dutela eta «denak berdin jarraitzen duela» azaldu dute.
Topagunearen diagnosiaren arabera, diru publikoa banatzeko irizpide «bakarra» «kontzertazio unibertsala» da. Plataformaren ustetan, Madrildik kokatzen da hezkuntzaren markoa, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hezkuntza sailak areagotu egiten du marko hori. Horren adibide, Esade eta Save the Children elkarteek apirilean argitaratutako Aniztasuna eta Askatasuna txosteneko datuak eman dituzte. Txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa eskola-segregazioaren zerrendan laugarren postuan dago ELGAko (Ekonomia Lankidera eta Garapeneko Erakundeak) herrialdeen artean. Estatuan ere jatorriaren faktoreagatik segregazio handiena duen erkidegoa da, eta egoera sozioekonomikoagatik egiten duen segregazioan, berriz, laugarrena. «Gaur egungo datuek lotsagarriak izaten jarraitzen dute», ondorioztatu du Topaguneko Maribel Lopez de Luzuriagak.
Eusko Jaurlaritzako datuak ere eman dituzte. Plataformaren arabera, PSEk eta EAJk desberdin jokatu dute eskola publikoekin eta itunpekoekin: «2008-2021 bitarteetan %20 igo da sare pribatuko itunen finantzaketa, eta eskola publikoek, aldiz, murrizketak jasan dituzte: azken bi ikasturtetan eskola publikoetan 160 gela gutxiago daude», zehaztu du Topaguneko kide den Elena Cardenasek. Amurrioko Zabaleko eskola publikoaren auzia ere azpimarratu dute. Izan ere, Amurrioko Lehen Hezkuntzako Zabaleko eta Mendiko ikastetxeak bat egiteko proposamena helarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta horrek Zabaleko eskola desagertzea dakarrela azaldu dute.
Uste dute neurri horien atzean arduragabekeria dagoela: «Agerikoa da Jaurlaritzan dauden alderdiei hezkuntzan gertatzen diren giza eskubideen urraketak ez diela axola», gehitu du Cardenasek. Uste dute ikasleen «baztertze» dinamiken aurrean ez dagoela neurri eraginkorrik, eta neurri eraginkorrak «premiazkoak» direla.
Garaiari erreparatuz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hezkuntza sistema garai erabakigarrian dagoela diote: «Erkidegoko hezkuntza sistema inflexio puntu batean dago. Jaurlaritzak 2024rako aurreikusi du hezkuntzako lege berria, eta lege berriak ez du ezertarako balio dugun sistema duala eta baztertzailea sendotzeko izango bada», adierazi du Cardenasek. Lege berriaren aurrean hainbat aldaketa aldarrikatu dituzte: «Eskola publikoa indartzeko ordua da: azpiegiturak hobetuz, ratioak jaitsiz, baliabide pertsonal eta materialetan inbertituz, murgiltze eredua unibertsalizatuz...».
Atxikimendu kanpaina
Udazkeneko mobilizazio nagusiari begira, atxikimendu kanpaina bat abiatu dute, eta ikastetxe guztiei babesa emateko deia luzatu diete. «Hezkuntza publikoaren alde, pribatizazioari ez! Udazkenean kalera aterako gara» lelopean, kartel mutuak banatu dituzte. Bertan ikastetxeetako izena idatzi, eta babes argazki bat bidaltzera animatu dituzte hezkuntza zentroak.